Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kulturaren saski bat, eskoletarako

Dokumentuaren akzioak

Kulturaren saski bat, eskoletarako

Euskal kulturgintzak hezkuntzan bizi duen atzerapausoari erremedioa jartzen laguntzeko.
Komunikabidea
Hik Hasi
Mota
Albistea
Data
2025/06/10
Lotura
Hik Hasi

Xabi Payak Hego Ameriketatik ekarri zuen Kulturaren Oinarrizko Saskiaren ideia Euskal Herrira. Saski horrek “bizitza osasuntsu bat izateko” beharrezko diren kultur esperientziak bilduko lituzke eta, era berean, euskal kulturgintzak hezkuntzan bizi duen atzerapausoari erremedioa jartzen lagunduko luke. HUHEZIko Master Bukaerako Lan batek saski hori osatu ahal izateko marko kontzeptuala osatzeko ahalegina egin du arloko adituekin. 

Euskal kultur transmisioaren katebegian eten bat dagoela esan izan da orain baino lehen. Etena baino gehiago, hezkuntzan atzerapausoak egin direla erakutsi zuten UEU-k, Jalgik, Elkarrek eta Hik Hasik Azpeitian 2019an egin zituzten Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldiek. Orduko hartan, alarma gorriak pizteko egoeran geundela adierazi zuen Iratxe Retolaza literatura irakasle eta kritikariak. Gotzon Barandiaran idazle eta kultur eragileak “Zainketa Intentsiboko Unitatean” irudikatu zuen euskal kulturaren transmisioa, bereziki hezkuntzari dagokion alorrean. Berehala, datuek berretsi egin zituzten adierazpenak: hala nola Siadeco / Eusko Jaurlaritzaren 2018ko ikerketa baten ondorioa izan zen kultur zaleek erdarazko ekoizpena lehenesten dutela; Soziolinguistika klusterraren Arrue ikerketak EAEko ikasleen hizkuntza eta kulturarekiko atxikimendu falta agerian utzi zuen 2019an; Mintzola eta EHUren 2020ko ikerketak ikasleek sentitzen dutena adierazteko arazoak dituztela zioen...  

Azpeitiako jardunaldien atzetik kultur eragileen agerraldiak eta pausoak etorri ziren, besteak beste, kultur transmisioak leku gehiago eta sistematizatuagoa izan dezan hezkuntzan, eta bereziki unean langai zen EAEKo Hezkuntza Legean. Legeak, haatik, anbiguotasunetik gehiago du kulturari dagokionez, adostasunetik eta sistematizaziotik baino, Hik Hasiren EAEko Hezkuntza Legea. Biharamunerako koordenatuak liburuan Retolazak eta Barandiaranek jaso zuten moduan.  

Gaur-gaurkoz, literaturaz besteko kultur diziplinek sistematizazio gutxi dute Euskal Herriko curriculumetan, eta irakasleen  edo ikastetxeen esku gelditzen da, zer diziplina jorratu, diziplina bakoitzeko zer transmititu eta nola. Transmisioa sistematizatzeko, eta adosteko baliabide moduan Xabi Payak Kulturaren Oinarrizko Saskiaren (KOS) ideia ekarri zuen Hego Ameriketatik Euskal Herrira, Eskola hiztun bila jardunaldietan 2019an. Curriculumak curriculum, lurralde eta erregimen desberdinak ditugun hezkuntza sistemetan aplikagarri izan daiteke Kulturaren Saskia, kultur kontsumoaren gutxieneko edukien multzoa zehazten baitu. Helburu argia zuen Payaren proposamenak: “Imajinatu mundu bat non kultura elikaduraren parekoa den, non egunean bizitzeko behar diren gutxieneko kaloriak gomendatzen zaizkigun moduan, garapen iraunkor onenerako bizi behar ditugun kultur esperientziak iradokitzen zaizkigun”. Horretarako, lau urrats zehaztu lirateke: ezagutza, gozamena, jabetzea eta jarduera.   


