Dokumentuaren akzioak
Kultura ezberdinak hurbiltzen urtez urte
Irungo Eraiki dantza taldeko partaideek Nazioarteko Gazteen Folklore Jaialdia antolatzen dihardute azken urteotan. Aurtengoa hamargarren edizioa da, berezia eta ekitaldi hunkigarriz betea
Denbora honetan hobetzen joan da pixkanaka-pixkanaka: "Oso pozgarria izan da hainbeste jende ezagu-tzea eta gure lurraldearen hoberena eskaini eta erakustea", azaldu du Amaia Ausan , arduradunetako batek.
Kanpora ateratzen direnean kontaktuak egiten dituzte. Jaialdirako interesatzen zaien edo ez baloratzen dute eta aukeratutakoekin harremanetan hasten dira. Informazioa, argazki, telefono, internet, bideo edo argazki bidez jasotzen dute.
Normalean talde gonbidatuak lau izan ohi dira, baina aurtengo honetan urteurren berezia ospatzen dutenez bost izango dira: Abrasevic (Serbia), Sama Ballet (Sri Lanka), Mindia (Georgia),Chkolneye Gody (Errusia) eta Es Broll (Ibiza). Beraien ustez, bereziena Sri Lankakoa da. Aurreko urtean izandako tsunamia ren ondoren, hona gonbidatzeko gogo bizia zuten antolatzaileek. Frantziako enbaxadaren bidez ekartzen saiatu ziren, eta aurten Espainiakoaren bidez lortu dute. Berebiziko erronka izan da haien dantzak oso desberdinak direlako.
arazoak Adingabeen kasuan nazioarteko bisatuak eskuratzea oso zaila da. "Gurasoen laguntza gabe bidaiatzen dutenez, paper hauek lortzea oso zaila bihurtzen da", esan du Amaiak. Talde guztiak mistoak dira, zortzi eta 16 urte bitartekoak, nahiz eta gazteago edo zaharragoaren bat izan noiz edo noiz. Taldeko 35 bat pertsona onartzen dira, aurten dantzari, musikari eta arduradunen artean 175 bat pertsona etorri dira. "Asko baloratzen dugu zuzeneko musika ekartzen badute", azpimarratu du arduradunak.
Musika indartsuek sekulako arrakasta dute euskaldunen artean eta Ekialdeko dantzak izaten dira gustokoenak salto asko ematen dituztelako. "Finak eta zarata gutxikoak direnak, hemengo ikuslegoari ez zaizkio gehiegi gustatzen", esan ohi du. Taldeak erakustaldia egitera etortzen dira eta trukean oroigarri bana jasotzen dute. Dantza hauekin beste kultura, ohitura eta historia batzuk ezagutzera ematen dituzte.
Jaialdiak herri desberdinetan egiten du bere ibilbidea, honako arrazoiarekin: kostu altua. Hori dela eta, ikuskizunak udaletxeei saltzen zaizkie eta lortutako diruarekin gastu guztiak ordaintzen dira. Emanaldiak kalean egiten dira eta 900 bat aulki jartzen dira. Zarautzeko kasuan, adibidez, "Munoa plazan ipintzen diren eserleku guztiak bete-tzen dira eta inguruetan zutik dauden jendetzarekin beteta egoten dira", gogoratu du Ausanek.
pasadizoak Partaideek jatorduetan zer jan ahal duten galdetzen dute, hauek ohitura eta erlijio desberdinak edo osasun arazoak izan ohi dituztelako. Aurten, Sri Lankako taldekoek ez zieten ezer berezirik aipatu eta arraina jarri zitzaienean inork ez zuen probatu ere egin, guztiak begetarianoak baitziren. Txinatarrak berriz, dutxatzen zirenean, bainugela urez gainezka uzten zuten. Dutxatu beharrean urez bustiriko toailekin garbitzen baitziren.
Baina esperientzia txarrak ere bizitzeko denbora ere izan dute. Marokoko talde bat etorri zenean. "Jaialdia inauguratzen zuten egun berean, erregea hil zela jakinarazi ziguten eta taldekideek atsekabeturik, ez zuten dantzatu jaialdi guztian", adierazi du Ausanek.
Atzo, jaialdia inauguratu aurretik, Udaletxean 20.30ean herriko agintariek harrera egin zieten. Ondoren, dantzan ibili ziren San Juan Plaza eta Euskal Jai frontoi arteko ibilbidean. 22.00etan hasi zen Jaialdia.
Dokumentuaren akzioak