Dokumentuaren akzioak
Kulunka konpainiaren 'Solitudes', Max sarietako antzerki lanik onena
Ertza talderentzat izan da kaleko ikuskizunik onenaren saria. Borja Ortiz de Gondrak irabazi du antzerkigilerik onenaren saria, Los Gondra-rekin
Solitudes Kulunka konpainiaren bigarren obra da —aurretik André eta Dorine estreinatu zuen—, eta aurrenekoa bezala, hitzik gabe eta maskarak erabilita dago antzeztua. Umorea erabiliz, bakardadearen eta familiakideen arteko komunikazioaz egiten du gogoeta, gauza xumeak besterik nahi ez dituen aitona baten ikuspegitik. Iñaki Rikartek zuzendu du Rikartek berak, Jose Daultek, Garbiñe Insaustik, Edu Carcamok eta Rolando San Martinek idatzitako istorioa, eta Daultek, Insaustik eta Carcamok egin dituzte aktore lanak.
Antzerki ikuskizunik onenarenaz gain, ikuskizun eszenikorako musika konposiziorik onenarena ere jaso du konpainiak, Luis Miguel Cobo konpositoreak hain zuzen ere.
Kaleko ikuskizunik onenaren saria, berriz, Asier Zabaletak gidatzen duen Ertza konpainiarentzat izan da, Meeting Point obragatik. Lan horrek bi gazte brasildarren historia kontatzen du, zeinak haur zirela heldu ziren Euskal Herrira, eta han ezagutu zuten Ertza konpainia. Ez da obra hau saritzen duten aurreneko aldia, Leioako Umore Azokan ere kaleko ikuskizunik onena izendatu baitzuten joan den urtean.
Borja Ortiz de Gondrak (Bilbo, 1965), bestalde, antzerkigilerik onenaren saria eskuratu du Los Gondra antzezlanarekin. Madrilgo Valle Inclan antzokian ikusi ahal izan da lana azken hilabete honetan.
Daniel Abreu garaile
Gainerako sariei dagokienez, garaile garbi bat izan da Max sarietan. Daniel Abreu dantzari eta koreografo kanariarrak hiru sari jaso zituen astelehen gaueko ekitaldian, hirurak La desnudez lanagatik: gizonezko dantza interpreterik onena, dantza ikuskizunik onena eta koreografiarik onena.
Dokumentuaren akzioak