Eskoriatzako Aratusteek berezitasunak dituzte. Izan ere, Eguen Gizenean Urdelarderorekin ematen zaie hasiera festei. Gero, mozorro desfile lehiaketa, herri bazkaria eta bestelako hitzorduak izaten dira, eta Aratuste-martitzenean, aldiz, herriko ikastetxeetako haurren dantzaldiekin batera, kukumarroen eguna izaten da. Eskoriatzako pertsonaia berezia eta antzinatik datorren tradiziokoa.
Antzinako pertsonaia
Eskoriatzako Aratuste garaiko tradizioan antzinatik agertzen diren pertsonaiak dira kukumarroak, gaur egunera arte mantendu direnak.
Kukumarroak mendian bizi diren basagizonak dira, eta negu amaieran menditik jaitsi eta herriko jendea zirikatzen eta beldurtzen saiatzen dira. Horren aurrean, haurren isekak jasotzen dituzte. "Kukumarro txorimalo!" eta halakoak.
Janzkera bitxia
Aurretik amantal loreduna eramaten dute jantzita, heltzear dagoen udaberria irudikatuz, eta bizkar gainean ardi-larrua eramaten dute, bukatzear dagoen negu gorriaren adierazgarri. Eskuetan, berriz, txerriaren puxika puztua, eta buru-berokiarekin batera kono formako koloredun kapela.
Oier Araolazaren azalpenak
Kukumarroa zer den? Zer zerikusi dagoen Eskoriatzako kukumarroaren eta Urdiango momoxarroen artean? eta halakoak aterako ditu Zaldibar antzokira gerturatzen direnen aurrera. Neguko festetan egiten diren zenbait erritoren, festaren eta tradizioren inguruko gaiak ere izango ditu hizpide Oier Araolaza antropologoak. Hain zuzen, zer duten komunean Gau Beltzak, Eguberriek eta Inauteriek, esaterako; edo, nola ospatzen ziren lehen, eta zer aldatu den gaur egungo festetan, besteak beste: "Inauteriari begirada zabal bat eskaintzen diot. Kukumarrua, kokomarrua, mozorrua edo kokua… zer izan den eta gaur egun zer den gure kulturan landuko dut. Ezaugarriak aztertuko ditut. Gaur egun, mundu osoan zabalduta dagoen festa da, eta herri askotan bere nortasun propioa du… Hala, hori izango dut aztergai", adierazi du Oier Araolazak.
Gonbidapena, derrigorrezkoa
Hitzaldia doakoa izango da, baina, Zaldibar antzokiko edukiera mugatua denez, gonbidapenak eskatu beharko dira, kultura etxera deituz –943 71 46 88– edo 650 49 51 66 zenbakira (whatsapp -a) bidalita.