Dokumentuaren akzioak
'La Bayadère', tragediaren dantza
Corella Ballet dantza konpainia lehen aldiz arituko da Donostian, Kataluniako Orkestra Filarmonikoaren zuzeneko musikarekin.Andeka Gorrotxategi tenorrak XX. mende hasierako euskal obrak kantatuko ditu
Angel Corella dantzariak 2008an sortutako konpainiaren lehen ikuskizuna da La Bayadère,
eta baita taldeak orain arte egin duen lanik esanguratsuena ere. 1877an
estreinatua, dantza klasikoaren obra eredugarri bilakatu da Marius
Petipa koreografoaren sorkuntza. Corellaren konpainiak Natalia
Makarovak eratutako bertsioa emango du, jatorrizkoaren hiru atalak
berreskuratzen dituena.
Solor gerlaria eta Nikiya dantzariaren arteko amodio istorioa kontatzen du La Bayadère-k.
Gerlariak maitasunezko zina egiten dio dantzariari, baina ondoren
Gamzatti printzesarekin ezkontzeko eskaintza jasotzen du. Angel
Corellak eta Iain Mackayk jokatuko dute gerlariaren rola, eta Kazuko
Osorik eta Carmen Corellak dantzariarena. Printzesaren papera berriz
Adiarys Almeidak eta Ashley Ellisek antzeztuko dute. Tragediaz
jantzitako istorioak dantzan jarriko ditu Corellaren taldekideak,
orkestrak Ludwig Minkusek sortutako musika interpretatzen duen
bitartean.
Phillip Ellisek zuzenduko du Kataluniako Orkestra
Filarmonikoa. Musikan zein dantzan gailendu da, eta balleteko
ikuskizunetan zuzeneko musikaren garrantzia nabarmendu du: «Askotan CD
baten bidez girotzen dira dantza ekitaldiak, baina honelako obra batek
asko eskertzen du zuzeneko musika. Izan ere, musikaren erritmoa
dantzarienera egokitzeko aukera ematen du, eta nahiz eta musikariek
gertatzen dena ikusi ez, nire keinuei esker dantzarien emanaldiarekin
ederki bat egiteko gai gara».
Corellaren ustetan ere, zuzeneko musikak mesede handia egiten
dio ikuskizunari: «Aurrez grabatutako musikak izugarri mugatzen ditu
dantzariak, eta are gehiago honelako obra konplexu batean. Zuzeneko
musikak, aldiz, emanaldia malgutzen du, eta gure lana errazten».
Aurten herrialde ugaritan aurkeztu dute obra hau. Konpainiako
zuzendariak «ilusioz» jaso ditu emanaldi horien fruituak: «Oso
pozgarria da lortu dugun arrakasta ikustea. Donostiako emanaldia izango
da obra honen azkenetariko antzezpena, baina uste dut atzera begira
harro egoteko moduko lana egin dugula». Zailtasun nabarmeneko pasarteak
dauzka obrak: «Gure bertsioak, jatorrizkoak bezala, hirugarren atala
hartzen du. Hor dago obra honen pasarte zailenetako bat, 24 dantzari
pauso berak egiten ipintzen dituena. Oso ikusgarria da».
Euskal abangoardia
Andeka Gorrotxategi tenor gazteak XX. mendeko euskal
musikagileen kanta esanguratsuenak abestuko ditu Josu Okiñena piano
jotzailearen laguntzarekin. Tenorrak Jesus Guridi, Jose Maria
Usandizaga eta Aita Donostiaren piezak interpretatuko ditu, Euskal
Herrian garai hartan bizi zen loraldi kulturala gogora ekarriz.
Gorrotxategiren ustez, bere ohiko ildotik aterarazten duen
emanaldia da: «Ohiko kontzertuetakoez oso bestelako teknika eskatzen
dute abesti hauek. Opera batean dena ematen duzu, erosoago kantatu
daiteke. Pieza hauek aldiz, askoz ere intimoagoak dira, eta erregistro
eta kolore aldetik malgutasun handiagoa eskatzen dute». Obra horiekiko
«gertutasuna» nabarmendu du: «Frantziako musikarekin gustura sentitzen
naiz, baina euskal abestiak beti kantatzen ditut barnetik».
Kontzertuaren bigarren zatian ere garai bereko konposatzaileen
obrak interpretatuko ditu, hala nola Gabriel Faurerenak, Henri
Duparcenak, Reinaldo Hahnenak edota Erik Satierenak. Okiñenaren ustez,
Gorrotxategiren ahotsa «apartekoa» da pieza horiek interpretatzeko:
«Ahotsa oso lirikoa du, ia dramatikoa, eta egokitzeko gaitasun handia
dauka. Ez da erraza gaitasun horiek guztiak dituen abeslaria
aurkitzea».
Dokumentuaren akzioak