Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka La Fundición: Kutxa beltzak 25 urte bete ditu

Dokumentuaren akzioak

La Fundición: Kutxa beltzak 25 urte bete ditu

Egilea
Myriam Garzia
Komunikabidea
Argia
Mota
Albistea
Data
2011/12/24
Lotura
Argia
Sorkuntza garaikidea, baina batez ere antzerki eta dantza garaikidea –bertakoa eta nazioarte mailakoa–, sorreratik bultzatu duen Bilboko La Fundición aretoak 25 urte bete ditu. Luque Tagua sortzaile eta programazio arduradunak hartu gaitu Deustuko (Bilbo) aretoan. Udazkeneko goiz argitsua da, eta galdategian lanean ari dira, sorkuntza garaikidearen makineria martxan jarrita. 80 eserleku soilik dituen antzokian sartzeko gonbitea egin dit Luquek, aulkiak jasota daude eta aretoa kutxa beltz biluzia iruditu zait. “Oso desberdin ematen du, ezta?” dio.

Azken 25 urteotan, 400dik gora antzerki eta dantza talde igaro dira aretotik. “1986an sortu ginen, asmo bakarrarekin: arte garakideen gune dinamiko eta fusio-toki izateko nahia” azaldu du aretoko sortzaileak. Izena, La Fundición (Galdategia), bere sorreran Fundiciones del Norte izandako lantegiaren kokapenagatik etorri zen. Ramon y Cajal kalean zegoen 600 metro koadroko lonja industrial honek bi espazio zituen: entsegurako bi espazio eta arte galeria bat. “Lehen unetik, gure asmoa arte klasikoak, hala nola antzerkia, dantza zein musika, arte plastikoekin nahastea zen eta euren artean kutsakorrak izan zitezela”. Arte garaikidearen diziplinen espazio amankokun hau, “Euskal Herrian, eta Bilbon bereziki jazotzen ari zen une politiko istilutsuen artean sortu zen”. Bi urte ziren Euskalduna Ontziola itxi zutela eta Deustuko zubia toki erabakigarria zen ontziolako langileek egiten zituzten mozketetan eta borrokan. “Konbultsio handiko momentuak ziren”. Sortzaile ugariren topagune izango zen aretoa une zail horien erdian baina ez aparte eratu zela adierazi du programatzaileak. “Izan ere, sortzaileok uste genuen tentsio politiko horiek filtratu beharra genuela, ekimen artistikotik, bestelako begiradak eta ikuspuntuak eskainiz. Gure ustetan, bizitzen ari ginen tentsio handiko une horiei ekarpena egin behar genion”.

10 urte eman zuten galdategi zahar hartan eta Luquek azaldu duenez, “apurka-apurka arte diziplinen arteko espazio estanko horiek apurtzen eta nahasten hasi ziren. Gainera, gure espazioa horizontala zen, gauza berria zen Bilbon, ez zegoen banaketarik ikusleen eta eszenatokiaren artean. Horrela hasi ginen kultura ertaineko gunea izaten, ez ziren aurrekontu handiko ekimenak, ezta ere txikiak edota esdeusak ere”. Hastapenetan aretoan aurkezten ziren lanak performatiboak edo kontzeptualak ziren: antzerkia, dantza, poesia, musika elektroakustikoa edota lehenbiziko ikus-entzunezko lanen emanaldiak ikusten hasi ginen Bilbon. 1996an, hiriaren berregite handiaren barruan, eta diru-laguntzarik gabe bultzatutako ekimena Francesc Macia kalera pasa zen, Deustutik alde egin gabe –han dago aretoa gaur egun ere–. “Orduan, jauzia ematea erabaki genuen, arte diziplinen arteko nahasketa hori ahantzi gabe, baina batez ere antzerki eta dantza garaikidearen erakusketarako areto gisa, hala nola, arte diziplina horiek bultzatzeko baliabideen gune bezala”.

