Dokumentuaren akzioak
Kultur dinamika berritzailea agertuko du Xiru jaialdiak Gotainen
XIII. edizioa ospatuko du aurten Gotaineko Xiru festibalak. Abotia elkarteak antolaturik, martxoaren 22tik 24ra azalduko den jaialdi honek berriz ere sormen berritzailea eta tradizioa elkartzen dituzten ikusgarri bereziak eskainiko ditu hiru egunetan.
Elkarteak atzo ekimenaren aurkezpena egin zuen eta jaialdi honen helburuak hiru hitzetan laburbildu zituzten, sormena, bizia eta tradizioa. «Jaialdia duela hamahiru urte jarri genuen martxan eta Ipar Euskal Herriko artisten arteko kezka batetik abiatu ginen. Gaur egun Xiru eta inguruan antolatzen diren ekimenekin indar pozgarria pizten ari dela pentsatzen ahal bada ere, kezkak oraindik hor jarraitzen du», gogorarazi zuen Mixel Etxekopar musikariak eta Abotia elkarteko arduradunak.
Hau dela eta, Xiruren helburua kulturaren inguruan benetako sorkuntza dinamika bat bultzatzea da. «Zuberoan enpresak hersten diren heinean, kulturak berak, lantegiak irekitzen ditu», goraipatu zuen.
Hau aipatzerakoan, Etxekoparrek Tokia antzerki taldeko adibidea hartu zuen. Berriki muntatua, elkarte hau bere lehen antzerkia lantzeko Zuberoako enpresa huts batean sartu dela gehitu zuen. "La Moscheta" izeneko beren lehen lana, hain zuzen ere, Xiru jaialdi honetan eskainiko dute datorren martxoaren 23an. XVI.mendeko Ruzante izeneko idazle italiar baten idatzietan oinarritua, obra honetan gaur egun beti puri-purian diren emigrazioa eta hirietako exodoa gaiak aipatzen dira, errate baterako.
Xiru martxoaren 22an abiatuko dute arratseko bederatzietan. Aurtengo edizioaren gai nagusia "Karrika antzerkia eta musika direnez", iraunen duen hiru egunetan bereziki antzerki talde eta musika doinu bereziak zabalduko dira Gotaine eta Mauleko bazterretan. «Jaialdi honetan agertzen ditugun lanak Inauteri, maskarada eta toberen pareko herri kulturetan oinarritu ditugu. Biharko tradizioak asmatu nahi ditugu», azaldu zuten Abotia elkarteko arduradunek.
Ostiralean, beraz, "Gau pasa, gau basa" gaualdia antolatuko dute Maulen, eta bertan, berrogeita hamar musikari, dantzari eta antzerkigile bilduko dira. Hain zuzen ere, Uztaritzeko Inauteriak antolatzen dituzten musikari eta aktoreek, Petit Théâtre de Pain antzerki taldeko kideek, eta Robert Callas eta Ugutz Robles kontalariek hartuko dute parte.
Larunbatean, berriz, eguna Eskiulako maskaradak animatuko du. Lehen hitzordua goizeko hamarretan finkatua dute Gotaineko frontoian lehen barrikadekin. Ondotik, hamar eta erdietan Maulen izanen dira berriz barrikadak. Arratsaldean ikusgarria jarraituko dute, Maskarada, eta Basa Txaranga eta "Auprès de ma Blonde" arteko topaketa batekin. "Ikusgarri hau berezia izanen da, Basa Txarangak Matalaz ikusgarriarentzat landu zituen Maskaradako musika doinu tradizional berrituak aurkeztuko baititu», jarraitu zuen Etxekoparrek. Gauerako, berriz, kontzertu bat antolatuko dute. Bertan, «Julot Torride frantziar musika taldea, Le Grain Bordaleko antzerki-musika taldea, eta Tokia antzerki taldeko lanak eskainiko dira.
Azkenik, larunbaterako, "Harro, harro karrika" deitu eguna antolatu dute. Aipatu egun honetarako, beraz, Matalaz ikusgarrian parte hartu duten aktore guztiek sorkuntza lan berezi bat eskainiko dute, "Kabana" izenekoa. Antza denez, lan honetan Zuberoako maskaradetan pertsonaia nagusia denaren inguruan ari dira bueltaka.
-----------
Jaialdiak hainbat ezusteko eta berrikuntza azalduko ditu
A.B. BAIONA
Aurtengo edizioan Abotia elkarteko arduradunek ikusleei sorpresa berezi bat azaltzea erabaki dute.
Hain zuzen ere, usaian ekimen nagusiak Gotaineko besta gelan antolatzen dira eta gune hori eraberritzea erabaki dute. Albert Milhomis Abotia elkarteko kideak adierazi zuenaren arabera, «jakinez aurtengo gai nagusia karrika antzerkia eta musika dela, gela honetan apaindura berezi bat egitea erabaki dugu». Horretarako, antolatzaileek herriko gela nagusi hau benetako karrika, plaza eta kale nagusi eta guzti, bilakarazi dute. Apaindura Zuberoako Uztaro tailerrak prestatua izan da. «Apaindura berezi honi esker, ikusleak gelaren erdian egonen dira, eta inguruan agertzen diren ikuskizunak ikusten ahalko dituzte. Ez da tradizioko ikuskizunetan agertzen diren eszenatokirik izango, baina benetako kale imaginario bat bai», erran zuen. Apaindurak Uztaro elkarteak egin baditu ere, Atharratzeko hogeita hamar gaztetxok dute asmatu.
«Gazte hauek sorkuntza dinamika batean sartu dira, eta urtearen bukaeran antzerki berri bat azalduko dute», nabarmendu zuen Etxekoparrek berak.
Horretaz gain, jaialdi hau aldarrikapenetan oinarrituko da. Iparraldean, proiektu zehatzik gabe hainbat ikusgarri gela sortu dituztela salatuz, Xiruren kariaz Maule Baita gela okupatuko dutela adierazi zuen antolatzaileak.
«Ekimen honekin, gure asmoa barnealdean kultur dinamika bat plantan jartzeko eskatzea da», erranez bururatu zuen ekimen honetan gidari izan denak.
Dokumentuaren akzioak