Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka La Fundición: Hogei urte garaikidetasunari bideak zabaltzen

Dokumentuaren akzioak

La Fundición: Hogei urte garaikidetasunari bideak zabaltzen

Egilea
Unai Brea
Komunikabidea
Argia
Mota
Erreportajea
Data
2006/05/07
Bartzelonan eta Bruselan elkarrekin jardun eta gero, Luque Tagua eta Laura Etxebarria dantzariek Bilbora etortzea erabaki zuten 80ko hamarkadaren erdian. Taguak oroitzen duenez, «pentsatu genuen Bilbo, unibertsitatea daukan hiri bat, kultura eta ekonomiari dagokionez erdi-goi mailakoa, gune egokia izan zitekeela ekintza eszeniko garaikideak gauzatzeko. Itzulera bat izan zen, nolabait ere, batez ere Laurarentzat, bera hemengoa da eta». Basaurikoa, hain zuzen. Gaur egun, Lauraren ahizpak, Marianek, osatzen du La Fundición zuzentzen duen hirukotea.

Behin Euskal Herriratuta, gogoan zeukaten asmoa gorpuzteari ekin zioten. «Arte ederrak, dantza eta antzerkia batuko zituen plataforma sortu nahi genuen», dio Taguak. Fundiciones Ligeras del Norte enpresarena izandako lonja erraldoi bat hartu zuten: 500 metro koadro inguru, arte-galeria bat eta entsegu gela handi bi. Lekuaren izena gustatu egin zitzaien eta, agerikoa denez, aretoa bataiatzeko erabiltzea erabaki zuten azkenik. La Fundición, galdategia. «Guztiz bat zetorren diziplina desberdinak elkartzeko geneukan asmoarekin».

Hasierako asmo utopikoak

Denborak ematen duen ikuspegitik, Taguak «proiektu utopikotzat» gogoratzen ditu orain La Fundiciónen lehen urrats haiek. «Oso zaila zen hari eustea. Guk sortu egiten genuen, dantzatu... eta jende asko elkartu nahi genuen han, benetan galdategia izan zedila, ikastaroak eman, komunikazioa sortu...». Azkenik, zabalkunde lanari ekin behar ziotela deliberatu zuten, sormena albo batean utzita. Izan ere, aretoa ireki eta bost urtera utzi zioten dantza egiteari, baina Taguak ez dauka horren minik.

«Hamar urtez eutsi genion hasierako proiektuari, baina apurka-apurka konturatu ginen gure zeregina garaikidetasunaren presentzia bermatzea zela, eta horretarako, lehenbizi, administrazio-hizkuntza ikasi genuen». Azkenik, 1996an oraingo egoitzara joan ziren. Deustun dago, Ibaizabal bertatik bertara duen kale erdi-ezkutu batean. Itsasadarraren beste ertzean jaioz doan Bilbo berria ikusteko talaia paregabea, inondik ere. Tokia lehengoa baino txikiagoa da, hori bai, eta ez da margolan galeriarik dagoeneko.

Ospea, bazter batean egon arren

Garaikidetasunaren presentzia bermatu nahi zuten, eta horretan dabiltza buru-belarri, honezkero zabalkunderako bulego bihurtuta. «Gure lanak hiru adar nagusi dauka: bertoko produkzioa, estatukoa eta nazioartekoa». Honenbestez, leku askotako artistak eta taldeak igarotzen dira La Fundiciónetik -hilean hiru asteburutan eduki ohi dute emanaldiren bat, irailetik ekainera-, eta aretoak ospea lortu du, baita nazioartean ere. «Kontuan hartu behar da ez dela berdin Bilbora etortzea, edo Madril eta Bartzelonara», aldarrikatu du Taguak. «Jendea ez dago hona etortzeko irrikan, Almodovarrek nekez ikusiko zaituelako hemen».

