Dokumentuaren akzioak
Kultura bateragaitzak eta maitasun ezinezkoa islatuko ditu Zamalzain-ek
Euskal erromeo eta julieta-ren MUSTRAKA.
Euskal Erromeo eta Julieta bat... halaxe azaldu zuen Jean-Dominique Espil, Beritza konpainiako zuzendari eta prentsa arduradunak, Pier-Paul Berzaitz kantari, musikari eta ikusgarri idazle muskildiarrak moldatu duen obra berriaren mamia. Allande Oihenart, bizi urrats eta Euskal Spiritu obrekin hasi eta hazitako lanen ildotik, Berzaitzen komedia musikal berri honek ikusmin oso handia sortu du. Ezen, larunbat arrats honetako 21:00etan eta igande arratsaldeko 17:00etan emango diren bi agerraldientzako leku guztiak jada salduta daude. Ez du balio, beraz, sarrera txartela aurretik erosi ez duen jendea etor dadin Mauleko Jai Alaiera; alferretan izango litzateke-eta...
Hala ere, atsekabetuta egongo direnak kontsola daitezen: beste ikusgarririk emango du Beriza konpainiak, hala nola Donibane Lohizunen, Donapaleun, Maulen bertan 2003ko udan baita... Aragoiko hiri nagusi Zaragozan ere. Baionan ematekoa zena, aldiz,bertan behera utzi da, leku egokirik aurkitu ezean. Emango diren agerraldien datak ez dira oraingoz zehaztuak baina horrela egon bezain laster, jakinaraziko da.
Zamalzain izena eman zaion ikusgarriaren prestatzen hilabeteak deramatzate Zuberoako eta Aragoiko dantzari, kantari eta musikariek. Guztira, 60 zuberotar eta aragoitar dantzari eta musikari eta Zuberoako 14 kantari saioak egiten aritu dira, kasu gehienetan bakoitza bere aldetik. Haatik, ikusgai bat osatzekotan, Didier Kimun ikusgarri moldatzailearen zuzendaritzapeko eta elkarren arteko saioak ezinbestekoak direnez, Mauleko Jai Alaian egin dira saiakera horiek. Hauetako bat egin zen joan den igandean.
Kultura bateragaitzen ildotik, ez zitekeen maitasun alorrik landu
Gauza ederrik miretsiko eta adituko dute Zamalzain ikusterat etorriko direnek, hala nola Zuberoako dantzetan koregrafia berriak, bizpahiru kantu ezagunen artean, Pier-Paul Berzaitzek berak asmatu eta moldatutako abesti berriak, eta Euskal Herrian ikusi eta entzun ohi ez ditugun Aragoiko dantza eta jota kantuak. Euskal kultura sakonki bizi duen edonor berehala ohartuko da, ziur aski, zelako ezberdintasunak dauden Zuberoako euskal kulturaren eta, tamalez baina, folklore itxuran soilik geratzen diren Aragoiko kultur ezaugarrien artean.
Zamalzain ikusgarriak berak oso nabarmen uzten du ezberdintasun hori, baina, nola edo hala, islatzen du ere bi kultura hauen bateraezina. Didier Kimunen moldakuntza lanak hala nahi izan edo ez, Zuberoako eta Aragoiko dantzak, bata besteari so egoten bezala dira baina inoiz ez dira bateratzen. Elkarren alboan dira baina elkartuta behin ere ez, salbu, beharbada, azken dantza batean. Une honetan ere, hargatik, oso nabarmen geratzen da berez estetikoa den Zuberoako dantzaren eta erabat fisikoak diren Aragoiko dantzen arteko ezberdintasuna.
Kultura bateragaitz hauen ildotik maitasun alorrik ez zitekeen landu. Hori da, hain zuzen, ere Zamalzain ikusgaiaren ardatza. Mauleko jaietan Zuberoako zamaltzain dantzari bat eta Aragoiko neska dantzari bat maitemintzen dira edo hala uste dute behintzat. Alabaina, besta giroan izaera ezberdintasunak ahaztu egiten ahal badira ere tarte batez, eguneroko errealitateak berriro azaleratzen dira. Kultura nortasun desberdinek ez dute, haatik, elkartzea erabat ezinezkoa egiten eta hori agerian utzi nahi izan du, Zamaltzainen azken irudiak, espartinen bideari agur egitean.
kantariak
Zuberoako herri kantagintza berria, taula gainean
Dantza, musika, antzerki-joko agerraldiez gain, Zamalzain ikusgarriak Zuberoako herri kantagintzaren sendotasuna nabarian uzten du. Ai ardua! edo Pilotarien Biltzarra bezalako kantu zahar ezagunez gain, Pier-Paul Berzaitzek asmatu eta moldatu abesti berriak ere gozatuko dira ikus-entzungai honetan. Azken batean, iragana, oraina eta geroaren arteko zubi hori islatzen dute ere kantariek beraiek, bi belaunalditakoak elkartuta baitira taula gainean.
Berrogei eta berrogeita hamar urteko kantari tradizionalak diren Mixel Arotze, Pier-Paul Berzaitz, Pantxoa Cousteau, Pierrot Estekahandi, Joël Huc, Filipe Othaburu eta Arño Uhaltekin batera oholtzan kantari egongo dira hogei eta berrogei urte artekoak diren Claudine Arhantzet, Isabelle eta Pascale Elixondoborde, Maialen Estekahandi, Beatrice Eiheramendi, Isabelle Jauri eta Delphine Urrutiager.
Jean Bordaxar eta Jean-Louis Bidaberen inguruan iragan hilabeteetan eratu zen Nola kanta, hala bizi ikus-entzungarriaren ildotik, Zuberoako kantagintza berriak Zamalzain-ek eskaini dion alor berria landu du.
Dokumentuaren akzioak