Dokumentuaren akzioak
Kultura Musika Ines Garcia eta Bego Aldalur 'Frances Be', DJ-ak «Dantzalekua espazio politiko gisa aldarrikatu behar dugu»
er da Nektar kluba? Nondik dator ideia?
Ines Garcia (I.G.): Telmok eta biok Victoria Cafetik proposamen bat jaso genuen, ostiral gauetan bertan pintxatzeko, eta bururatu zitzaigun gauza kolektiboago bat sortzea, soilik guk pintxatu ordez. Begok eta biok KRII izeneko kolektibo bat daukagu, eta beraz, zentzu horretan martxa hartuta genuen. Bestalde, Gela Telmoren bikotea da, eta laurok lagunak gara. Horrela, pentsatu genuen lauron artean klub bat sortu genezakeela bertan.
Bego Aldalur (B.A.): Proposamena bidali genien Victoria Cafekoei, eta ondo ikusi zuten. Orduan, hemendik aurrera, ostiralero, 00:00etatik 03:00etara, gutako bat pintxatzen arituko da han, eta hilean behin gonbidatu bat eramango dugu. Gutxienez, urte bukaerara arte arituko gara, pixkanaka, eta gero ikusiko dugu.
Gaur bertan hasiko zarete.
I.G.: Bai, eta lehenengoa izanda, baimena eman digute 06:00ak arte aritzeko; beraz, laurak egongo gara gaurkoan, inaugurazio gisa. Oso ilusionatuta gaude.
Kluba modu kolektiboan sortu izanak indar gehiago ematen dizue?
B.A.: Indartsuagoak gara kolektiboan, bai, eta baita anitzagoak ere, bakoitzak bere estilo propioa baitu.
I.G.: Gonbidatuak ekartzeko ideia ere hortik dator, aniztasun handiagoa izatetik. Izan ere, kluba aisialdia da, baina espazio didaktiko moduko baten gisan ere ulertzen dugu; musika estilo berriak ezagutzeko edo ezagutzen zenituenak berriz dantzatzeko espazio baten gisan, hain zuzen ere.
B.A.: Gainera, pisutsua da ostiralero lan bera egitea, bai guretzat eta baita ikus-entzuleentzat ere; beraz, formatu honek aniztasun handia emango dio proiektuari.
I.G.: Kontuan eduki behar da, baita ere, normalean ordu eta erdiz edo bi orduz pintxatzen dela klubetan, eta beraz, hiru orduko set bat luzea dela. Baina, era berean, zure istorioa kontatzeko denbora pilo bat ematen dizu eta hori guai dago. Izan ere, aukera ematen digu normalean jartzen ez dugun musika jartzeko, bai luzerarengatik eta bai ordutegiarengatik. Bestalde, jendea animatzeko, sarrera doakoa izango da 01:00ak arte, eta, hortik aurrera, hamar euroko prezioa izango du sarrerak, kontsumizio batekin.
Nahiko goiz izango dira zuen emanaldiak.
I.G.: Pozik gaude ordutegiarekin, gure belaunaldiarentzat ordu ona baita. Segun eta zein DJ dagoen, agian gelditu zaitezke egunen batean 06:00ak arte, baina ez da gehienetan egiten duguna. Musika ona entzunda eta ondo dantza eginda 03:00etan etxera joatea ondo dago guretzat.
B.A.: Bai, horrela hurrengo egunean fresko zaude… Adina adina da! [barrez].
Zer ukitu emango dio zuetako bakoitzak klubari?
B.A.: Nik, normalean, teknoa edo musika azkarra pintxatzen dut, baina klub honek eta bere ordutegiak beste estilo batzuk jartzeko aukera emango dit: housera itzuli nahi dut, eta hip-hopa ere ukitu nahi dut.
I.G.: Klubeko elektronika esperimentala deitzen zaio nik jartzen dudan musikari, nahiz eta hor barruan ñabardura asko dauden. Azkenaldian, musika nahiko azkarra pintxatzen ari naiz, baina erritmo mantsoagoekin ere gustura sentitzen naiz.
Telmori dagokionez, R&Ba, musika beltza eta musika tropikala asko gustatzen zaizkio, baina house musika pintxatzeko gogoz dabil, beraz, ikusiko dugu.
Eta Gelari down tempo-a asko gustatzen zaio, eta ikerketa lan handia egiten du 1980ko eta 1990eko hamarkadetako musikan.
Nondik dator Nektar izena?
I.G.: Hainbat izen genituen buruan. Baina Telmok oso modu berezian hitz egiten du, eta behin hitz hori erabili zuen. Begok zerbait esan zuen, eta Telmok, «ona» edo horrelako zerbait esan beharrean, «nektar» esan zuen. Eta izen horrekin gelditu ginen.
B.A.: Gustatu zitzaigun: motza da, edozein hizkuntzatan irakur daiteke…
I.G.: Proiektuarekin berarekin bat dator, baita ere, guk zuku guztia aterako diogulako gauari, nolabait.
Donostiako eszenan hutsune bat betetzera dator Nektar?
B.A.: Gure belaunaldikook, 30 urte pasatxo ditugunok, dagoeneko ez gaude gau luze askorako, baina dantzatzea eta musika entzutea gustatzen zaigu. Beraz, horretarako espazio bat sortzea aberasgarria da. Adibidez, lagunekin afaldu ostean, kopa bat hartzera eta musika entzutera joan zaitezke hara. Hemen oso ohikoa da tabernaz taberna ibiltzea, baina musikari jaramon handirik egin gabe. Eta honek beste aukera bat eskaintzen du.
I.G.: Gainera, hiri gisa, kulturalki garrantzitsua da DJ-ak gune jakin batean programatzea. Eta gure musika elektronikoa, apur bat alternatiboa dena, tarteka Dabadaban eta noizean behin Le Bukowskin ez bada, ez duzu inon aurkituko.
Espazio alternatiboak sortzea oso aberasgarria da, eta klub bat zer den ikasteko aukera ere emango digu. Eta, puntu didaktiko horrekin batera, dantzalekua, aisialdirako espazio bat izanik ere, espazio politiko gisa aldarrikatu behar dugu. Jendea aske sentitu behar da nahi duen moduan dantzatzeko, janzteko… Konnotazio asko daude hor.
Dokumentuaren akzioak