Dokumentuaren akzioak
'La Sylphide' emango dute gaur eta bihar, era «etereoan» aritzeko balleta
Boston Ballet konpainiak August Bournenvilleren obra erromantikoa erakutsiko du Kursaalean
Boston Balletek prestatu duen La Sylphide August Bournonvillek koreografia da, Historian ballet erromantikotzat jotzen den aurrenekoa. Sorella Engluden egokitzapena onetsi du Mikko Nissinen konpainiako zuzendari artistikoak. «La Sylphide oso ballet berezia da, erromantikoen artean zaharrenetakoa. Sorella Englundek muntatu du guretzat, eta egokitzapenarekin oso gustura gaude, jatorrizkoarekin fideltasun handia duelako».
Nissinen harro dago zuzentzen duen dantzari taldearekin, eta ezagun du, argi diolako orain arteko emanaldietan «arrakasta handia» lortu dutela Espainian. Halaber, Donostian La Sylphide bide beretik joango dela uste du. «Dantzari nagusien maila izugarria da, baina gainontzekoen maila ere oso altua da, eta, horregatik, gure konpainiak aukera handiak ditu La Sylphide edo beste edozein obra berme handiz taularatzeko».
Nolanahi ere, La Sylphide obra erakustearekin benetan gustura dago, «oso konpainia gutxi ausartzen delako obra hau taularatzen». 1991tik Boston Balletek ez du bira luzerik egin AEBetatik kanpo, eta dagoeneko zuzendari artistikoak Europara itzultzeko asmoa dutela aurreratu du. «Ea trukaketa bat egin daitekeen, beste obra asko baititugu gure errepertorioan».
BI DANTZARI, ROL BAKARRA. Mikko Nissinen zuzendariaren harrotasuna pizten duten dantzari horietako bi Erica Cornejo eta Lorna Feijoo dira; silfidearen rola jokatzen dute biek. Cornejo gaurko emanaldian ariko da eta Feijoo biharkoan. Boston Balletek dantzari asko ditu, askotariko jatorrikoak, eta «oso ohikoa» dute rol bera dantzari bik jokatzea obra berean, «baita hiruk edo lauk ere, obraren arabera».
Erica Cornejo argentinarrak urtebete egin du Boston Balleten, baina aurretik Julio Boccaren konpainian aritu zen. Harekin ezagutu zuen Donostia lehenengo aldiz, «duela hamar urte edo». La Sylphide-k teknika handia eskatzen duela dio dantzariak, «jauziekin eta mugimendu azkarrekin, baina aldi berean leuntasuna azaleratu behar da, batez ere enbor aldean». Dantzariek «hegan» daudela erakutsi behar dute.
Lorna Feijook hartuko du Cornejoren lekukoa bihar obrako lehen dantzari gisa. Feijoo kubatarra da, hitz egiten hasi orduko esan duenez. «Kubako Ballet Nazionalarekin egon nintzen Donostian lehen aldiz», dio. Uharteko ballet nazionalarekin egin du ia bere ibilbide osoa dantzari gisa, harik eta AEBetara joan zen arte, duela lau urte. «La Sylphide ballet zoragarria da, antzinakoa. Erromantikoa den aldetik, aurpegian adierazkortasun handia behar du dantzariak, baina aldi berean teknika aldetik asko eskatzen du obrak. Horregatik, ez da batere erraza».
Silfideen alboan James ariko da, eta Carlos Molina dantzari kolonbiarrak jokatuko du rol hori. Hark uste du obrak «interpretazioa handia» eskatzen duela, «ikusleek ongi uler dezaten». Interpretazioa da dantzari batentzat «zailena», haren ustez; «mugimenduak, berriz, azkar ikas daitezke». La Sylphide ballet erromantikoa da, eta hala den aldetik, «apur bat tristea», aurreratu du Carlos Molinak. «Amaiera tragikoa da, baina gustatuko zaizue, seguru».
ZIKLO GARAIKIDEKO EMANALDIA, GAUR. Ez da La Sylphide izango Hamabostaldiko ekitaldi bakarra gaur. Musika garaikidearen zikloaren barruan, Drumming ariko da Kursaaleko erabilera anitzeko aretoan (20:00etan), Miquel Bernatek zuzentzen duen perkusio taldea.
«'La Sylphide' oso ballet berezia da, erromantikoen artean zaharrenetakoa, eta oso fidel jokatu dugu»
Mikko Nissinen
Boston Ballet-eko zuzendari artistikoa
«Jauziak eta mugimendu azkarrak daude, baina aldi berean leuntasuna azaleratu behar da»
Erica Cornejo
Boston Ballet-eko Dantzaria
«Obra ez da batere erraza, teknikaz gain, aurpegian adierazkortasun handia ere eskatzen duelako»
Lorna Feijoo
Boston Ballet-eko dantzaria
Dokumentuaren akzioak