Dokumentuaren akzioak
Kultura harremanak ereinez
Etxepare Euskal Institutuak Katalunian jarri ditu lehen haziak. Euskal
Herritik kanpo bere burua aurkeztu du lehenengoz, baita bere asmo eta
ideiak ere. Lehen aleak, ordea, ez ditu bakarrik erein. Katalunia eta
Euskal Herriko hainbat eragile kulturalen ahotsek bat egin dute
Bartzelonan, ideien zaparradak uzta oparoa emango duen esperantzarekin.
Proposamenak eta ideiak elkarrekin partekatzeaz gain, Hostoak ikuskizuna ere eraman dute «aurkezpen txartel gisa», bide batez «Etxepare ekintzen bidez zer den erakusteko».
«Ideia
ereitea da». Aizpea Goenaga Etxepareko zuzendariaren hitzak dira,
institutuaren lehen ekimenean. Eta ez da kasualitatea Etxeparek lehenik
Katalunia aukeratu izana mundura zabaltzeko. Goenagaren arabera,
«sinpatia, gertutasuna eta elkarrekiko ulermena ditugu, antzeko
errealitateak ditugulako. Errealitateaz gain, zenbait lan konpartitu
ditzakegu, baita helburuak ere». Elkarlanaren inguruan jarduteko elkartu
ziren hamabost bat lagun asteazken arratsaldean, L'Auditori aretoan;
artista eta sortzaileak, hainbat enpresako kideak, eta beste hainbat
erakundetako ordezkariak zeuden tartean. Metafora batez azaldu zuen
Fernando Bernues zinema eta antzerki zuzendariak foroaren funtsa:
«Guateke txiki bat bezalakoa da, elkar ezagutu dezakegu, eta elkar
dantzara gonbidatu».
Xavier Grasset kazetaria moderatzaile
lanetan zela, kulturaren inguruko hainbat arlo izan zituzten hizpide,
baita bi lurraldeen artean dauden harremanak ere. Baina, ba al dute
Euskal Herriko eta Kataluniako lagunek batzuek besteen kulturaren berri?
«Ez dugu elkar ezagutzen». Hala entzun zen parte-hartzaileen artean.
Zergatik? «Agian elkar gutxi ezagutzen dugu ziur gaudelako gertu egonda
ezagutzen dugula elkar, eta ez dugu ahalegina egiten kulturalki
ezagutzeko», zioen Jordi Freixes musika ekoizle eta managerrak.
L'Auditoriko zuzendari Josep Maria Dutrenek, berriz, interes falta
egotzi zion ezjakintasun horri: «Bestearengandik nahi dugun ideia egiten
dugu, interesa duenak egiten du ahalegina, nahi ez duenak ez». Juan
Mari Arzak eta Ferran Adria sukaldariek izandako elkarrizketa bat izan
zuen gogoan Pepe Zapata Mercat de les Flors antzokiko komunikazio
zuzendariak. «Ezinezkoa da kanpoan ezagutzera ematea, ez bada aurretik
barrukoa ezagutzen».
Hala ere, hizlari guztiak bat etorri ziren
Euskal Herria eta Kataluniaren arteko elkarlanak emaitza onak izan
ditzakeela, horrek artista zein enpresentzat dituen onurak kontuan
hartuta. Jon Maia dantzariaren ustetan, «aberastasuna aldebikoa
litzateke. Artistarentzat garrantzitsua litzateke merkatu berri bat
irekitzeko, baita formazio aldetik ere. Erakusketa tokietatik abiatuta,
sorkuntzan, elkarlanean eta abarretan egon daiteke jarioa». Aitor Arruti
Euskal Etxeko ordezkaria ere iritzi berekoa zen: «Indarrak batzen
saiatu behar dugu, kolaboratzen, bat gehi bat hiru izan dadin».
Elkarlanaren
beharraz ados agertu ziren, baina nola jokatu mundura zabaltzeko?
Hainbat bide aipatu zituzten; hala nola, promozioa, koprodukzioa eta
erakundeen ezinbesteko bultzada. Kulturaren inguruan biltzen diren
eragileen arteko ezberdintasunak azaleratzeko balio izan zuen gaiak,
norberak bere ikuspuntutik hitz egin baitzuen. Cruz Gorostegi Syntorama
musika konpainiako ekoizlea promozioaren alde mintzatu zen: «Inbertitzea
da lan egiteko modua, eta nik proiektuak ondo aukeratuko nituzke,
urtean proiektu bat edo bi, benetan interesa dutenak». Gorka Benitez
musikariak, ordea, aintzat hartzen ez dituztenen aldean ikusten du bere
burua. «Irizpide falta handia dago. Artistak sortu egiten du, baina bere
lana baloratzen dakien jende kritikoa behar du. Gauza bat kultura da,
eta bestea industria. Kultura ikerkuntza bezala da, inork ez du horretan
inbertitzen».
Koprodukzioari dagokionean, «bi kulturen arteko
lehorreratze baten» alde agertu zen Ana Pimenta, antzerki munduko
aktore, zuzendari eta ekoizlea. «Koprodukzio posibleen inguruan
informazioa eman eta jaso, proiektuak aurkeztu, eta elkarlanerako
sozioak bilatu beharko genituzke». Kostuak merketzeko aurrekontuak
gehitzea proposatu zuen, beti ere erakundeen laguntza izanda.