Erakutsiko dituzten lanak ondo aukeratzen dituzte. «Lan bat kontratatzera bultzatzen gaituena zalantza da. Ona izango da, ala txarra? Dantza da, antzerkia da? Jaialdietan erabiltzen diren mezuek ez digute balio. Alegia, `ondo salduko da-, `gustura irteten zara aretotik'... Programatzaileen munduan funtzionatzen duten gauzak, hain zuzen. Baina zer esan nahi du lan batek ondo `funtzionatzen' duela? Guk, ikuskizun bat dakargunean, ikuskizun horrek zalantza eragitea nahi dugu, arriskua bilatzen dugu».

Ohiko zirkuituetatik at

La Fundiciónera joan ohi den ikuslea ez da ikusle arrunta, are gutxiago Bilbon. Jakin-gosea daukan jendea da, nolabaiteko kultur mailaren jabea, antzerkian erosotasun hutsa bilatzen ez duena. Ez dira hainbeste, eta La Fundiciónen egoitzak berak ohartarazten gaitu horretaz, jende gutxi sar baitaiteke bertan. Edo beharbada, nahita daukate jende gutxi har dezakeen antzeztokia. Taguaren ustez, ikuskizun mota bakoitza gune mota bati dagokio; badira 80 lagunen aurrean antzeztekoak direnak, eta inolaz ere ez 1.500 jesarleku daukan antzoki batean. La Fundiciónek, noski, horietan bilatzen du egitaraua osatzeko bazka.

«Hori eguneroko bihurtu nahi dugu -dio Taguak-, edonork egunkaria zabaldu eta horren berri aurkitzea, biztanleriaren %0,3rentzat besterik ez bada ere. Jakin dadila kultur eskaintza telebistan agertzen dena baino zerbait gehiago dela. Hiri hau oraintxe ari da eraikitzen: arte garaikidea, abangoardiako arkitektura, pentsamolde berriak... Nik uste, haize berri horien eta tradizioaren arteko bizikidetza posible dela; horretarako borondatea behar da, borondate politikoa eta ekonomikoa. Eta borondatea epe luze baterako gainera, benetako proiektuak garatu ahal izateko. Guk eskaintzen dugunerako ikusleak sortzea ez da bizpahiru urteko lana; gogoa, denbora eta dirua behar dira».

Aretoko hormetatik kanpo ere bai

Urte osoan zehar euren aretoan eskaintzen duten egitarauaz gain, La Fundiciónek baditu beste proposamen bi: Lekuz Leku (ikus beheko koadroa) eta Dantzaldia. Lehenbizikoa iaz abiatu zen eta Dantzaldia, berriz, zaharxeagoa da. «Euskalduna Jauregian egiten da, beren beregi horretara datozen konpainiekin. Hau da, ez daude biran, eta hori azpimarratu nahi nuke. Ia emanaldi guztiak estreinaldiak dira. Formatu ertain edo handiko ikuskizunak ekartzen ditugu, baina ez mundu zabalean ezagun-ezagunak direnetekoak, nolabait geure burua nabarmendu nahi dugu. XXI. mendeko sormen garaikidea da gure ardatza, eta ardatz horren inguruan dabiltzan taldeak ekartzen ahalegintzen gara».

Euskal Herrian parekorik ez

Orain dela gutxi Espainiako Arte Eszenikoen Max Saria irabazi duen Areto Alternatiboen Sareko kideak dira, Euskal Herrian bakarrak. «Izan ere, ez da Euskal Herrian sarean egoteko moduko ezaugarriak dauzkan beste gunerik», dio Luque Taguak, eta ez harrotasunez. «Nahi nuke halako gehiago egotea, baita Bilbon bertan ere. Besteak beste, garrantzi handiagoa edukiko genuke administrazioaren aurrean. Gainera, asko egotea ona izaten da denentzat, taberna asko dagoen kaleetan bezala: taberna bakoitza erakargarriagoa da inguruan beste batzuk edukita».

Garaikidea bai, baina zer?