Imajinatu mundu bat non kultura elikaduraren parekoa den, non, giza garapen iraunkor onenerako aldian aldian bizi behar ditugun kultur esperientziak  iradokitzen zaizkigun

Xabi Paya, kultur eragilea


 

Orduko hartan, ordea, arduradunek ez zioten Payak botatako amuari eutsi. Eta Mondragon unibertsitatearen HUHEZI Humanitate eta Hezkuntza Zientzien fakultatearen Euskal Kulturaren Eragiletza masterreko irakasleek hartu dute proposamenean sakontzeko ardura, masterrean zehar arlokako kultur saskiak onduz eta aurrera begira Euskal Kultur Eragiletza Hezkuntzan aditu-titulu espezifikoa sortuz. Idurre Alonso eta Retolaza dira masterreko irakasleetako bi. Harago, Alonsoren zuzendaritzapean, HUHEZIren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntza Unibertsitate Masterreko (MBL) Master Bukaerako Lan gisa ere ahaleginak egin dira Payaren proposamena egikaritzeko, eta ikastetxeetarako Kulturaren Saski bat osatzeko. Kasurako, Eder Iturraldek, Maite Quevedok, Iban Balerdik eta erreportaje honen egileak saski bat ondu ahal izateko beharrezkoa den marko kontzeptualaren proposamen bat osatu dute, eztabaidarako abiapuntu gisa. Alonsoren eta Retolazaren elkarrizketez gain,  Aritz Ibañezen, Julen Agirreren, Gotzon Barandiaranen, Ixiar Eizagirreren, Mikel Artolaren eta Eneko Bidegainen ekarpenekin osatua.  

Saskia osatzeko, ehuna falta  

MBLaren abiapuntuko asmoa dantzarako, musikarako, literaturarako eta bertsolaritzarako DBH 1. eta 2. mailetarako saski bat proposatzea baldin bazen ere,  egindako elkarrizketek eta gaiari buruzko bibliografiek erakutsi dute, gaur-gaurkoz —ez diziplinaz diziplina eta, beraz, are gutxiago saski baten osotasunean ere—, ez dagoela ehun adosturik euskal kulturaren oinarrizko saski batek eskoletara eraman beharko lukeenaren gainean, eta ezta saski hori nola —eta kasu batzuetan nork— landu beharko litzatekeen zehazteko ere. Beraz, euskal kulturaren saski bati begirako lehen ondorioa hori litzateke: gaur egun ez dago irizpide adosturik saskia osatzeko. Arloz arlo, dantzan, kantagintzan, literaturan, bertsolaritzan eta abarretan ez dago ezagutza minimo hori egituratua, eta ondorioz, MBLaren azken ekarpena alor bakoitzean kontuan izan beharreko marko bat eraikitzen hastea izan da. Beraz, kulturaren transmisioari erantzuteko eta ikasleen kultur eskubidea betetzeko balioko lukeen KOS bat gauzatu ahal izateko, prozesu bat behar dute kulturgintzak eta hezkuntzagintzak.   

Kulturaren saski bat osatzeko markoa 

Ikasleen kultur premiak asebeteko dituen saski hori osatzeko, “egiturazko planteamendu bat” behar da, Idurre Alonsoren aburuz. Zehazki, irakaslearen iritziz, saskiaren helburua, alde batetik, “egituran bertan pentsatzea da”, eta beste alde batetik, ikasleei kultura euren bizitzatik gertu dagoen tresna moduan aurkeztea litzateke: “Kultura orain arte urruneko gauza baten kontaketa izan baldin bada, buelta eman behar zaio ikuspegi horri, eta azpiko geruza horietan eragiteko baliabideak eskaini behar ditu, hau da, herritarrak kulturan aritzeko hezkuntzak zer eskaini beharko lukeen pentsatu beharko genuke”. Funtsean, Alonsoren aburuz ikasleei “kulturan aritzeko baliabideak eskaintzea” izango litzateke saskiaren gakoa.  

