Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kulturen aniztasuna plaza bakarrean

Dokumentuaren akzioak

Kulturen aniztasuna plaza bakarrean

Tradizioek kulturan duten eraginaren isla izan ohi dira bateko eta besteko herri musika eta dantzak. Horixe erakutsiko dute Barakaldon, gaur hasita, Herrien arteko XX. Folklore Jaialdian parte hartzen duten taldeek. Galiziako eta Avilako ordezkariak izango dira, jaialdia antolatzen duen Ibarra-Kaldu taldeaz eta Balmasedako Eguzki dantza taldeaz gain. Ibarra-Kaldurentzat aldi berezia izango da, eta ez XX. jaialdia delako soilik, baita mende erdia bete duelako ere.
Egilea
Natalia Salazar Orbe
Komunikabidea
Bizkaiko Hitza
Mota
Albistea
Data
2016/12/02
Lotura
Bizkaiko Hitza

Biharko ekitaldian A Coruñako Catalmibre Tradicional eta Avilako Urdimbre taldeek egingo dute erakustaldia. Galiziarrak lehenago ere egonak dira Barakaldoko jaialdian. Hala ekarri du gogora Aitor Gorostizak, Ibarra-Kaldu taldeko kideak: “Oso inpresio ona utzi zuten. Galiziako dantza alai eta biziak egiten dituzte, gaita banda eder batek lagunduta”. Urdimbre ez dute ezagutzen, baina hari buruzko “oso erreferentzia onak” dituzte.

Barakaldo antzokian egingo dute ikuskizuna. Han izango da talde anfitrioia ere. Bakoitzak ordu laurdeneko saioa egingo du bihar. Domekan, Balmasedara eramango dute erakustaldia. Urtero aukeratzen dute Barakaldotik kanpoko herri bat jaialdia hara ere zabaltzeko: “Hala, beste udalerri batzuekin partekatzen dugu jaialdiak dakarkiguna; batez ere, kultura zirkuitu nagusietatik urrun dauden udalerriekin egiten dugu. Helburua da kultura zabaltzea, eta ahalik eta jende gehienak bestelako folkloreak eta kulturak ezagutzeko aukera izatea”.

Horrez gain, tokian tokiko taldeei bultzada bat ematea ere badute xede: “Haiei uzten diegu egun horretan Euskal Herriko folklorea erakusteko ardura. Hala, jaialdira datozen kanpoko taldeen ondoan, euren herrietan egiten duten lana ikusaraz dezakete”. Hogei minutuko ikuskizuna eskainiko du talde bakoitzak.

Bestalde, gaur musika izango da jaialdiaren protagonista, urtero jaialdiaren lehen egunean gertatzen den legez. Kanpoko taldeak ekarri ohi dituzte. “Aurten, XX. urteurrenaren harira, txistu kontzertu berezi bat antolatu dugu, orain egiten direnen antzekoa: abesbatzak eta metalek lagunduta”. Bilbao Musikako kide Jasone Akizuk zuzenduko du. Eta Dzipoo eskolako abesbatzak ere parte hartuko du. Kilika bertso eskola ariko da aurkezpen lanetan. Horrez gain, Ibarra-Kaldu taldeko musikariek ere zerbait prestatu dute, propio, ikuskizunerako.

Argazki erakusketa batek osatzen du jaialdiaren egitaraua. Hilaren 15era bitartean egongo da ikusgai Clara Campoamor kultur etxean. Herrien arteko Folklore Jaialdiaren atzera begirakoa osatu dute. “Hogei urteotan jaialditik pasatu diren talde guztien emanaldiak gogorarazteko argazki bilduma ederra da”. Bideo bat ere ikusgai dago emanaldietako unerik ikusgarrienak gogora ekartzeko.

Ametsa, egia bihurtuta

Aspaldidanik taldeak zuen ametsa egia bihurtzen ikusi zuen duela hogei urte. “Euskal Herriko hainbat taldek egiten zituzten jaialdiak ikusita, guk ere gurea antolatu nahi genuen”. Bat-batean sortu zitzaien aukera. “Asturiasko talde batek hara joatera gonbidatu gintuen, bisiten trukea eskainita. Haien gonbitari erantzun beharrak eman zigun aspaldiko ametsa gorpuzteko bultzada”.

