Dokumentuaren akzioak
Kulturak gurutzatu nahian
Itzulikaka dabilen zurezko tresna handi baten gainean daude bederatzi antzerkilariak. Erdi kantuz erdi dantzaka, frantsesezko eta euskarazko esaldiak aldizkatzen ari direla. Euskal legendak dituzte aipagai. Jean Barbier eta Jean François Cerquanten legenda bildumetan atzemanak, baita Oxobiren olerkietan ere.
Eta hara non, bazter batetik dantzariak jalgitzen zaizkien, Miarritzeko Gazte Baletako hamabi neska, dantza garaikidean ari. Hortik hurbil, Beñat Axiari, bere usaiako ahots indartsuarekin. Hau guztia eta gehiago bihar eta etzi ikusten ahalko da Batek Mila ikusgarrian, Luhusoko antzokian (Lapurdi), 21:00etatik aitzina. Nahasketa eta gurutzaketa ugari, hastetik proiektua eraman duen Euskal Kultur Erakundeak (EKE) nahi zuen bezala. Bai diziplina artistiko, bai kultura eta bai hizkuntzen arteko gurutzaketak. Nahikeria horrekin zioten preseski Pascale Daniel-Lacombe Getariako (Lapurdi) Theatre du Rivage antzerki taldeko taula zuzendariari eskatu lan hau zuzentzea. Azken 15 urte hauetan Euskal Herrian bizi bada, ez daki ez euskaraz, ez gaztelaniaz. Antzerkilari guztiak, aldiz, Getaria (Lapurdi), Errenteria, Zumaia eta Donostiakoak (Gipuzkoa) dira eta euskaraz dakite. Hauen artean daude, Dorleta Urretabizkaia, Inaxio Tolosa eta Josean Bengoetxea, besteak beste. Gehienek ez dakite frantsesez, nahiz eta antzerkian frantsesez aritu. «Begiradak gurutzatu nahi genituen», laburbildu zuen Frank Suarez proiektua koordinatu duen EKEko langileak. Zerbait berezi badu antzerki honek, hizkuntza nahasketa hori izan daiteke behar bada. Izan ere, galdera bat zeukaten hastetik dilindan: nola egin euskarazko lan bat euskara ez dakitenentzat? Zentzu horretan Batek Mila erantzun bat izan daiteke, «esperientzia bat», zioen bezala Daniel Landart EKEko zuzendariorde eta legenden itzulpena egin duenak. Hain zuzen, Daniel-Lacombek antzerkia ahal bezain bisuala izatea nahi zuen, «euskara traba bat ez izateko». Suarezek esplikatu zuenez, «gaur egun bi hizkuntzen artean bizi dela Euskal Herrian, errealitate hori taula gainean agertzea egokia» iruditu zitzaien. Euskal kultura ezagutu nahi duenei zuzendu «gomita» bat bezala ikus daitekeela obra hori zeritzon. «Euskaraz da erdaldunentzat», nolazpait. Esperientziaren parioa galduko dutela gaineratu zuen, «ikusgarrira heldu diren frantsesak galduak sentitzen badira». Luhusoz gain, kanpoan ere emateko egina baita sorkuntza. Momentuz haatik, ez dute daturik. Zenbait antzoki interesatuak dira, baina obra ikusi nahi dute erosi aitzin. Anartean, komunika dezaketen datu seguru bakarra Donostiakoa da. Heldu den abenduaren 17an emanen dute, Egiako antzokian. Han euskaraz eta gazteleraz izanen da. Horiek horrela, beste galdera bat pausa daiteke: zer interes aurki dezake euskara dakien batek ikusgarri honetan? Hastapenean euskaraz errana dena frantsesez (edo gazteleraz) ere erraiten baita, errepika hori bi hizkuntzak dakizkienak bitxi kausi dezake. Baina Daniel-Lacombek zioenez, emeki emeki oihartzun hori desagertzen da zatiak aitzinatu arau. Azkenean kasik dena euskaraz dela segurtatu zuen. Oro har, dibertitzeko eta «memento goxo bat» pasatzeko aukera ematen duela ikusgarriak dio Landartek. Suarezen ustez antzerkiak balio du baita legendetaz begirada berri bat ukaiteko, begirada gaurkotu bat. Lehen aldia da antzerki bat egiten dela gai horri buruz iduriz. Proiektua orotara 100.000 euro kostatu da. Parte handi bat ordaintzeko Akitaniako Hitzarmen Berezitik eskuratu dute dirua. Horrez gain, EKE bada ekoizle, eta Ballet Biarritz, Baionako Antzoki Nagusia eta Baionako eta itsasaldeko orkestra ere ukan dituzte partaide.
Dokumentuaren akzioak