 


Kultura orain arte urruneko gauza baten kontaketa izan baldin bada, buelta eman behar zaio ikuspegi horri; herritarrak kulturan aritzeko hezkuntzak zer eskaini beharko lukeen pentsatu beharko genuke

Idurre Alonso, HUHEZIko irakaslea


 

Marko hori pentsatzeko arloetako adituekin elkarrizketak egitean berehala agertzen dira euskal kulturak egituraz eta orokorrean dituen hainbat korapilo, MBLeko ondorioetan jaso den moduan. Hasteko, literaturaz besteko diziplinek curriculumetan lekurik ez izateak zailtasun asko dakartza bai KOS bat pentsatzeko, baina harago, kulturgintzaren transmisioa modu sistematizatuan eta adostuan bermatzeko. Curriculumetan lekurik ez izateak irakasleek arlo horietan (dantza, bertsolaritza eta kantagintzak, kasurako) beharrezko prestakuntzarik ez jasotzea dakar, ez Irakasle Eskoletan ezta Euskal Ikasketetan ere. Gainera, diziplina horiek unibertsitatean ez egoteak arlo horien didaktika behar beste ez garatzea ere badakar. MBL honek argi uzten du irakasleak giltzarri direla KOS baten galeratzean, eta euskal kulturgintzaren transmisioan. Haatik, MBLak nabarmentzen du euskal kulturgintzaren transmisioak hezkuntza politika sendoak behar dituela eta ez dela aski irakasleek ardura izatea, “formazioa, legeak, curriculumak… denak ardaztu beharko lirateke ikasleen kultur eskubidea eta heziketa bermatzeko”. 

Etorkizunean geletara eramango den kultur saski bat egiteko, ebatzi beharreko beste korapilo bat kultur ereduarena da. Hain zuzen ere euskal kulturgintzan egun bizi-bizirik dagoen auzia: merkatuari begirako kultur eredua, hau da, kontsumitua izateko sortzen den kultura ala parte-hartzaileagoa den kultur eredua, herri kulturarena hartu beharko litzateke saski baterako ardatz? MBLko elkarrizketatuen artean, argia da iritzia: arizaleak sustatu beharko lituzke KOS batek, kultura bere bizitzaren parte duen ikaslea. Bai, kulturak nerabeari adierazteko eta garatzeko ematen dizkien baliabideengatik eta baita, Barandiaranek dioen moduan, euskal kulturak behar duenagatik ere: “Euskal kulturak kulturzaleak behar ditu, sortzaileak, antolatzaileak, zaleak... behar ditu”. 

Hurrengo  lerroetan MBLean jaso diren  lau diziplinei begira Euskal Herri luze zabaleko ikastetxeetan baliatzeko saski baterako, diziplinetako adituen –eta bibliografien— arabera kontuan izan beharreko irizpideak eta auziak zerrendatuko ditugu:  

Dantza: oinarrizko alfabetatzea xede 

Dantzak historian izan duen lekuaren erakusle izan da, garaian-garaian, hezkuntza arautuan izan duen presentzia: garai bateko heziketan, ordaindu zezaketenek soilik jasotzen zutenean, dantza guztiz funtsezko ikasgaia zen. Gaur egun, ordea, dantza ez dago Euskal Herriko hezkuntza arautuan inongo currilumuetan txertatua, eta, beraz, ez dago ez standarizatua eta sistematizatua.  

