Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kulturaren Plana, aitzina

Dokumentuaren akzioak

Kulturaren Plana, aitzina

Hiru urteko lanaren ondoren, Jaurlaritzak atzoko Gobernu Batzordean onartu zuen egitasmoa

Egilea
Alberto Barandiaran
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2004/09/22

Kulturaren Euskal Plana estrategikoa da Eusko Jaurlaritzarentzat, eta bete beharreko ekintzak 2007. urtera arte finkatuta uzten ditu. Halaber, 2015. urte arteko jarraibideekin biribiltzen du bere lana. Datozen hiru urtetarako ekintza horiek urtero onartu beharko den Ekintza Planean jasoko dira, eta atzoko saioan Gobernu Batzordeak 2004. urterako prestatu diren ekintzen zerrenda onartu zuen. Ekintza hauek aurrera eramateko 1.335.430 euroko aurrekontua finkatu du Eusko Jaurlaritzak.Honek guztiak dakarren ondorioen artean, Kulturaren Euskal Behatokiaren sorrera eta Euskal Kulturaren Kontseilua eta Kontseiluko Batzorde Iraunkorraren berregituraketa.



Hiru urteko lanaren ondoren aurkeztuko dute



Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak 2001eko uztailean iragarri zuen Kulturaren Euskal Plana, eta handik urtebetera hasi ziren aurreneko bilerak. Batzar iraunkorra osatu zen, eta batzar horretako kideek hemeretzi txosten egin zituzten, hiru atal nagusitan banatuta beti ere: kultur ondarea; artearen sorkuntza eta adierazpena; eta kultur industria. Guztira, 300 lagun baino gehiago aritu da lanean, ikuspuntu eta iritziak bildu, egoeraren diagnostikoa egin «eta nondik nora jo daitekeen aztertzeko». Helburua: sormen eta ekoizpen kultur propioak garatzen laguntzea, eta, horretarako, eragile publiko eta pribatuen arteko adostasuna islatzea.



Oinarrizko dokumentua Ramon Zallo EHUko katedradunak idatzi zuen, Anjel Lertxundi idazlearen eta Iñaki Lopez de Agileta Bilboko Udaleko kultur teknikariaren laguntzaz.2004. urterako onartutako ekintza planaren arabera, hamar ardatz estrategiko jarri dira mahai gainean. Helburuak dira, esaterako, herrialde arteko sare kulturala egituratzea, kulturaren egoera eta bilakaerari buruz segimendua egiteko sistema egituratzea, edo kultura bera ekoitzi, komertzializatu eta hedatzea. Baita kulturgintzan euskararen erabilera indartzea ere, kulturaren industria eta bere balio katea sustatzea, edo sorkuntza eta produkzioa sustatzeko teknologia berriak eta adierazpen formak berreskuratu eta, egokiturik, erabiltzen laguntzea. Hamargarren ardatz estrategikoak hala dio, hitzez hitz: «Euskal kultura mundu osoan zehar zabaltzea».Aurten garatu beharreko lanen artean, kultura politikei buruzko nazioarteko biltzarra antolatzea, literatura aldizkari bat egiteari buruzko bideragarritasun azterketa egitea, edo euskal autoreen lanak beste hizkuntzetara itzultzeko diru laguntzak begiratzea.Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du erabili den metodologia«adostasuna eta kontsentsua», eta plana filosofia ere badela. «Euskal Autonomia Erkidegoan, maila horretan, aurreneko bateratze lan kolektiboa izan da».















z Hiru erakunde plana gauzatzeko



kulturaren euskal behatokia



Informazioa eta azterketa: Jaurlaritzaren, Foru Aldundien eta udal handien arteko zerbitzu koordinatu gisa ariko da lanean, Eustat-en ekarpenarekin beti ere. Horiekin batera, Planaren beraren jarraipen eta aplikazio eta emaitzen balorazioa egin beharko du. Beraz, Euskal Kultur sistema osoa informaziotik eta ezagutzatik elikatuko duen erakundea da.



erakundearteko batzordea



Mahai tenikoa: Plana garatzeko berregituratu da. 14 kide izango ditu (bost erakundeetatik, bost sektoreetatik, hiriburu bakoitzeko bana eta beste bat EUDELetik eta idazkari bat). Planaren koordinazioa egin zuen eta orain, mahai tekniko baten antzera ariko da lanean. Jarraipenaren zeregin guztiak bere esku egongo dira, eta horretarako behar-beharrezkoa duen laguntza teknikoa izango du.



kulturaren euskal kontseilua



Koordinazioa administrazioaren eta erakundeen artean: 40 lagunez osatua (25 eragile pribatu eta 15 eragile publikoen ordezkari), 2000. urtean birsortu zen, euskal kulturako eragile publiko eta pribatuen topaleku izateko. Helburu nagusia lankidetza bultzatu eta kultur eremua egituratzea da. Helburu hurbilekoena koordinazioa da.

Dokumentuaren akzioak