Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka La Fontaine idazlearen alegiak aipagai Ballet Biarritzen azken ikuskizunean

Dokumentuaren akzioak

La Fontaine idazlearen alegiak aipagai Ballet Biarritzen azken ikuskizunean

Ballet Biarritzen azken ikuskizuna / Azaroaren 29an eta 30ean Biarrizko Gare du Midin eginen diren bi emanaldietan aurkeztuko dute azken ikusgarria

Komunikabidea
Gara
Tokia
Biarritz
Mota
Albistea
Data
2003/11/10

Azaroaren 29an eta 30ean, Biarrizko Gare du Midi aretoan eginen diren bi emanaldietan aurkeztuko du Ballet Biarritz dantza taldeak bere azken ikuskizuna.



Biarrizko dantza talde horren aurreko ikuskizuna, "Création", Thierry Malandainek berak sortu zuen, baina oraingoan, obra zahar bat egokitzea erabaki du koreografoak.



1904an idatzi zen "Cigale" dantza ikusgarriaren moldaketa eskainiko dute Ballet Biarrizko dantzariek bi emanaldi horietan.



L'Esplanade Saint-Etienne Opéra Théâtrek Parisko Operarekin landu duen koprodukzio hori aurten mende bat ospatuko duen Jules Masseneten konposizioan oinarritua dago. Eta, Malandainek estilo berritu batekin landutako koregrafia, berriz, Henry Cain sortutakoan.



Izan ere, "Cigale" dantza ikusgarriak La Fontaine ipuin idazlearen ''La Cigale et La Fourmi" alegia du oinarrian. Koreografia sortzerakoan Henry Cainek alegiari beste forma bat eman nahi izan zion, eta ikuspegi humanista agertu zuen.



«Henry Cainek nahiago izan zuen koreografia La Fontaine idazlearen bizitza tragikoarekin lotu, 'La Cigale et La Fourmi' alegia hitzez hitz azaldu baino», adierazi zuten Ballet Biarrizko ordezkariek.



Hain zuzen ere, La Fontaine idazlearen obra gorte frantsesean txalotu egiten zuten, baina inork ez zion idazleari bizitzeko beharrezkoa zuen dirua ematen. Izan ere, La Fontainek idazkeran zuen askatasuna mehatxu gisa ikusten zuen orduko erregeak.



"La Cigale et La Fourmi" alegian oso langilea zen xinaurria pertsonaia grotesko eta egoista bilakatzen da Henry Cainen koreografian.



La Fontainen alegian hain egoista den txitxarra, aldiz, adiskidetasun eta elkartasunaren alde on guztien eramaile bilakatzen da Henry Cainen lanean. Ballet Biarrizko ardura-dunen esanetan, xinaurriaren bidez gizartearen indibidualismo guztia adierazten da, eta txitxarra benetako aingeru bilakatzen da. Henry Cainek ipuinari eman nahi izan zion ikuspegi humanista hori aztertu nahi izan du batik bat Thierry Malandainek azken lan horretan. «Koregrafia lantzea erabaki nuelarik bi aukera nituen: mota horretako obren estiloa jarraitzea edo alegiaren argudioa sinplifikatzea gaurkotasun handiagoa emateko. Azken hori aukeratu genuen», adierazi zuen Thierry Malandainek.



Ballet Biarrizko koreografoaren esanetan, Jules Masseneten "Le Carillon" obraren adaptazioan egin ez bezala, estiloa berritua izango da "Cigale"n.



Eszenografia ipuinean garrantzia gehien daukaten datuei mugatu du, eta jatorrizko apaindurak kendu eta baloi batzuekin ordezkatu ditu Thierry Malandainek.



«Baletean pertsonaien trukatze handia dago, eta baloi bat baliatu nahi izan dut guztiak adierazteko», gehitu zuen.



Xinaurria interpretatzeko gizon bat aukeratu du; txitxarra egiteko, ostera, dantzari ugari izango dira eszenatokian.



Azkenik, obra komediatik dramara erraztasun handiz pasatzen dela jakinik, film mutuen estiloa erabiltzea erabaki du Thierry Malandainek.



Dantza ikusgarri hori bi emanalditan aurkeztuko dute Euskal Herrian, Biarritzen, azaroaren bukaeran.



Errusian lehen gira egin du berriki konpainiak

A.B.



BIARRITZ



Ballet Biarritz dantza taldea sortu zenetik nazioarteko herri ugaritara joateko aukera izan badu ere, Errusiara lehen aldiz orain dela gutxi joan dira. Thierry Malandainek Errusiako baletei egindako omenaldia eta "Création" izeneko bere aurreko sorkuntza aurkeztu dituzte gira horrekin Errusiako hiru hiritan, Moskun, Jekaterinburgon eta San Petersburgon, hain zuzen ere.



Ballet Biarrizko arduradunek esandakoaren arabera, lehen gira horretan ikus-entzuleek harrera ezin hobea egin diete. Baina, "Cigale" prestatu ahal izateko, Ballet Biarrizko dantzariek Euskal Herrira itzuli behar izan dituzte. Malandainek, aldiz, San Petersburgon jarraitzen du, hirurehungarren urteurrenaren ospakizunaren karietarat, bere "Sextet" obra aurkeztuko baita. Bestalde, 2004an bere azken koreografiak munduan azaltzeko aukera ukanen du Malandainek. Izan ere, Ballet Biarritz Kanadan, Mexikon, Ameriketako Estatu Batuetan, Errusian eta Tunisian arituko da. Hiru obra bi emanalditan eskainita



«Cigale» izeneko azken produkzio hori aurkezteko azaroaren bukaeran eginen diren bi emanaldietan beste bi ikuskizun eskainiko ditu Ballet Biarritzek: Claude Debussy konpositorearen «L'après-midi d'un faune» eta Camille Saint-Saëns-en «La mort du cygne».



Hala ere, Thierry Malandainek egin duen egokitzapen horren aurre ikuspegi bat ukan nahi duenak, Donostiko Egia Kultur zentroan eginen den entsegu publikoan parte hartzeko aukera izanen du. Emanaldi hori azaroaren 25ean eskainiko dute 19.00etan.

Dokumentuaren akzioak