Dokumentuaren akzioak
Kultura 'Klera', gerra hamaika diziplinetatik kontatzeko
Argitalpen berezia, toki berezian. Klera diziplina ugari biltzen dituen albuma hezurmamitzeko prozesua azaldu dute gaur Victoria Eugeniako Klub aretoan haren sortzaileek. Zuzendaritza artistikoa eta ideia, Jon Maya Dantzari eta Kukai Dantzaren zuzendariarena da; oinarrian, gerra bizitzen ari diren dozenaka eta dozenaka haurren ikuskera. Emaitza ederra lortu dute argitalpena horretan alea jarri duten guztiek. Mayaren ideiari, Leire Bilbao idazleak jarri dizkio hitzak, June San Sebastian oiartzuar gazteak ilustrazioak, Maite Larburuk musika, David Bernuesek bideoak eta Kukai Dantzak dantza. Hori dena barnebiltzen du Klerak, liburu izatetik harago, lengoaia artistiko ezberdinak biltzen dituen albumak.
Gerraren aurkako aldarria da liburua, hala definitu du Elkarrek—argitaletxe horrekin plazaratu dute proiektu diziplina anitza—, “dantzatzen den liburua, ahotsa duena, musika duena, eta irakurri ere egin daitekeena”. Protagonista, fikziozko haurra, “testigantza eta ahotsa bereak dira, gerra batean harrapatuta dagoen haur batenak”, azaldu du Mayak. Argi dio dantzariak, “arteak kontzientziak astintzeko beharra ere badu”. Ohiko lan moldeak irauli dituztela azaldu du Mayak azken proiektu honekin, eta goxoa, xumea eta geruza askokoa dela erantsi du. Emaitza artistikoarekin pozik, zuzendari artistikoa.
Leire Bilbao idazlea bideo deia bidez izan da gaurko aurkezpen horretan. Eskerrak eman ditu lehenik proiektuan parte hartzeko izan duen aukerarengatik, eta liburua berezi-berezia dela erakusten duen datu bat ere eman du, “esku, begi eta bihotz asko izan ditu”. Dei batekin eta horretatik eratorritako galdera batekin hasi zen guztia Bilbaok nabarmendu duenez, “Ausartuko gara kontatzen umeak nola hiltzen dituzten gerratan?”. Gaur aurkeztu dutena da emaitza, lengoaia artistiko ezberdinen bidez kontatua.
Isiltasun asko dituela testuak azaldu du idazleak, “beste lengoaia artistikoak sartzen dira hor, ez betelan gisa, istorioa handiagoa egiteko baizik”. Ez dela bera irakurketa moduen gaineko aholku eman zale ere esan du, baina Klera zukutzeko gakoa ematen ausartu da gaurko agerraldian, “liburuak koska bat gora egiten du irakurketa partekatua eta ozen egin ahala QR kodeak klikatuta. Horrela eginda, irakurlea off ahotsa eta proiektu honen parte sentituko da”.
Koloreak oso garrantzitsuak direla kontaketa horretan jarri du nabarmen San Sebastianek, bere aldetik. Gerraren “opakutasuna” zuri beltzekin eman duela azaldu du, baina kolorea ere integratu duela. Ile beltza da protagonista, eta katiuska gorri-gorriak ditu soinean. Urruti eta bizkarrez azaltzen dela asko-askotan ere azaldu du ilustratzaileak, “protagonistaren anonimotasuna mantendu nahi izan dut horrela, bera haur asko izan daitekeelako”. Ahorik gabe ere azaltzen da bateren batean, “anonimotasun horrekin bat egiteko modua da hori, baita ere salatzeko, gerra egoeretan ezer esaterik ez dutela haurrek”. Gustagarria izan du prozesua oiartzuarrak, “tarteka korapilatsua ere”, aitortu du.
“Edulkoratu gabea, erreala”, hala definitu du argitalpena Larburuk, gerra eta bizipen hori bere gordinean kontatzen duena, alegia. Musika jartzeko, testua eta ilustrazioak izan zituen oinarri, baita Kukai Dantzak sortutako piezak ere, “gerraren opakoa, baina baita distira ere adierazi behar nituen musikaren bidez. Izan ere, abantaila dugu gerra distantzia batetik ikusten edo bizitzen dugunok, distira jartzea diogu”. Opakotasuna, gerraren gordina, “azal gainean egindako harramazka” bidez musikatu du Larburuk, harri bidez, edota Gazan jaurtitako benetako bonba hotsen soinutik abiatuta kasuetako batean. Sehaska kanta batekin bukatu du bere ekarpen aberatsa, biolin biluziaren doinuak tartean, eta mundu perkusiboa, “elementu kontrajarri horiekin jokatu dut”.
Klera liburu dendetan da jada. Hausnarketarako espazio bat sortzera dator, gerra gordinetik kontatuta txikiei zein helduei, ez baitiote adinik jarri argitalpenaren jasotzaileei egileek. Elkarrek esaldi bakarrean definitu du Klera: “Gerra baten aitzakian, arte lan ederra”.
HITZAk xeheago landuko du gaia ostiraleko paperekoan.
Dokumentuaren akzioak