Dokumentuaren akzioak
Kultur politikaren eraikuntzan
Euskal Elkargoaren kultur politikarako proiektua ez da oraino jendaurrean agertu, hautetsiei otsailaren 4an aurkeztuko dietelako, baina joan den abenduaren 15ean kritikatua izan zen Taula federazioak argitaratu gutun ireki batean. Ipar Euskal Herriko hogei antzerki eta dantza konpainia biltzen dituen federazioak ukana zuen politika proiektuaren ardatz nagusien berri. Elkargoak konpainia anitz “sostengatu” dituela eta 2023. urtean ere hala egiten duela onartu, baina geroan “gibel egite” bat aurreikusten dute.
Taulako kideek ez dute prentsaren galderei ihardetsi nahi artikulu batean, haien hitzari oihartzun desegokia eman zitzaielakoan. Gutun irekian idatzi zutenez, aldiz, sentitzen duten arriskua salatzen dute: “Sorkuntza eta espazio publikoan eta ikus-entzule guztientzat hedapena ez baldin bada gehiago Euskal Elkargoaren lehentasuna, gure lurraldeko konpainia anitz ahulduak izanen dira”. Hameka fabrika gelditu izanaz ere damu da federazioa, preseski sorkuntza eta hedapenerako tresna bat zelako. Elkargoaren proiektu berriak “hondamendi kultural baten mentura” dakarrela ere idatzi zuten.
EKE, kultur proiektuan
Kultur politikarako Euskal Elkargoak prestatu proiektua, aldiz, profesionalen arloa baino zabalagoa izanen da. Profesionalentzako laguntzak mantenduko direla ziurtatu du Antton Kurutxarri Elkargoko Kultura sailburuak, eta haien laguntzea Elkargoak hartuko duela bere gain. Amateurren laguntzeko ardura, berriz, eta kultur herrikoiaren saila laguntzea orokorki, Euskal Kultur Erakundeak (EKE) hartuko luke.
Azken bi urteetan EKEko zuzendari Johañe Etxebestek aldi hori Elkargoko zerbitzuekin instituzioen “osagarritasuna lantzen” pasatu du. Haren ustez, EKEk gauzak abiarazteko behar den “malgutasuna” badu, eta Elkargoak, ahal handiagoak: “Guk gauzak zale plantan ezartzen ahal ditugu eragileekin, ez baitugu halako burokraziarik, eta, plantan direlarik, Elkargoa ahalekin heldu bada, haboro ekartzen ahal du”. Osagarritasuna horretan ikusten duela zehaztu du.
EKEren eta Euskal Elkargoaren proiektu berrien xehetasunak ondoko asteetan ezagutaraziko badituzte ere, rol banaketaren ardatz nagusiak markatuak dira, Etxebesten arabera: “Profesionalen sorkuntza osoki utzi dugu, Euskal Elkargoak hartu baitu, eta gu haboro dedikatuko gara amateurren mundurat, kultura herrikoira, artista amateurrak laguntzera literaturan eta beste…”. Hedapenerako laguntzarekin segituko dute geroan ere; Ibilki programarekin, adibidez. “Herrietan euskal kultura hedatzeko programa da Ibilki, eta jarraikiko dugu. Hego Euskal Herrian ere sare bat badugu hedapenerako”, gehitu du zuzendariak.
Euskarazko kulturari buruz, Etxebestek aldaketa bat iragarri du: laguntza deialdietan, orain arte, euskarazko proiektuak aurkeztea ez zen argiki markatua zen irizpide bat, “nahiz proiektu guti zen euskaraz egiten ez zirenetan”, eta ondoko urteetarako plangintzan, berriz, “euskararen irizpidea ezarri eta baloratzeko xedea izanen da proiektu berriarekin”.
Garapen Kontseilua, lanera
Garapen Kontseilua, historikoki, politika proiektuen pentsatzeko eta idazteko hautetsien bidelaguna izan da. Euskal Elkargoa sortu zenetik, aldiz, elkartearen rola “sozietate zibilean oinarriturik” den iritzi bat ematea da, proiektu politikoa egin aitzin eta ondotik. Kulturarentzat ez dute egin, testuinguruak lanketa zaildu duelako, Paxkal Indo Garapen Kontseiluko presidenteak esplikatu duenez: “Azken urteetan, kulturak bizi izan du koiuntura krisi ikaragarria COVID-19agatik; ez zen momenturik egokiena kultur mundua biltzeko, eta bereziki profesionalak, pixka bat proiektatzeko zer izaten ahal den biharko kultura Ipar Euskal Herrian”. Gainera, EKEk eta Departamenduak ere gogoeta hori hasia zutenez, nahiago izan dute “goaitatu, bertzeek egin dezaten lan hori”, ikusteko kontseilua bera nola kokatu.
Asteartean bildu zen Garapen Kontseiluaren kultura batzordea, eta lanean hastea deliberatu zuten, kontuan hartuz kulturan ildo politikoak markatzen dituzten instituzioak: EKE, Euskal Elkargoa, Departamendua, Akitania eta Frantziako Gobernua. Kultur politika bat duten hiri handi eta herri ertainak ere multzoan sartu dituzte. Lan horren proiekzioa, Indok iragarri duenez, epe luzekoa izanen da: “Erabaki dugu gaur hastea lan hori, eta hemendik zenbait urtera hautetsiek ukanen dute dokumentu berri bat kontuan hartuko dituena gizarte zibilak dituen frustrazio eta esperantza guztiak”.
Denen artean erabakitzekoa badute ere, Garapen Kontseiluko presidenteari iduri zaio ez dutela iritzirik emanen Elkargoak aurkeztuko duen kultur proiektuaz. “Azken finean, badakigu zein konplikatua den, gaur egun, politika bat idatzi eta gauzatzea”. Elkargoaren lan ildoetarik batean —hain zuzen, lurraldearen “parekidetasunean”—, Indok ñabardura batzuk azpimarratu ditu, halere. Kasurako, ohartu direla Garapen Kontseiluan ez dutela ikusten “oreka istorio bat barnealdearen eta kostaldearen artean”. Hala, uste dute barnealdeak behar duela “garapen plan propioa. Ikusi behar da barnealdea bere indar eta ahuleziekin, baina, bereziki, bere indarrekin”.
Politika publikoek duten “sekulako inertzia” ere aipatu du Indok. Gauzak fite joaten diren garaian, haren ustez, “euskal kulturarentzat ezin da inertziarik ukan; bestela, hilko da”. Horregatik dute deliberatu, preseski, kultur politika honetan baino gehiago, ondokoan eragiteko lanean hastea: “Entseatzen gara geure burua geroan kokatzen eta ondoko urratsari ematen premia eta lan denbora”. Elkarteburuaren erranetan, bestalde, kulturaren inguruko “tabu anitz badira”, eta horietan sartu nahi lukete: “Probokazio edo txiste gisa aipatu dut egiazki nahi dugunez Ipar Euskal Herria euskaldun izan dadin, edo elebidun. Hori galdera bat da, eta horren inguruan tabu anitz bada”.
Dokumentuaren akzioak