Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kulturak, eskutik

Dokumentuaren akzioak

Kulturak, eskutik

Euskal Herriko eta nazioarteko musika elkartuko dira asteburuan Urdiñarben, Müsikaren Egünean. Kulturen topagune bihurtuko da

Euskal musika eta mundukoa uztartuko dituzte Urdiñarben (Zuberoa), asteburuan; ez musika soilik, baita kultura ere. Izan ere, Müsikaren Egüna ospatzen ari dira enegarrenez: atzo ekin zioten jaialdiari, eta igande iluntzera bitartean izango da zertaz gozatua herriko txokoetan. Besteak beste, Et Incarnatus Orchestra arituko da gaur iluntzean, hainbat euskal pop rock kantarik lagunduta. Bihar, berriz, nazioarteko musika taldeen txanda izango da.
Egilea
Izaro Zinkunegi Barandiaran
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/05/19
Lotura
Berria
Bil Xoria elkarteak antolatzen du Urdiñarbeko udaberriko jaialdia; «Duela 29 urte ekin zioten herriko zenbait lagunek, euskal kultura eta mundukoa nahastu eta elkarrekin bultzatzeko asmoz», adierazi du Ddiddue Etxeberri jaialdiaren antolatzaileetako batek. Helburu berari eusten diote gaur egun ere. Duela bospasei urte murgildu zen jaialdiaren antolaketan. Aurrez, zortzi-hamar lagun inguru jardun dira lanean; egunotan, berriz, 100 lagun inguru arituko dira.

Euskal Herriko eta nazioarteko sortzaileek osatzen dute Urdiñarbeko festa. Lehenengoari dagokionez, Et Incarnatus Orchestra & Eüskal pop rock kantari emanaldia izango da aipagarriena. Migel Zeberiok sortutako taldearekin batera arituko dira Niko Etxart, Naia Robles, Petti, Maddi Oihenart, Gorka Sarriegi eta Nahia Zubeldia. Etxeberrik aurreratu du sorpresaren bat ere izango dela. Gaur izango da emanaldia, 21:00etan, herriko plazan.

Hainbat herri eta estilo

Nazioarteko taldeen txanda, berriz, bihar izango da: Saint Sadrill, Los Wembler's de Iquitos, Artús, Ifriquiyya Electrique eta Throwing Snow taldeak arituko dira; Frantziatik, Perutik, Okzitaniatik, Tunisiatik eta Erresuma Batutik etorriko dira, hurrenez hurren. Rock, cumbia eta elektronika doinuak joko dituzte. Bazkalostean ekingo diote, 15:00etan, herriko plazan.

Musikak toki nabarmena du jaialdian, baina bestelako jarduerek ere badute lekua: dantzak, bertsoak eta zinemak, besteren artean. Bihar, esaterako, Kautere Balet eta Kautere Zinfonia Zuberoako dantza eta musika taldeak alaituko du goiza; txalapartari eta bertsolariak izango dira gero, eta dantzariek itxiko dute saioa, axuri bazkariaren aurretik. Kale animazioa egun osoan izango da, eta ordu txikiak arte luzatu nahi duenak ere izango du aukera, Garra Selecta taldearekin.

Gaur eta bihar izango dira Müsikaren Egüneko hitzordu nagusiak, baina atzo hasi zen jaialdia, Estitxu gogoan dokumentala eman baitzuten. Franck Dolosorrek zuzendutako lanak Estitxu Robles musikari lapurtarraren bizitza kontatzen du.

«Euskal Herriari zuzendutako jaialdia da», dio Etxeberrik. Bertako kulturaren eta mundukoaren topagune bihurtuko da, beste behin, Urdiñarbe.

Müsikaren Egüna

Gaur eta bihar, Urdiñarben (Zuberoa).
Musika emanaldiez gain, ikuskizun ugari izango dira Urdiñarben.
Musika emanaldiez gain, ikuskizun ugari izango dira Urdiñarben. JOANES ETXEBARRIA 

Dokumentuaren akzioak