Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kultura Labo XL Kronika Printzesaren etsipenetik putaren ahalduntzera

Dokumentuaren akzioak

Kultura Labo XL Kronika Printzesaren etsipenetik putaren ahalduntzera

Egilea
Jone Amezaga
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2024/11/15
Lotura
Irutxuloko Hitza

labo

Labo XL jaialdiaren inaugurazioko une bat.Joseba Parron San Sebastian

Eguna goran hasi da. Ia-ia zerua ukitu genezakeen Tabakalerako Prisma espaziotik, udazkeneko goiz hotz eta eguzkitsuak Donostiaren panoramika ederraz gozatzen utzi digun lekua. Bertatik, periferiak ez dira ikusten, “iluntasunik” sar ez dadin.

Argia besterik ez zegoen eguerdiko hamabietan eman diote hasiera igandera arte iraungo duen Labo XL seigarren jaialdiari. Egoerak eskatzen zuen moduan, modu protokolario eta zuzena jarraituz jaialdiaren babesle guztiak pasatu dira aldaretik, haien babesa eta lana azpimarratzera. Denak Puy Barral poetak aurkezturik. Hotza gorputzetik kendu digu bere ahots atseginak, eskerrak.

Han goran gertatu da lehen emanaldia. Atzeko aldetik zetorren eskaileratik, gu baino are altuago zegoen han nonbaitetik jaitsi da printzesa. Plebea agurtu eta maitasun erromantikoaren porrotari buruz eta honek sorturiko iruditegi faltsuari buruz egin dizkigu konfesioak. Neketasunetik, etsipenetik, egoerak berak bultzatzen zuen gordintasunetik. Biluztu egin da. Printzesa ikustetik, Gaizka Chamizo antzezlea bera ikusi dugun arte, metalezko barra baten inguruan aurretik botatako diskurtsoa gorpuzten zuela. Bi Zaldi musika taldearen kantaz lagundurik, pole dance diziplina bere sentimenduak azaleratzeko erreminta bezala erabiliz, bertikaltasuna zeharkatuz. Erreinu zerutiar hartan geundenok ikusi dugu Pablo Ibarluzeak zuzendutako Heroiaren Mina izena duen lan hau. Gehienbat, sektoreko kideak eta entitate “garrantzitsuen” bozeramaileak ginen, nahasketa gazi-gozoa beti.

Tabakaleraren arkitekturak duen joera bertikal honetan beheruntz joan gara arratsaldean, goia eta behearen artean dagoen horretara. Espazio trantsitatu eta ezin definitu daitekeen horietako bat baita 4. solairua, Kutxa Kultur espazio anbiguo hori. Goizeko giro adeitsu, argitsu eta zerutiarra lurreratu da bertan. Ikuslegoaren profila ere aldatu egin da. Goikoak, han nonbait zeruan galdurik, pixka bat beheragokoei utzi diete lekua, eta espazioan zeuden eserleku guztiak bete dituzte hauek.

Ederra izan da arratsaldeko tartea. Jaialdiak sortze prozesuan dauden piezei eman die aukera aurkezpenak egiteko, eta begirada horretatik, mimoz eta jakin-minez hartu ditugu hiru proposamenak. Nabiga Kolektiboaren Nondik abiatu inora pieza izan da lehena. Etengabean ardatzetik kanpo eraman dituzte gorputzak halako bidai zirkular batean Nagore Tamayo eta Natalia Belen dantzariek. Mattin Zeberiok espresuki sorturiko soinu bandan barrena, atmosfera sentibera eta ezegonkor batean murgildu gaituzte, egonkortasuna elkarren artean bilatzen zuten bitartean; hau, batak bestea alboan edukitze hutsak soilik emango balie bezala. Bigarren proposamena Alicia Lopezen gorputzetik iritsi zaigu, eta are gehiago lurreratu gara berarekin. Galiziako paisaia berdea ekarri du jada iluntzen hasia zen hormigoizko gela hotzera. Zintzarriak dantzan jarriz eta gona berde luze bat nahi zuen erara transformatuz, lotsa eta barrearen arteko marra fina gordinki jorratu du. A vergonza era verde e comeuna a vaca izenburupean absurdoaren eta jolasaren garrantzia mahaigaineratu du forma hartzen hasi berri duen lanaren lagin honekin.

Saio eskuzabal honi amaiera emanez, goizeko argitasuna aspaldi han goran utzita genuelarik iritsi da Perpetûa Vastarda konpainiaren Esto es terror. Maria Pizarro interpreteak Xerach Peñate musikaria alboan zuela, beldurrezko zinemaren generoa espazio eszenikora ekarri du. Proposamen ausart honekin publikoa zalantza konstante batean mantendu gaitu errealitatearen eta fikzioaren artean, beldurra eta barregura aldi berean sentitzen genuela. Pop kulturari erreferentziak egitea aldarrikatuz eta genero zinematografiko honen jarraitzaile sutsu deklaratuz, munstroaren bidaialagun egin gaituzte.

Enpatiatik, hiru lan hauen baitan egon diren gorputzen prestutasuna azpimarratu nahiko nuke. Tabakalerako 4. solairua den espazio zaila kontuan hartuta, lehenengoek bertako argi zuri hotzak berotzea lortu dute, bigarrenak lur gogor hori biguntzea eta hirugarrenek, igogailutik eta espazio irregular hartatik eskapatzen zen energia joaten utzi eta bertaratutakoen atentzioa mantentzea. Hori (ere) da dantzari izatea.

Eguna goitik beherakoa izan den honetan, gutxi batzuk iritsi gara igogailuan 1. botoia sakatzera, beheko iluntasun hori deskubritzera. Pena bat, MANVCODIATA-ren Putaren bakarrizketa eroetxean antzezlana galdu baitute behera begiratu nahi izan ez dutenek. Behea are ilunagoa egin duen Kutxa Kultur Kluba areto beltzean aurkitu dugu Laura Penagos antzezlea, Xabier Martinez de Lezeak itzuli eta moldatutako Franca Rame eta Dario Foren testu gogorra ederki defendatzen. Egun osoan zehar buruan eduki dudan bertikaltasunaren paralelismoari ezin hobeto etorri zaio han behean, ilunetan, taularatu den istorioa. Emakume, etorkin, ero, puta batena. Ainara Gurrutxagaren zuzendaritza duen lan honek ez du txalo zaparrada mordoa jaso, aretoan hainbeste ez ginelako; baina bai bero eta zintzoa.

Oinak lurrean eta gorputza bere lekuan genituela, atzean utzi dugu eraikinaren grabitate lege indartsua, ilargiaren argipean beste forma geometriko batzuen bila joateko. Nire kasuan borobila izan da, lagun eta kideen artekoa. Labo XL 6 gure arteko topaguneetako bat ere badelako.

 

Dokumentuaren akzioak