Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kultura Dantza Dantzari gazteei Segurako topaketan parte hartzeko deia egin diete

Dokumentuaren akzioak

Kultura Dantza Dantzari gazteei Segurako topaketan parte hartzeko deia egin diete

Euskal Herriko III. Gazteen Dantza Topaketa egingo dute ekainaren 27tik 29ra Seguran. Oraindik izena emateko aukera dute taldeek.
Egilea
Iñaki Gurrutxaga
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Segura
Mota
Albistea
Data
2025/04/05
Lotura
Goierriko Hitza

Ezkerretik eskubira, Andoni Iturbe, Izarra Urdalleta, Eider Mendoza, Xabier Mendizabal (mikrofonoan) eta Pedro Romeo. Iñaki Gurrutxaga

Euskal Herriko dantza taldeetan belaunaldi-erreleboaren faltari buruz hausnartzeko eta irtenbideak proposatzeko mahai-inguru batekin ekin diote gaurko egunari. Xabier Mendizabal Barandiaran Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko presidenteak gidatuta, Ane Ubarretxena (Eskola dantza taldea, Donostia), Uxue Oleagordia (Edurre dantza taldea, Basauri), Eder Niño (Laguntasuna dantza taldea, Barakaldo) eta Bingen Belaustegi (EDB, Araba) aritu dira hizketan.

Topaketaren aurkezpena plazan
Izarra Urdalleta Segurako alkatea izan da aurkezpenean hitza hartzen lehena. Adierazi du Euskal Dantzarien Biltzarretik proposamena jaso zutenean “gustura” heldu ziotela erronkari. Segura dantzarekin lotura duen herria dela nabarmendu du –horren erakusgarri Euskal Herriko Dantza Sueltoko txapelketa–, eta aipamen berezia egin du Segurako Azpilla dantza taldeari, “horiek baitira dantzari eusten diotenak”. San Joan jaiak ekainaren 25ean bukatuko dira Seguran, eta segida-segidan egingo da topaketa: “Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko” esanez amaitu du hitzartzea. 

Eider Mendoza Diputatu Nagusiak dantzak, eta oro har Gipuzkoak, duen erronka bati egin dio aipamena. “Mahai-inguruan erreleboaren erronka aipatu da, eta hori da Gipuzkoak arlo askotan duen erronka. Erakundeek babesa adierazi behar diote dantzari, eta bereziki dantzari gazteei”. Bi mezu nagusi nabarmendu nahi izan ditu: komunitatea eta erreleboa. “Pirinioen bi aldeetan egiten da dantza, eta dantzan indarra jarri nahi dugu, balioa eman. Eta erreleboari dagokionez, babesa eskaini, ikusgarritasuna, elkarlana, elkar ezagutzea. Jarrai dezagun euskaraz kantuan eta dantzan”.

Andoni Iturbe Kultura sailburuordea orain hiru-lau urte hasitako bideaz aritu da. “Asparrenan hasi ginen, Araban, eta iaz Areatzan, Bizkaian. Aurten Gipuzkoan izango da, Seguran. helburua izan behar du dantzari prestigioa ematea, erronka da hori”. Euskal Dantzarien Biltzarrari zuzenduz esan du Eusko Jaurlaritzaren “konpromisoa” badutela. “Erakundeen arteko elkarlana inportantea da, dantza munduak eta erakundeek bat egitea”.

Pedro Romeo Euskal Dantzarien Biltzarreko presidenteak erakundeei, udalari eta boluntario guztiei eskerrak emanez hasi du bere hitzartzea. “Dantza tradizionalaren belaunaldi aldaketa bermatzea da helburu nagusia, elkarrengandik ikasi eta irakasteko. Altxor kolektiboa da, transmititu eta zaindu behar duguna. Ondare bat, harrotasunez jaso dugun altxor bat”.

Iruñeko Tiriki Trauki fanfarrekoak, gaur eguerdian, Txanbolinpen.Iñaki Gurrutxaga

Segurako topaketari buruzko zertzeladak
Xabier Mendizabalek aurreko bi edizioetako datuak eman ditu lehendabizi. Asparrenan 117 dantzari elkartu ziren lehen edizioan, 23 dantza taldetakoak, eta bigarrenean, Areatzan, 106 dantzari 22 taldetakoak. “Segurarako 97 dantzari daude izena emanda, 26 dantza taldetakoak. Orain badago izena emateko aukera”, nabarmendu du. 

Gogoratu du topaketa hauen lanketa egiterakoan dantzari gazteei galdetu zietela ea zergatik dantzatzen zuten. “Euskal Herriko dantza tradizionalak mantentzeko, harremanak egiteko, talde giroa izateko, lagunak egiteko, eta ariketa fisiko eta mentalerako” izan ziren erantzunak, Mendizabalek esan duenez. “Topaketa Segurara ekarri dugu zuek ondo ezagutzen dituzuelako gure dantzak”.

Segurako Baratze pilotalekua izango da dantzari gazteen topalekuan, han egin dituzte otorduak, eta lo ere bai. Ekainaren 27an, ostiralean, harrera egingo dute lehenik, eta gero taldeen aurkezpena. 20:30ean, dantza-plaza. Larunbatean, 28an, mendi ibilaldia egingo dute lehenik, arratsaldean kalejira, eta gero desafioa. “Talde bakoitzak desafio bat prestatu beharko du Urtz taldearen abesti batekin, eta puntu gehien lortzen dituenak Urtz taldearen kontzertu batean dantza ahal izango dugu”. Afalondoren Mutiloara joango dira, eta Joselu Anaiak taldearekin erromeria egingo dute. Azken egunean, igandean, dantzari gazteen komunikazio sareak osatzeari emango diote garrantzia.

Informazio gehiagorako eta izena emateko gazteendantzatopaketa.eus webgunera jo behar da.

Dokumentuaren akzioak