Dokumentuaren akzioak
Kulturak gurutzatu nahian
'Batek mila' ikusgarria. Bihar eta etzi estreinatuko dute Luhuson dantza, kantua eta antzerkia frantsesez eta euskaraz nahasten dituen euskal kondairetan oinarrituriko obra.
Eta hara non, bazter batetik dantzariak jalgitzen zaizkien, Miarritzeko
Gazte Baletako hamabi neska, dantza garaikidean ari. Hortik hurbil,
Beñat Axiari, bere usaiako ahots indartsuarekin. Hau guztia eta gehiago
bihar eta etzi ikusten ahalko da Batek Mila ikusgarrian, Luhusoko
antzokian (Lapurdi), 21:00etatik aitzina. Nahasketa eta gurutzaketa
ugari, hastetik proiektua eraman duen Euskal Kultur Erakundeak (EKE)
nahi zuen bezala. Bai diziplina artistiko, bai kultura eta bai
hizkuntzen arteko gurutzaketak. Nahikeria horrekin zioten preseski
Pascale Daniel-Lacombe Getariako (Lapurdi) Theatre du Rivage antzerki
taldeko taula zuzendariari eskatu lan hau zuzentzea. Azken 15 urte
hauetan Euskal Herrian bizi bada, ez daki ez euskaraz, ez gaztelaniaz.
Antzerkilari guztiak, aldiz, Getaria (Lapurdi), Errenteria, Zumaia eta
Donostiakoak (Gipuzkoa) dira eta euskaraz dakite. Hauen artean daude,
Dorleta Urretabizkaia, Inaxio Tolosa eta Josean Bengoetxea, besteak
beste. Gehienek ez dakite frantsesez, nahiz eta antzerkian frantsesez
aritu. «Begiradak gurutzatu nahi genituen», laburbildu zuen Frank
Suarez proiektua koordinatu duen EKEko langileak. Zerbait berezi badu
antzerki honek, hizkuntza nahasketa hori izan daiteke behar bada. Izan
ere, galdera bat zeukaten hastetik dilindan: nola egin euskarazko lan
bat euskara ez dakitenentzat? Zentzu horretan Batek Mila erantzun bat
izan daiteke, «esperientzia bat», zioen bezala Daniel Landart EKEko
zuzendariorde eta legenden itzulpena egin duenak. Hain zuzen,
Daniel-Lacombek antzerkia ahal bezain bisuala izatea nahi zuen,
«euskara traba bat ez izateko». Suarezek esplikatu zuenez, «gaur egun
bi hizkuntzen artean bizi dela Euskal Herrian, errealitate hori taula
gainean agertzea egokia» iruditu zitzaien. Euskal kultura ezagutu nahi
duenei zuzendu «gomita» bat bezala ikus daitekeela obra hori zeritzon.
«Euskaraz da erdaldunentzat», nolazpait. Esperientziaren parioa galduko
dutela gaineratu zuen, «ikusgarrira heldu diren frantsesak galduak
sentitzen badira». Luhusoz gain, kanpoan ere emateko egina baita
sorkuntza. Momentuz haatik, ez dute daturik. Zenbait antzoki
interesatuak dira, baina obra ikusi nahi dute erosi aitzin. Anartean,
komunika dezaketen datu seguru bakarra Donostiakoa da. Heldu den
abenduaren 17an emanen dute, Egiako antzokian. Han euskaraz eta
gazteleraz izanen da. Horiek horrela, beste galdera bat pausa daiteke:
zer interes aurki dezake euskara dakien batek ikusgarri honetan?
Hastapenean euskaraz errana dena frantsesez (edo gazteleraz) ere
erraiten baita, errepika hori bi hizkuntzak dakizkienak bitxi kausi
dezake. Baina Daniel-Lacombek zioenez, emeki emeki oihartzun hori
desagertzen da zatiak aitzinatu arau. Azkenean kasik dena euskaraz dela
segurtatu zuen. Oro har, dibertitzeko eta «memento goxo bat» pasatzeko
aukera ematen duela ikusgarriak dio Landartek. Suarezen ustez
antzerkiak balio du baita legendetaz begirada berri bat ukaiteko,
begirada gaurkotu bat. Lehen aldia da antzerki bat egiten dela gai
horri buruz iduriz. Proiektua orotara 100.000 euro kostatu da. Parte
handi bat ordaintzeko Akitaniako Hitzarmen Berezitik eskuratu dute
dirua. Horrez gain, EKE bada ekoizle, eta Ballet Biarritz, Baionako
Antzoki Nagusia eta Baionako eta itsasaldeko orkestra ere ukan dituzte
partaide.
Dokumentuaren akzioak