Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka La Ribot izango da DNAren azken fasean

Dokumentuaren akzioak

La Ribot izango da DNAren azken fasean

Igandean amaituko da DNA Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdiaren hirugarren edizioa, eta, atzo, Carmen Oroz Kultur Ekintzaren Zerbitzuko zuzendariak, Isabel Ferreira DNAko zuzendariak eta hainbat artistak aurkeztu zituzten datozen egunetan egongo diren ikuskizunak. Obrarik garrantzitsuena Maria Jose Riboten Gustavia da; gaur aurkeztuko dute, Gaiarre antzokian. Horrez gain, The Night, Explica Danza, Cuerpo-Documento, Errata natural, Kirolak, Bolero, Calling Tree eta Ocupación ciudadela lanak izango dituzte.
Egilea
Ane Eslava
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/05/11
Lotura
Berria

Gustavia Maria Jose Ribot La Ribot dantzari eta koreografoaren obra bat da. La Ribot dantza garaikideko artistarik garrantzitsuenetako bat da Europan. Dantza eta performancea nahasten ditu, eta hainbat arte diziplinaren arteko hibridazioa egiten du. Gaur aurkeztuko duen lana Mathilde Monnierekin elkarlanean sortu du, eta dantzaren bitartez feminismoari lotutako zenbait gai jorratu dituzte.

Egunotan ikusgai egongo den beste lan bat da Rosemary Lee eta Simon Whitehead artista britainiarren Calling Tree. Artistek Iruñeko zuhaitzetan oinarritutako «performance ibiltaria» sortu dute, tokiko zuhaitz ondareari balioa emateko xedez. «Zuhaitzak gertutik ezagutzen saiatu gara, horiekin bizitzeko eta horiek habitatzeko. Honela, hiriaren historian izan duten garrantzia ezagutzeko zortea izan dugu», esan du Leek. «Publikoa gonbidatu nahi dugu gerturatzera eta gora begiratzera». Gaur eta bihar egingo dute ikuskizuna, Iruñeko Zaldi Zurian eta Ziudadelan.

Toni Jodar eta Beatriu Daniel artistek Explica danza egitasmoa taularatuko dute gaur eta bihar. Artistek azaldu dutenez, bi performance pedagogikok osatzen dute lana, eta publikoak dantza «hobeto ulertzea eta tabuak apurtzea» du helburu. «Beharrezkoa da publikoari trebakuntza ematea; dantza ez delako zaila, baizik eta ezezaguna», adierazi du Ferreirak. Jodarrek esan du ez dituztela azalpenak «dantzaren historiografiaren katedratik» eman nahi, baizik eta dantzariaren gorputzetik: «Hitza gorputzaren bitartez transmititzen saiatzen gara». Iruñeko Civicanen eta Noiango eta Mutiloako kultur zentroetan izango dira.

Bestalde, Laida Aldazek eta Helena Lizarik Kirola obra eskainiko dute. Dantzaren eta txalapartaren soinuaren bitartez herri kirolen kultura berrinterpretatu dute. «Kirolaren izaera fisikoa dantzara eraman dugu, landa eremuko lanarekin lotura handia duen jarduera horrekin atmosfera poetiko bat sortzeko», azaldu du Aldazek. Zortzi kirol landu dituzte, hamabost minutuko pieza laburrean. Aurrera begira, lana luzatu eta antzezlan bat sortzeko asmoa dutela esan du, «gure kultura transmititzen jarraitzeko». Bestalde, azpimarratu du lana nazioartean aurkeztu dutenean txalapartak arreta handia bereganatu duela, «ezezaguna eta berezia» delako. Bihar Zangozara eramango dute, eta igandean, berriz, Agoitzera.

Aldaz eta Lizariren lanarekin batera, beste bi obra labur eskainiko dituzte Zangozan eta Agoitzen: Errata natural eta Bolero. Errata natural Led Sihouette kolektiboaren obra bat da; talde hori Martxel Rodriguez nafarrak eta Jon Lopez madrildarrak sortu dute, koreografiaren inguruan ikertzeko. DNAren antolatzaileek azaldu dutenez, lanak jorratzen duen gaia da «gizartearen arauek sortutako normaltasun eraikia naturaltzat hartzearen akatsa». Bestalde, Jesus Rubio dantzari, koreografo eta idazle madrildarrak Bolero ikuskizuna eskainiko du. «Arinaren eta larriaren arteko mugaren, eta plazeraren eta nekearen arteko igarotzearen» gaiak lantzen ditu.

«Urrezko amaiera»

Azkenik, Ferreiraren hitzetan, jaialdiaren «urrezko amaiera» Ocupación ciudadela izango da. Bihar, arratsaldeko seietatik aurrera, hainbat artistak euren lan laburrak Iruñeko Ziudadelara eramango dituzte. Besteak beste, Zuk Performing Arts-en Ypark eta Hello!earth-en Sopa postcapitalista eta Chill Out horizontal lanak ikusi ahal izango dira.

Carmen Orozek, Isabel Ferreirak eta hainbat artistak azken egunetako jarduerak aurkeztu zituzten, atzo.
Carmen Orozek, Isabel Ferreirak eta hainbat artistak azken egunetako jarduerak aurkeztu zituzten, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU

Dokumentuaren akzioak