Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Laboaren arrastotik abiatuta

Dokumentuaren akzioak

Laboaren arrastotik abiatuta

Mikel Laboa Katedra sortu du EHUk, «euskal artea eta folklorea sustatzea eta ikertzea» xede nagusitzat hartuta

Gipuzkoako Aldundiak finantzatuko du, eta Juan Kruz Igerabide izango du zuzendari
Egilea
Juan Luis Zabala
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2013/03/19
Lotura
Berria

«Euskal artea eta folklorea —bereziki musika, dantza eta bertsolaritza— sustatzea eta ikertzea» izango du xede nagusi Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrak, Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak atzo, katedra horren aurkezpenean, adierazi zuenez. Juan Kruz Igerabide idazle eta irakaslea zuzendari duela, —eta Gidor Bilbao ikerlari eta irakaslea haren laguntzaile iraunkor lanetan—, Mikel Laboa arte berritzaile gisa ikertzeko eta hala Euskal Herrian nola nazioartean ezagutarazteko eta, oro har, arteen arloko ikerlanak bultzatzeko asmoz, doktorego bekak eta master amaierako diru laguntzak emango ditu EHUko katedra sortu berriak, jardunaldiak antolatu, argitalpenak plazaratu, sorkuntza bultzatzeko diru laguntzak eman eta Mikel Laboa kantu-sormen lehiaketa antolatzeaz gain. EHUren Donostiako campuseko Carlos Santamaria Zentroan izango du egoitza, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du, 555.000 euroko laguntza batekin.

«Katedrak Laboak kulturan utzitako arrasto ahaztezina hartu nahi du abiapuntu, eta artearen adar ugariak biltzen dituen zuhaitz moduko bat osatu», Igerabidek azaldu duenez. «Lehen urtean, Laboa bera izango da katedraren gai nagusi, eta harekin batera lan egin zutenak inguratzen saiatuko gara, betiere unibertsitate giroak eskatzen duen ikerkuntza ikuspegiarekin. Hortik abiatuta, arte diziplina zenbaiten arteko elkarlana bultzatu nahi dugu, batik bat gutxi ikertuta dauden adarrak bultzatuz».

Aurtengo udazkenean Laboari buruzko jardunaldi batzuk antolatuko ditu Mikel Laboa Katedrak, eta haietako ekarpenak argitalpen monografiko batean plazaratuko ditu 2014an. «Erakusketa bat ere antolatuko dugu, eta saiatuko gara atzerrira eramaten ere», komentatu du Igerabidek. «Ekintza artistiko bat antolatu nahian ere bagabiltza, baina aurrerago emango dugu horren berri zehatzago».

«Hemendik gutxira, arte arloko zenbait aditu elkarlanean jarri nahi ditugu eta ikerketa bideak sortu», gehitu dio horri guztiari Igerabidek. «Unibertsitatean gaudenez, tesiak eta master amaierako lanak bultzatu nahi ditugu, hala Laboaren beraren nola arte diziplina gutxi landuen inguruan. Baina ez dugu ahaztu nahi kultura eta artea egileen eskutik datorrela; ikusle, entzule, ukitzaile, usaintzaile eta dastatzaileek biziarazten dutela. Horiek gabe ikerkuntza zerbait hila litzateke».

Horrez gainera, arte sormena bultzatzeko diru laguntza batzuk ere eskainiko ditu katedrak, «betiere gerora ekintza horietatik ikerkuntza akademikoa bultzatzeko asmoz, praktika eta teoria uztartuz», Igerabidek azaldutakoaren arabera. Beste erakunde eta elkarte batzuekin lan egiteko asmoa ere badute, eta lehen kontaktuak izan dituzte dagoeneko Etxepare Euskal Institutuarekin, Eresbilekin eta Kukai dantza taldearekin, besteak beste.

Mikel Laboak EHUrekin izandako harremana «luzea eta emankorra» izan dela gogoratu zuen Goirizelaiak atzo, katedraren aurkezpena egitean. «Bizkaiko campuseko Leioako gunean, plaza batek haren izena du, eta 2010ean Mikel Laboa izena duen sortzaile gazteentzako lehiaketa sortu genuen. Horrez gain, Laboak EHUk emandako urrezko domina jaso zuen 2001ean, JosAnton eta Jexux Artze anaiekin eta Benito Lertxundirekin batera».

Bere gaien inguruan, lehena

«Ugariak dira EHUk sortu dituen katedrak, baina Mikel Laboa Katedra xede oso zehatz batzuekin sortu da, eta beste unibertsitate katedra batzuetatik bereizten dute xede horiek», Goirizelaiak azaldu duenez. «Euskal artea eta folklorea —bereziki musika, dantza eta bertsolaritza— sustatzea eta ikertzea du helburutzat Mikel Laboa Katedrak. Gai hauek aztertzen dituen EHUko lehen katedra da, Laboaren bizitzarekin eta sorkuntza artistikoarekin bat egiten duena. Laboa, gauza guztien gainetik, sortzaile bat izan zen, eta bere katedrak bi ezaugarri ezberdin baina aldi berean osagarri bilduko ditu: Laboaren sorkuntza artistikoaren hedapena bultzatzea, eta, horrekin batera, gainerako euskal artistena; baina baita gure musikaz, dantzaz eta bertsolaritzaz ikerketa sendotzea nazioarteko proiektua bilatuz».

Mikel Laboaren lanari egindako «aitortza bat» da Mikel Laboa katedra, Marisol Bastidaren iritziz, eta horregatik eskerrak eman zizkien hala EHUko nola Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariei. «Proiektu hau ondo gauzatzea nahiko nuke», esan zuen Bastidak. «Denok dakigun bezala, egoera ez da erraza, eta dirua neurrian eta ondo erabili behar da. Baina gasturik gabe ez dago aktibitaterik, eta aktibitate hau garrantzitsua da, nire ustez, funtsezkoa. Arteak bizitzen laguntzen gaitu, eta krisi garaietan ere bizitza da handiena, kantuak esaten duen bezala».



Jose Luis Zabala soinu teknikaria gogoratu du Marisol Bastidak

Jose Luis Zabala soinu teknikaria martxoaren 9an hil zen, 62 urte zituela, bihotzekoak jota. Haren heriotzaren berri eman zuen atzo Marisol Bastidak Mikel Laboa Katedraren aurkezpenean, eta doluminak igorri zizkien Zabalaren senitartekoei. Lankidetza eta adiskidetasun estua izan zuten Mikel Laboak eta Jose Luis Zabalak, luzaz. Ez dok Amairu taldeko soinu teknikari izan zen garaian ezagutu zuten elkar biek. Fernando Larrukertekin batera, Zabalak grabatu zuen Ez dok Amairuren Baga, biga, higa sentikaria jasotzen zuen zuzeneko disko bikoitza, Urnietako salestarren eskolako aretoan egindako emanaldi batean.

Dokumentuaren akzioak