La Fundiciónen lan eremu nagusia dantza garaikidea da, "azken batean mundu horretatik gatoz gu", baina denboraz gero eta lausoago bihurtu dira dantza garaikidearen eta beste diziplina batzuen arteko mugak, Luque Taguaren iritziz. "Teknikek, eta artistek, gero eta gehiago xurgatzen dute beste joera batzuetatik". Honezkero ez dago lehen bezain argi La Fundiciónek eskaintzen duena dantza, antzerkia, performancea edo zer ote den, baina sortzaileen esanetan gauza bat oso argi daukate: edozer dela ere, garaikidea behar du izan.

Antzerki huts zein dantza huts taldeek irauten duten arren --begi bistakoa denez"-, diziplinak elkarrekin uztartzea prozesu logikotzat dauka Taguak, "eta are gehiago hemen, Euskadin, ez baitago goi-mailako eskolarik ez eta dantzari garaikide profesional askorik ere. Espero dut etorkizunean dantza normalizatuago egongo dela. Norbait medikua da fakultate batera joan delako; baina dantzaria edo antzezlea bazara?".

Taguaren ustez, berehala igartzen da, artista baten lana ikustean, nolako heziketa jaso duen artista horrek. "Batzuk antzerki mundutik datoz -herrietako eskoletatik esaterako-, beste batzuk dantza mundutikà Eta gorputza ez dago modu berean finduta, gorputzaren hizkera ez da berdina batzuengan eta besteengan". Gero eta joera handiagoa dago hizkera horiek batzeko, eta La Fundiciónen egitarauan sarritan aurkituko dituzu batuketa horren ondorioz sortutako aleak.

Dantza garaikidea garaikide izan nahi duen hiriko kaleetan

Iaz, La Fundiciónek beste proposamen bat gehitu zion bere eskaintza mardulari: Lekuz Leku nazioarteko dantza jaialdia eta hiriko paisaiarako bideo lehiaketa. "Helburua da kaletik dabiltzanei hiria, hiriko paisaia, berraurkitzeko aukera ematea, dantza ikuskor bihurtzeaz gainera", azaldu du Luque Taguak. "Bat-batean, oinezkoak beste begirada batez ikusten du hiria, nolabait elkartu egiten baitira dantzan ari denaren hauskortasuna eta arkitekturaren, eraikitzen ari den zerbait berri horren sendotasuna".

Lekuz Leku jaialdia CQD (Dantzan Egiten Duten Hiriak) sarearen barruan dago. Mundu osoan zehar 30en bat hiritan egiten den ekimen hau aurten bigarrenez ezagutuko du Bilbok. Iaz, hiriaren ikur berri bien arteko eremua aukeratu zuten dantzarien behin-behineko antzezlekutzat: Guggenheimetik Euskalduna Jauregira (edo alderantziz) doan pasealekua.

Bide batez, La Fundiciónekoek bertoko dantzarien lana erakusteko erabili nahi dute ekimena. Batez ere, jende gehiegi erakartzen ez dutenena. Euren aretoan bezala, Lekuz Lekuko lanak formatu txikikoak dira. "Nolabait ere, hain ezkutukoa den zerbait, zaleak ez direnentzat hain `aspergarria- gerta daitekeen zerbait, parez pare ipini nahi diogu kalean dabilen oinezko arruntari".

"Lekuz Lekuk badauka gainerako jaialdietatik bereizten duen ezaugarri bat: nazioarteko bideo-sortze lehiaketa", nabarmendu du Taguak. Aurtengo ediziorako -ekaina amaieran eta uztaila hasieran egingo da- dagoeneko 50 sortzailek eman dute izena; "kontua ez da bideo-dantza edo halako zerbait egitea, bideoa zeozertarako erabiltzen duen jendea ekartzea baizik. Jaialdian zehar egin denaren ikuspegi artistiko berri batez gozatzeko aukera edukitzea, azken batean".

Dokumentuaren akzioak