Kulturaren Oinarrizko Saski batek aukera emango luke jatorri, bizitoki, familia-eredu, etxeko hizkuntza eta kultur baliabideak direnak direla ere, haur guztiei euskal dantzaren gutxieneko ezagutza bat transmititzeko. Eta, gaur eta hemen, euskal dantzaren transmisioari ere ongi etorriko litzaioke hezkuntza arautuak ekar dezakeen alfabetizazioa eta ordena, Joan Antonio Urbeltz ikerlariak aspaldi esan zuen moduan.  Izan ere, dantzan gutxieneko bat jakin badakienak ere, “zer” eta “nola” jakiteaz gain, “zergatik” egiten duen jakin behar bailuke. Izan ere, inkongruentzia handietara iritsi da euskal dantzen transmisioa, Oier Araolazak aurreskuaren kasu paradigmatikoarekin azaltzen duen moduan: “Korroan dantza egiteari, esku-dantza deitu izan zaio, eskuz esku osatzen dugun dantza delako. Esku-dantza horretan badago aurreko esku bat eta atzeko esku bat: aurreskua eta atzeskua. Aurreskuak benetan aurresku izateko beharrezkoa du soka. Gaur egun ohitu gara aurresku bat bakarkako dantzari baten gisan ikustera, eta ez du zentzurik dantzaren, aurreskuaren ikuspuntutik. Azkenengo mende erdian, guztiz ahantzi dugu taldeko dantza bat dela  eta dantza horretan ohorea sokako kide izatea dela. Dantzaren parte eta protagonista izatetik, dantza horren kontsumitzaile edo hartzaile izatera pasa gara”.  


Gurea bezala, kultura txikia izateak baditu abantaila batzuk, eta badugu garaia abantailei begira jartzekoa. Herri honek ematen du eragileon arteko plangintza bat egiteko aukera kultur saski bati begira

Ixiar Eizagirre, Bertsozale elkartea


 

Alta baina, kultur saski batekin dantza gelaratzek o, zer transmititu beharko litzatekeen adostetik urrun dago dantzaren alorra. Hezkuntzari eta transmisioari loturiko bi korapilo potolo bizi baititu egun: batetik, dantza hezkuntza arautuan ez dagoenez, ez HHko, ez LHko ez DBHko irakasleen ikasketetan ez dute arlo honi dagokion prestakuntzarik jasotzea, eta beraz, arloa ezagutu gabe transmititzerik ez dela posible dio Araolazak. 

KOSak dantzaren alorrean izan beharko lukeen helburuari dagokionez, ordea, adostasuna handiagoa da: gure gorputz hizkuntzan alfabetatzeko gutxieneko batzuk ezarri beharko lituzke kultur saskiak. Hau da, euskal dantzen gutxieneko bat ezagutu eta plazan dantza egiteko konpetentzia eskuratu beharko luke Derrigorrezko Hezkuntza amaitu duen ikasle batek, Julen Agirre ikerlariaren arabera. Izan ere, Araolazak dioen moduan, euskara euskaldunon berbazko hizkuntza dugun moduan, euskal dantza baitugu gure gorputz hizkuntza. Gazteak behar du beraz, euskaldunon gorputz hizkuntzan alfabetatu. Aipatu behar da, Agirre, Ane Sarasketa eta Izaro Intsausti dantzariek Kultur Eragiletzako masterrerako dantzarako saski bat proposatu zutela —kasu horretan LHko hiru zikloei begira—, non korroko dantzak, esku dantzak eta binakako dantzak ikasteteko sekuentziazioak proposatzeaz gain, sortzeko eta horiez jabetzeko eta ekitaldietan parte hartzeko proposamen zehatzak jasotzen dituzten. 

Kantagintza: baliatu beharreko tresna 

Kantua ez da soilik adierazpen artistikoa, Anjel Valdes editorearen arabera,  baizik eta nortasun kolektiboaren eta transmisio historikoaren oinarrizko euskarria ere bada: “kantua dugu kulturaren transmisiorako eta zabalkunderako dagoen tresnarik eraginkorrena”. Haren ustez, kantuek gure identitatearen sustraiak jasotzen dituzte, “eta horiek gogoratzen eta gogorarazten direnean, gure kulturak katebegiak irabazten dituela ikusten dugu”. Are gehiago, Josu Larrinaga irakaslearen arabera, musika ez da soilik iraganaren eta orainaren isla: “izan garena eta garena, nahiz egiten duguna islatzeko gaitasuna izateaz gain, musikak egin egiten gaitu”. 