“Hau ez da ohiko erakusketa areto soila”

Egun, La Fundición aretoak bi zatitan banatzen du bere jarduera: lehenengoa, erakusketa-aretoa da, baita hainbat dantza eta antzerki topaketetaren antolatzaile eta bultzatzailea ere; eta bigarrena, baliabideen gunea da, batez ere bertoko hainbat antzerki eta dantza talderentzat. Azken atal horrek erakusten du “La Fundición aretoa ez dela soilik erakusketarako aretoa”. Dantza eta antzerki taldeak sustatzeko garrantzitsua izan da oso beraien jarduera, bai Euskal Herrian bai nazioartean.

Euskal Kultura Kontseiluko eta Espainiako Estatuko Arteentzako Kontseiluko aholkulari izateaz gain, bertoko antzerki eta dantza garaikidearen lanen erakusketarako hainbat ekimen bultzatzen dituzte. Ez bakarrik urte osoan La Fundiciónen ematen den programazio iraunkorrarekin, baita Dantzaldiarekin ere –Euskalduna jauregian eta Guggenheimen egiten den formatu ertain-handiko dantza jaialdia–; eta Lekuz Leku ekimenarekin –Abandoibarrako zonalde berrituan ekainean egiten diren antzerki eta dantza ekintzak– edo Txotx Ekainean programazio bereziarekin.

Ildo horretatik, euren lehenbiziko lanak aurkezten dituzten gazteek ere lekua dute La Fundición aretoan, Zer(k)anias izeneko ekimenean. Sormenezko Istripuak programa ere bultzatzen du aretoak: esperientzia handiko sortzaileen begiradapean, talde berriei eskaintzen zaie tailerra La Fundiciónen bertan eta azken emaitza erakustea du helburu. “Laborategi edo entsegu lokalaren antzekoa da. Azken urte honetako Huescako Antzerki jaialdian, La Cocina (Sukaldea) antzezpenak –Enriqueta Vega, Pako Revueltas eta Na Gomesen azken lana– Antzerki Berritzailearen saria jaso du eta lana ekimen horren barruan gauzatu zen, Sergi Faustino gidari eta kanpo-begi zutela”.

“Gure lana sortzaileen arteko gertutasuna ahalbidetzea da” jarraitu du Taguak. Beste erakundeekin elkarlanean, baliabideen gune bezala izugarrizko lana egiten du La Fundiciónek. Taldeek entsegu lekua behar badute, somen-egonaldiak zein egonaldi teknikoak egiteko espazio gisa edo bertako antzerki eta dantza taldeei aholkularitza zerbitzua eskainiz. “Hemengo taldeen difusio lana egiten dugu. Guk badakigu sendoak eta konpetitiboak direla –nahiz eta kontzeptu hori ez datorren bat artearekin–”. Atzerrian zeregin bera betetzen dutenekin harremanak ere egiten dira arian-arian. “Aurten, lau herrialderekin egingo ditugu elkartrukeak: Italia, Alemania, Portugal eta Espainia. Bai diru-iturriak sorrarazteko, topaguneak eta konplizitateak bultzatzeko, bai arte garaikideen ideiak munduan barreiatzeko ere, askok oztopoak izaten baitituzte medioetan agertzeko”.

25 urte eta gero, honaino helduta, esan daiteke La Fundición aretoa bertako talde askoarentzat “euren lanak erakusteko espazio natural” bilakatu dela. “Hau bezalako areto batean sortzen den begirada ez da beste areto batzuetan ematen, mota honetako programazioa egiteko ohiturarik ez dutelako”. Esaterako, antzezpenen ostean ikusleak basoerdia hartzera gonbidatzeko ohitura dute. “Garrantzitsua iruditzen zaigu, aisialdi tarte horretan publikoak sortzailearekin hitz egiteko aukera baitu. Galderak egin, eta begirada eta zubi berriak sortzeko aukera paregabea da” Taguak dioenez.

Dokumentuaren akzioak