Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Kulturan erranahi asko animazio huts bilakatu dira»

Dokumentuaren akzioak

«Kulturan erranahi asko animazio huts bilakatu dira»

Atzekoz aurrera. Jean Mixel Bedaxagar. Musikaria

Dantzari, txirula jotzaile eta kantari. Zuberoako kultura bizirik gordetzen dutenetako bat da Bedaxagar. Antzinakoen kultura jaso eta zabaltzen segitzen du berak.
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2015/04/16
Lotura
Berria

Kulturaren transmisioan pertsona aktiboa da Jean Mixel Bedaxagar (Urdiñarbe, 1953). Orain ere, CD bat grabatzeko asmotan dabil. Baina kezkaturik da Zuberoako kulturaren segidarekin, eta hori izanen du hizpide gaur Iruñeko Kondestable jauregian, 19:30ean. Lehenbiziko aldiz emanen du hitzaldi hori Hegoaldean.

Zuberoako kulturaren segidak kezkatzen zaitu?

Segidaren kezka oso zaharra da. Kulturalki funtzionatu dugu berriki arte, eman dezagun, maskaradetan bezala. Hor badira dantza batzuk zer ikusteko dutenak segidarekin. Hala nola branlea. Hor barnean, kode anitz gordetzen dira. Stonehengen, Jesus aitzineko 3500. urtean, jendea elkartzen zen cromlechean. Pentsatzeko da hor komunitate batekoek ezagutzen zutela beste komunitateko jendea, eta trukatzen zituzten neskak eta mutilak, odol kidegoaren hausteko. Hori da Stonehengeko mezua, eta maskaradako branlearen mezua hori da: odol kidegoaren haustea, zeren herri batetik joaten dira beste batera.

Gero ere, kantuen erranahiak biziki inportantak dira. XIX. mende arteko kantuak dira, denak metaforak eta mutil eta nesken arteko harremanak. Beti kezka bat da gure ondotik norbait izan dadila. Eta kezka hori hautsi da.

Zergatik hautsi da kezka hori?

Elizanburu poeta handiak, ematen dizu gakoa. XIX. mendean jende pila bat sortu da, sekula izan ez dena. Hori izan da Euskal Herri eta Europa guziko drama bat. Eta zer gertatu da? Tragediarik handiena: 14ko gerra. Ez da, menturaz, hori bakarrik, baina horrek gero elkar hilarazi zituen gazteak. Ez zen segidaren kezkaren beharrik garai haietan, eta esanahi asko desagertu dira. Eta nahiz eta beharra izanen baitzen, ez dira berriz funtsean hartu.

Arriskuan egon liteke kulturaren segida?

Baietz uste dut. Zeren erranahi asko ez dira baizik animazio bilakatu. Nahiz eta baikorra nauzun, zeren gazteek elkar ikusten dute eta berdin elkar ezagutzen dute. Baina uste dut gauza zonbait behar liratekeela berriz kontuan hartu.

Kantuak duen garrantzia aipatu duzu; ohitura hori ere aldatu da?

Bai. Euskaldunek beti kantatzen dugu, baina Bob Dylan, Beatles... eta horiekin modak sortu dira, eta normala da, eta Euskal Herrian sartu dira. Beste mezu batzuk eta erreibindikazioak sortu dira. Horien menturaz, sentitzen dut gauza zonbait berriz etorriko direla beste manera batean, larru gogorra dugu euskaldunek.

Moda berriekin uztartu behar da lehengoa, segida segurtatzeko?

Odol kidegoa aipatu dut, eta besteengandik beti aberasten dira. Gure lurraldean Donejakue bidetik denak pasatzen dira, eta jakitate bat egon da hemen. Beharrik, gure hizkuntza atxiki dugu eta besteengandik aberastu.

Euskararen segidari buruz zer esan zenezake?

Sortzeak baldin badira, euskara ere biziko da. Zuberoan, gertatzen ari dena da kanpotik jende asko etortzen dela. Horiek behar ditugu konbentzitu euskararen ikastera. Horretan gara. Erronkari, Uztarrotz eta Otsagabian gertatu zena orain dela 100 urte orain hemen gertatzen ari da, baina ez manera berean, han herriak hustu ziren, eta jende gutxi joan zen.

Uler liteke kultura hori euskararik gabe?

Ez, enetzat. Ez dut euskararik gabeko Euskal Herririk ulertzen. Euskarak ez ditu oraino denak emanak. Bilduko ditu, ene ustez, latinak edo grekoak bezala, bere noblezia letrak. Ezagutza berri bat izanen du.

Zer iruditzen zaizu pastorala frantsesez idaztea?

Frantsesezko pastoralak existitzen dira. Izan dira jadanik muga herrietan, Maulen eta batzuetan egiten zituzten frantsesez, Eskiulan badakit izan direla frantsesez, eta Baretos eskualdean, horiek orain guti arte eskualdunak ziren.

Aurtengoa frantsesez idatzi da.

Ez dut uste trabarik denik, zeren eta neska batek Aita Lhande arras ongi ezagutu du, eta tesi bat ere egin dezak. Idatzi du frantsesez testua, eta gero ene lagun batek itzuli du, eta nik uste dut ongi idatzi duela.

Dokumentuaren akzioak