Alabaina, MBLak jasotzen duen moduan, gaur egun  errealitate bat da belaunaldi askoren erreferente ikur eta sinbolo izan diren abestiak ez direla jada ezagunak gazte askorentzat. Gazte askok ez dute tradizioa ezagutzen, baina ezta abangoardia ere. Musikaren esperientzia ikastetxeetan baliatzea gazteak euskal kulturara gerturatzeko leiho paregabea litzateke, Alberto Barandiaran kultur kazetariaren arabera.   

Berez, curriculumei erreparatuz, euskal kantagintzak izan badu tarte txiki bat, zehazki Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta  berriki, Pako Aristik eta Mikel Markezek Gora Euskal Kantagintza gida argitaratu dute, euskal kantagintzaren transmisioa sustatzeko asmoz. Alabaina, kantagintzaren transmisioa zentzu historiografikoan beharrean, genealogikoan egitea proposatzen du MBLak saskiaren bidez. Alde batetik, euskal kantagintzaren ezaugarrietako bat delako bere baitan genealogia egitearena, eta aitzindarien oihartzunak etengabeak direlako egile modernoetan ere eta era horretan, kantagintzaren garapena erakutsiko litzatekeelako, bai edukietan eta baita forman ere, Gotzon Barandiaranen aburuz. Modu horretan, euskal musikaren (eta oro har euskal kulturaren) gainean dauden aurreiritzi batzuk gainditzeko balioko luke saskiak, izan ere Retolarezaren arabera, kalitatearekin eta aniztasunarekin lotutako aurreiritziak oraindik bizirik daude gizartean: “Gaur egun euskal musikan zein gauza interesgarriak eta anitzak dauden erakutsiz lan handia dugu egiteko hezkuntzatik, kultur hautuak ezezagutzatik egiten baitira askotan”. 

Bertsolaritza: subalternitatean sendo  

Bertsolaritza ez dago curriculumetan, eta ez dago, ondorioz, unibertsitatean. Bazterketa horrek irakaslegaien oinarrizko prestakuntzari eragiten dio eta, dantzan bezala, funtsezko auzi bihurtzen du balizko saski baten garapenari begira, saskia NORK gelaratuko lukeen, Bertsozale elkarteko Mikel Artolaren arabera, “debate hori oso interesgarria eta oso beharrezkoa da”. Era berean, bertsolaritza curriculumetan ez egoteak eta beraz, unibertsitateetatik at gelditzeak, arloaren didaktikaren garapenari ere eragiten dio.

Haatik, MBLrako landuriko lau diziplinen artean bertsolaritza da transmisioa eta didaktika arautuen eta adostuen duen alorra, bere subalternitatean, Bertsozale Elkartearen ekimenez. Ez alferrik, 1970eko hamarkadaz lehen bertso eskolak sortu zirenetik, garapen handia izan du bertsolaritzaren transmisioak. Gaur-gaurkoz, curriculumetan ez badago ere, zazpi lurraldeetako 500 ikastetxeetako 30.000 ikaslek jasotzen dituzte bertso eskolak ikas- orduetan.

Beste diziplinetan bezala, kultur saski bat pentsatzeko garaian, ZER sartu pentsatu aurretik, abiaburuan argitu beharreko gaia da, Bertsozale elkarteko Ixiar Eizagirre eta Artolarentzat, zer kultur eredu landuko den saski horren bidez ikasleekin. Kantagintzan eta dantzan bezala, bertsolaritzan ere hausnarketa bertsuak darabiltzate burutan. Artola: “Kulturaz ari garenean, galdetu behar dugu zeri deitzen diogun kultura. Eztabaida interesgarri bat egon daiteke kontsumo kulturan eta herri kulturaren artean. Jakinda ez dagoela marra zehatz bat, eta bertsolaritzaren kasuan, gutxiago”. 