Erakundeei kritika
Instituzioen
jarrera, ordea, «kezkagarria» da, Bernues zuzendariaren eta beste
zenbaiten arabera. «Sorkuntza arloan ez dago ekoizpen esparru
publikorik. Inflexio puntu bat litzateke euskal dramaturgia berria;
existitzen da, baina sakabanatuta eta baztertuta dago». Politikariek
arlo profesionaletik gauzek nola funtzionatzen duten jakin beharko
luketela ere azpimarratu zuten, eta garrantzitsuena: erakunde publikoen
inplikatzea. «Parte hartzeko deia egingo nieke, moralki lehenengo, eta
ekonomikoki gero, dena ekimen pribatuaren esku uzten ari garelako»,
adierazi zuen Marta Monfortek, Gasteizko Principal antzokiko
zuzendariak. «Ondoren espazio publikoetatik pauso asko eman beharko
lirateke, formazioan eta sorkuntzan».
Euskal Herriko egoeraren
aldean, Katalunia «pauso batzuk aurrerago» doala nabarmendu zuten
gehienek. Oinarrietara jo zuten. Igor Otxoa Oreka TX taldeko
txalapartariaren arabera, «Euskal Herrian behintzat kulturaren katebegi
guztiak ez daude ziurtatuta. Hutsune handia izan dugu urteetan eskola
mailan egin den lanarekin, baita formazioari dagokionean ere. Eta hori
nabari da». Formazio eszenikoaren eskolarik ez izatean, askok atzerrira
joan beharra dute euren ikasketak burutzera. Entzuleen artean zegoen
Eneritz ondarrutarraren kasua da. «Bartzelonara etorri naiz dantzari
bezala heztera, Euskal Herrian gabezia baitago arlo horretan». Horrez
gain, erakundeen inplikazio ezak eta formazioan dagoen hutsuneak
«Kukutza gaztetxea bezalako zentro kulturalak sortzea behartzen du»,
haren ustetan.
Katalana eta euskara
Hizkuntza ere
izan zuten hizpide, ekoitzitakoa nola zabaldu aztertzerakoan. Jordi
Gonzalezek, Focus taldeko Arte eta Edukien zuzendari ordeak, katalanaren
aldeko apustu argia egin zuen, baina sortzailearen defentsan oinarritu
zuen batik bat bere diskurtsoa. «Sortzaileak defendatzea da
garrantzitsuena, eta era berean eurek defenda dezatela katalana.
Jatorrizko izendapen bat defendatzen ariko da horrela; hizkuntza bat
baino gehiago, egiteko modu bat. Horrek bidea irekiko die beste artista
batzuei euren burua hizkuntza horretan adierazteko. Sortzailea munduan
jartzen badugu, gure kultura ere munduan izango da».
Gonzalezen
hitzei erantzunez, Ana Pimentak bi lurraldeetan dagoen errealitatea
bereizi zuen arlo horretan. Haren arabera, Katalunian lortu dute
katalanezko obrekin antzokiak betetzea; Euskal Herrian, ordea, egoera
bestelakoa da: «Euskarazko antzerkia beherantz doa. Obra berean euskaraz
30 lagun joan daitezke, eta 150 gaztelaniaz. Nire ustez euskalduna
Euskal Herrian egiten den guztia da, euskaraz edo gaztelaniaz izan».
Pimentaren iritziz, «hizkuntza ez da euskaldun gisa defendatu beharko
genukeen gauza bakarra».
Bi ordu inguruko hizketaldiaren ondoren,
gustura geratu zen Aizpea Goenaga Etxepareko zuzendaria. Hizlariek
proposatutako ideiak banan-banan apuntatzen jardun zuen. «Ordaindu
ezinezko ekarpena jaso dugu, espero nuena baino askoz handiagoa. Orain
lanean jarri behar dugu». Izango dute laguntza horretarako. Izan dute
jada, Euskal Etxearen egitasmoei esker. «Euskal Etxeak EH Sona
jaialdiaren eta bestelakoen bitartez erein duen lan horrekin bat egiten
dugu; plazera da euskal enbaxadoreekin batzea», adierazi zuen Goenagak.
Kataluniako Ramon Llull Institutua ere lagun izango dute, «Etxepare
katalana», baita ICIC Kataluniako Industria Kulturalen Institutua ere.
Madrilen eta New Yorken izango da Etxepare datorren aurkezpenak egiten.
Maria Lledo Ramon Llulleko musika arloko arduradunak jarraitu beharreko
bide-orria zehaztu zuen, euren esperientziatik abiatuta: «Ondo aukeratu
behar da gauzak nola aurkezten diren; funtsean erraza da, baina
asimilatzen zaila zoazen lekuaren arabera».
Foroaren biharamunean, Hostoak
ikuskizuna aurkeztu zuten atzo. Oreka TX, Amaren Alabak eta Kukai
dantza taldeak lehenengoz eskaini zuten saioa Euskal Herritik kanpo.
«Arte eszeniko guztiak biltzen dituenez, momentu ona da ezagutzera
emateko», zioen Goenagak.
Hamabost profesional bildu ziren asteazkenean L'Auditori zentroko areto batean; tartean, artistak, enpresa pribatuetako kideak eta erakundeetako ordezkariak. / ORIOL CLAVERA
Jon Maia, hizketan; ondoan, Bernues eta Monfort. / ORIOL CLAVERA
Dokumentuaren akzioak