Dokumentuaren akzioak
Kultur trukea Italian
Nazioarteko Folklore Jaialdian hartuko du parte Alurrek hiru aste barru
Baiona,
Anoeta, Zestoa, Irun eta Tolosako 8 musikari, 18 dantzari, 3 begirale
eta taldeko arduraduna abiatuko dira hilaren 24an Italia aldera.
Jaialdia hartuko duen hirira heldu aurretik Nimes, Genoa eta Florentzia
ezagutzeko aukera izango dute, eta ondorengo bost egunetan, berriz,
jaialdian murgilduko dira, Indonesia, Hungaria, Italia, Mexico, Isla de
Papua, Eskozia, AEB, Bielorrusia, Venezuela eta Turkiako taldeekin
batera. Dantzatu, elkar ezagutu, elkarrengandik ikasi... norbere
kulturaren oinarriak trukatzea izango da egun horietan xedea. Abiatzeko
eguna iritsi bitartean, prestaketa lanetan dabiltza guztiak; musikariek
dantzen musika prestatzen, eta dantzariek koreografiak. Horretaz gain,
ordea, ikuskizun soil batean geratzen ez delako, musika tresnen eta
gure dantzen historia ere ari dira prestatzen, jaialdikoei azalduko
dietelako, eta parte hartuko duten herrialdeetaz ere ari dira
informazioa biltzen.
Kultur trukea oinarri duen proiektu hau aurrera ateratzeko, Alurrek
Eusko Jaurlaritzaren eta Europako Fondo Sozialaren laguntza izan du;
Eusko Jaurlaritza kudeaketa eta aholkularitza alorrari dagokionez, eta
Europako Fondo Soziala aurkeztutako Dantza bizirik dago izeneko proiektua onartu ostean emandako diru laguntzari dagokionez.
Proiektuaren oinarria
Duela urtebete Ezpeletako Gauargi jaialdian
parte hartu zuen Alurrek. Estrainekoz, gisa horretako esperientzia
jasotzeko aukera izan zuten, Armenia, Moldavia, Frantzia, Mexiko eta
Senegaldik joandako taldeekin batera dantza eginez.Gauargiko
esperientzia «oso aberatsa» izan zen, iritziak eta lana egiteko eta
pentsatzeko moduak alderatu ahal izan zituztelako herrialde
desberdinetan bizi den jendearekin, eta hori «bereziki gazteentzat oso
baliagarria izan zen». Halaber, gure kultura eta tradizioak barreiatu,
eta besteengandik jasotzeko ere, horrelako jaialdiak oso garrantzitsuak
direla ikusi zuten Alurreko ordezkariek. Hori guztia kontuan hartuta,
Italiatik jasotako gonbita onartzea eta proiektu berri batean
murgiltzea erabaki zuten.
«Udalaren babesik gabe»
Proiektu honetan aurrera egiteko Ibarrako dantza taldeak ezinbestekoa izan du Eusko Jaurlaritzatik eta Europako Fondo Sozialetik jasotako laguntza. Laguntza hori posible izateko, halaber, Ibarrako Udaleko Kultura eta Gazteria teknikariaren lana ere oso garrantzitsua izan da, diru laguntza emateko orduan aurkeztu beharreko txostena egiterako orduan, besteak beste.
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak proiektu honetarako solaskide bat eskatzeko orduan herriko Kultur teknikaria aholkatu zion Alurr dantza taldeari. Herriko hainbat gaztek, idatzi baten bidez, Udalari proiektu honetarako teknikariaren laguntza eskatu zioten, eta honek onartu egin zuen. Era berean, Hauspoak Gobernu Batzarrean eskaera egin zuen dantza taldeari Kultur teknikariak lagun ziezaion kultur trukaketa honetan, herriko ordezkari gisa, Italiara joanez ibartarrekin. Udalak, ordea, eskaera ez onartzea erabaki zuen, «ekimena dantza taldearena dela eta ez dagoela Udalaren ordezkapena justifikatuta» argudiatuz; hori ikusita, Alurrek Udalaren jarrera salatu nahi izan du.3Dokumentuaren akzioak