Gaur egun ZER hori lantzen ari da Bertsozale Elkartea, 9 urtetik 18 urtera arteko ikasleek  zein bertsolari ezagutu beharko lituzketen, zer sorta, zer doinu… corpus hori osatzen ari dira bertso-eskoletarako, saski handi bat litzatekeena, eta beraz, etorkizuneko KOS baterako baliagarri litzatekeena. Eta balizko saski baten helburuei dagokienez, hainbat xede ezarriko lizkioke Artolak saskiari, tokian toki, egoeraren arabera. “Eremu soziolinguistikorik euskaldunenetan Derrigorrezko Hezkuntza amaitzen denean, gaitasun aldetik bat-bateko bertsolaritzari dagokionez, kopletan bat-batean egiteko gai izatea jar genezake helburutzat. Eremu erdaldunetako helburua apalagoa litzateke: koplaka ezin baldin bada, puntuka zerbait egitea ezarri beharko genuke helburu minimo moduan, zerbait esperimentatzeko gai izatea”. 

Literatura: heziketa literarioa xede 

Beste diziplinak ez bezala, Literatura nahitaezko irakasgaia da derrigorrezko eskolaldian, Lehen Hezkuntzan zein Bigarren Hezkuntzan. Halere, Literatura hizkuntzari lotuta dago arloan, eta bereziki Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan, literaturari hizkuntzarekiko mendekotasuna ezartzen zaio, oro har, hizkuntzaren irakaskuntzarako baliabide gisa erabiltzen baita. Adituen arabera, mendekotasun horrek zeresan estua eduki dezake literaturaren didaktikaren sistematizazio faltarekin, eta ondorioz, irakaslearen eta ikastetxearen esku geratzen da zein eduki, genero, obra eta autore landu, eta zein ez; eta baita irakurgai horiek nola landu ere. Horrekin batera, askatu gabeko beste korapilo bat da literaturaren funtzioaren gaineko adostasun falta. Alonsoren arabera, behin irakasleek argi izanda zein funtziotan sakondu nahi duten, horrek lagunduko luke bai irakurgaien hautaketan eta baita hautatutako testuen lanketan eta helburu didaktikoen finkapenean ere. 

Saskiak ikasleek zer irizpideren gainean irakurri beharko luketen sistematizatzen eta adosten lagundu beharko luke. Izan ere, gaur egun ikasleek Batxilergoa amaitzean euskal literaturari dagokionez irudi distortsionatu azaleko samarrarekin amaitzen dutela ohartarazi zuen Irati Urkiolak duela hainbat urte Egan aldizkarian. 

Gaur egun curriculumak literaturaren irakaskuntzatik heziketa literariora begira jarri direnean, literatura kodeak ikasteko baliabideak eta mundu sinbolikoak interpretatzen ikasteko gakoak eskaini behar zaizkie ikasleei, Retolazaren aburuz. Horretarako saski baterako aukeratuko diren testuak eta —beraz irakasleei irakurtzeko proposatuko zaizkienak— aukeratzeko irizpideak ugaldu egin behar dira, eta narratibaz gaindiko beste generoek presentzia handiago eduki beharko lukete adituen arabera, hala nola poesiak, komikiak, album ilustratuak...  

Eta beste auzi garrantzitsu bat saski bat pentsatzean, literaturaren kasuan ere, zer hori —corpus hori— ugaltzeaz gain, horren gainean egingo den lanketa argitzea litzateke, NOLA hori erabakitzea. Alonsok eta beste hainbat adituk elkarrekintza sustatzen duten jarduerak proposatzen dituzte, hala nola, tertulia literarioak, eztabaida gidatuak, book trailerrak... 

MBLak jasotzen duen moduan, etorkizuneko Kulturaren Oinarrizko Saski batek euskal kulturgintzaren transmisioa arautzen eta sistematizatzen lagunduko luke eta ikasleen kultur eskubidea asetzeko aukera eskainiko luke. Nahiz eta gaur-gaurkoz ehun adosturik ez dagoen saskia pentsatzeko, Ixiar Eizagirrek gisako lana egingarri eta beharrezko ikusten du: “Gurea bezala, kultura txikia izateak baditu abantaila batzuk, eta badugu garaia abantailei begira jartzekoa, beti ezintasunei begiratzen baitiegu. Herri honek ematen du eragileon arteko plangintza bat egiteko aukera kultur saski bati begira”.  

 

 

Dokumentuaren akzioak