Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka La Quica: «Astuna arin eta ahula indartsu bihurtzen ditu flamenkoak»

Dokumentuaren akzioak

La Quica: «Astuna arin eta ahula indartsu bihurtzen ditu flamenkoak»

India, Ekialde eta Brasilgo musika tradizionalarekin uztartzen du koreografiak

Egilea
Celine Mounole
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
MIARRITZE
Mota
Bat
Data
2001/09/13

Gau honetan, Erika Winkler edo La Quica deitu dantzari eta koreografo gazteak, flamenkoaren irudi ezohikoa taularatuko du Miarritzeko Koliseoan, gaueko bederatzietan. «Badira bi urte lan egiten dudala lan berezi horren gauzatzeko. Flamenkoa beste ikuspegi batetik erakutsi nahi izan dut, eta bide berri bat aurkitu», azpimarratu du La Quicak.



Imprévisibles deitu sorkuntza, La Quica eta Marc Depond musikariaren arteko lan itzelaren emaitza da. «Depondek asmatu musika biziki aberatsa da, une desberdinetan musika indiar, oriental, brasildar eta flamenko garaikide zein tradizionaleko doinuak agertzen baitira; eta flamenkoaren oinarrizko erritmoak dena orkestratzen du». Musikaz gain, herri horietako dantza tradizionaletan agertzen diren urrats edo ibilera zenbait ere berriz hartuak izan dira. «Dantza indiarrean, orientalean eta brasildarrean adituak diren hiru dantzarik lagundu gaituzte dantza horietako mugimenduen kalitatea lantzen», koreografoak adierazi duenez.



Ikusgarri honek usaian ikusten ez den emaztearen irudia argira bultzatzen du. « Flamenkoak askatasun berezia ekartzen du, zeina erabili nahi dudan ikusgarri honetan. Emaztea lodia, argala, gaztea, zaharra, ttipia edo handia izan dadin, flamenkoak bakoitzaren berezitasunak, iduriz liluragaitzak liratekeenak ere, edertzen ditu eta astuna iduri duena, arin bilakatzen da, ahul iduri duena indartsu... Oso arraroak dira norberaren irudiarekiko askatasun bikain hori azaltzen duten dantza motak», azpimarratu du.

Dantza tradizionalak baletaren indartzea ekarri du

Gaur egun, Andaluzian flamenkoak nahiko ohikoa izaten jarraitzen duen unean, Erika La Quica-k flamenkoaren (eta orokorki dantzaren) garapen desberdina proposatu nahi du. «Nire lana etengabeko bilketa da. Flamenko arteak eta dantzak, hizkera biziki aberatsa dute. Zinez merezi dute hamaika eratara landuak izatea, eta usaian erabiltzen diren xendretatik urrun bideratzea. Nik hautatu dut beste herrietako dantza kodeekin nahastea, nire irudimenezko munduaren sortzeko» gaineratu du.



Lau emaztek, La Quica barne, dute sorkuntza hau estreinatuko gau honetan. Laurek flamenko tradizionaleko eskolak jaso zituzten. «Dantzari bakoitzaren nortasunak eta ezagutzak, herrien dantza tradizionalen mailan baletaren indartzera eta sakontzera etorri dira».



Gaur, bestalde, Faizal Zeghoudi konpaniak agerraldi garaikidea eskainiko du baratze publikoan, 19:00etan. Europaren eta Ekialde erdiaren arteko nahasketaren emaitza da haren lana.

Dokumentuaren akzioak