Orduz geroztik igaro diren urte guztietan, hainbat talde ekarri dituzte Barakaldoko agertokietara. Euskal Herriko eta estatuko dantzari eta musikariez gain, Belgika, Andorra eta Portugalgo ordezkariak ere izan dituzte. Eta ikusleek eskertu egiten dute Ibarra-Kalduren esfortzu hori: “Urtetik urtera jende gehiago erakarri du jaialdiak”.

Beste kultura adierazpen batzuk ezagutzeko aukera ematen duela eta, oso interesgarritzat jo du era horretako jaialdiek egiten duten ekarpena. “Gainera, gure kultura hemendik kanpo ezagutarazteko bidea zabaltzen digu, trukeen bidez”.

Taldearen hastapenak

Herrien arteko Folklore Jaialdia sortu baino 30 urte lehenago hezurmamitu zen herrian benetan zegoen amets eta nahi sakona. 1966a zen. Frankismoaren diktadura indarrean zegoen. Eta bide ofizialaren aldekoa ez zen elkarterik apenas zegoen. Beurko-Bagatzako gazte talde batek auzoan kultur elkarte bat sortu nahi zuen. “Gure elkarteak nola eta dantzan egin zituen lehen urratsak, dantzari taldea izan baitzen elkarteak eman zuen lehen kimua; sortu eta atoan”. Baliabiderik gabe eta batere laguntzarik gabe abiatu zuten bidea: “Irabazi asmorik gabe, nork bere apurra jarrita, eta auzolanean. Orain dugun egoera ahalegin eta sakrifizio askoren gainean dago eraikita”.

Gaur egun 2 eta 55 urte arteko 120 kide inguruk osatzen dute; dantzariak eta musikariak. Hala ere, elkartearen inguruan askoz jende gehiago ari da lanean, “aldian-aldian antolatzen ditugun jarduera eta ekitaldietan, auzoan oso errotuta egon garelako beti. Taldea Bagatzan sortu zen, auzoarentzat eta auzoari esker”.

Euskal Herri osoko dantzak egiten dituzte plazetan eta agertokietan. Garai guztietakoak: zaharrak eta berriagoak, “kultura eta folklorea etengabe biziberrituz doazelako”. Alardeetako esparruaz harago ere aritzen dira. “Talde diziplinatik kanpo daudenei ere helarazi nahi diegu dantza, erromeria dantzen ikastaroak eginez. Taldeok ez baikara dantza ondarearen jabe bakarrak: dantza guztiona da, herriarena”.

Ibilbide luzea bezain emankorra izan da Ibarra-Kaldurena. Pasadizo mordoa ere kontatzeko modukoak dira. Gogorarazten hasita, liburu bat idazteko beste abentura oroitu ditu Gorostizak. Hori dela eta, taldearen historia laburbiltzen duen liburua egin dute. “Taldeetako adinekoek gogoan dute nolakoak izaten ziren garai hartako dantza emanaldiak: beti baimena eskatu beharrean. Eta, gero, poliziaz inguratuta egin behar izaten zuten dantzan, zelatan, euskal usaina zerion edozer susmagarria zelako”.

Urteek aurrera egin ahala, bizipen samurragoak egokitu zaizkie. Baita elkartasuna agerian uzten dutenak ere: “Elurra zela eta, Andorrara heldu ezinik geratu ginen behin. Bidean aterpe eman zigun herrian bertan egin genuen emanaldia, harrera eta laguntza eskertzeko”.

Taldearen izena, berau eratu zen garaiko giro soziopolitikoaren eraginez aukeratu zuten. Elkartea sortu aurreko urteetan zabaldu zen Barakaldo izenak burdinolen edo galdategien ibarra esan nahi zuela. “Garai hartan gure udalerriak ukaturik zuen euskaltzaletasuna aldarrikatzeko modu bat iruditu zitzaien sortzaileei. Etimologiaren aldetik izenak ez zuen batere oinarririk, ordea. Ilusio bat zen”. Baina ilusioek izaten dute ametsak gorpuzteko eta proiektu sendoak abiatzeko indarra. Horren erakusle, Ibarra-Kalduren 50 urteko ibilia.

Kulturen aniztasuna plaza bakarrean

Dokumentuaren akzioak