Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Jaurlaritzak azaroan berrituko du Kulturaren Euskal Planari jarraipena egiteko kontseilua

Dokumentuaren akzioak

Jaurlaritzak azaroan berrituko du Kulturaren Euskal Planari jarraipena egiteko kontseilua

2004an martxan jarri zenetik, planak «ongi samar» funtzionatu duela uste du Miren Azkaratek

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2006/09/26

Arlo bateko zein besteko adituek eta Kultura Saileko arduradunek osatzen dute Kulturaren Euskal Kontseilua. Erakunde horrek diseinatu zuen KEP. Eta martxan jarri ondoren, berau berritzeko garaia iritsi da. Aurrerantzean KEPen jarraipena egiteko ardura izango du Kontseiluak. Eta horretarako, kide berriak hartuko ditu, sektore askotakoak. Ondoko arlo hauetan adituak diren lagunek osatuko dute Kontseilu berria: teknologia, komunikazioa, filosofia, kultura digitala, euskal bibliografiaren ikerketa, musika modernoa, itzulpengintza, dantza garaikidea eta ikus-entzunezkoak.

Kontseiluaren barruan Erakundeen arteko batzordea dago. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek eta Eudelek osatzen dute, eta Azkaratek esan duenez, martxa ona darama, txukun ari da lanean.

Kultura egiturak sortzeko eta finkatzeko helburuari jarraiki, KEPen jasotako egitasmo batzuk lehenetsi zituen Kultura Sailak 2004an. Horietako batzuk zehaztutako epeen barruan garatu ditu; beste batzuk, aldiz, atzeratu egin dira. Iazko hauteskundeek eragina izan zutela esan du Azkaratek.

BEHATOKIA SENDOTZEKO ASMOA. Jaurlaritzak Kulturaren Euskal Behatokia sortu zuen orain urtebete, kulturaren arloan ikerketak eta azterketak egiteko erakunderik ez zegoela ikusita. Behatokiak lau eginkizun izango ditu aurrera begira. Kultura sektoreei buruzko informazio jasotzeko sistema estatistikoa diseinatuko du aurrena, eta sektore horien gaineko ikerketak eta azterketak egingo ditu ondoren. Gainera, KEPen garapena egiteko ebaluazio sistema eratuko du. Hausnarketa eta trebakuntza ardatz izango dituzten topaketak sustatuko ditu, halaber.

Bederatzi lagunek osatzen dute Kulturaren Euskal Behatokia, zortzi langilek eta Kultura Saileko arduradun batek. Gasteizen du egoitza, eta urteko milioi erdi euroko aurrekontua. Kultura Sailaren erronka nagusietako bat Behatokia sendotzea dela adierazi du Azkaratek.

Bestalde, Kulturak Etxepare Euskal Institutua sortzeko asmoa duela gogorarazi du. Dena ondo bidean, Eusko Legebiltzarrak datorren urteko uda baino lehen onartuko du Institutua sortu ahal izateko lege proiektua. Eta legea onartu ondoren, beharrezkoa izango da dekretu bidez garatzea eta zuzentzeko patronatua osatzea. Prestakuntza lan batzuk egiten hasia da Azkarateren saila, baina ekimenaren eztabaidak Legebiltzarrean duen erritmoa erabakigarria izango da lanean noiz hasiko den jakiteko. Museo eta Liburutegien lege proiektuak, halaber, Legebiltzarrak noiz onartuko zain daude. Legea onartuta, planak eratzeko garaian sektore horietako profesionalen gomendioak aintzat hartuko dituztela ziurtatu du Azkaratek.

Etxepare Euskal Institutua ez da Kultura Sailak 2007. urtera bitartean eratuko duen azpiegitura bakarra. 55,8 milioi euro inbertituko ditu, besteren artean, honako proiektu hauek aurrera eramateko: Euskadiko Artxibo Historiko Nazionala (Bilbo), Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa (Donostia), Euskadiko Filmategia (Donostia), Ekaingo kobazuloaren erreplika (Zestoa, Gipuzkoa), Gasteizko Santa Maria katedrala berritzeko lanak, Arabako Arkeologia Museoa (Gasteiz) eta Ipupomamua Ipuin, Poema eta Marrazkien Zentroa (Asteasu, Gipuzkoa).

SAILEN ARTEKO BATZORDEEN LANA. Kultura Sailak beharrezkotzat jo du sektoreetako profesionalen parte-hartzea, KEP aurrera eramateko. Sektoreka antolatutako lan taldeen bitartez parte hartuko dute profesionalek. Aurretik hartutako neurriei jarraipena egin beharko diete, eta finkatutako helburuak betetzeko dinamika berriak zehaztu beharko dituzte. Lan talde horietako askok datozen hilabeteetan egingo dute sektoreko txostena onartzeko batzarra. Beste batzuek egin dute jada. Besteak beste, eskulangintza, antzerkia eta fonografia arloak jorratzen dituzten taldeek dagoeneko onartu dituzte beren sektoreei dagozkien txostenak.

Kultura Saileko arduradunek profesionalen hitza kontuan hartzen jarraitzeko asmoa agertu dute, «sektoreen gabeziak eta beharrak aztertzeko eta horiek gainditzeko neurri zehatzak finkatzeko», esan Azkaratek. «Ez ditugu ikerketak egingo egitearren. Jada egin ditugun urratsei segida emateko lana egingo dugu, jada hartu ditugun neurriak hobetzeko edota sendotzeko», zehaztu du.

Eusko Jaurlaritza osatzen duten gainerako sailekin ere harremana du Kulturak. «Hezkuntzarekin, esaterako, Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola Ofiziala sortzea bideragarria ote den aztertzeko mahaia eratu dugu. Eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailarekin, eskulangintzaren sektorean lanean diharduten enpresa txikiei nola lagundu aztertzen ari gara», adierazi du Kultura sailburuak.

Gizarteari ezagutzera emateko tresnak martxan jarriko dituzte

Kulturaren Euskal Plana martxan jarri zuenetik hona, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak «barrura begirako lan ugari baina kanpora begirako gutxi» egin duela uste du Miren Azkarate sailburuak. «Ez gara gai izan egiten ari ginen lan hori guztia plazaratzeko eta gizarteari ezagutzera emateko», adierazi du. Hala, komunikazio gabezia hori gainditze aldera, neurriak hartuko dituztela jakinarazi du. Batetik, Kulturaren Euskal Planaren web orria eratuko dute. Bertan, ematen duten pauso ororen inguruko informazioa jasoko dute. Eta hilero egingo duten buletin digitalaren bitartez zabalduko dute. Horretaz gain, erabiltzen duten material guztia argitara emango dute, ikerketak, bileren aktak eta beste. Komunikabideekin batzarrak egingo dituzte, garrantzitsu iritzi dieten ekimenen berri emateko.

Dokumentuaren akzioak