Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kukairen obra berria bukatu aurretik ikusi ahal izango da

Dokumentuaren akzioak

Kukairen obra berria bukatu aurretik ikusi ahal izango da

Dantzaklubaren barruan aurkeztuko du Pantxika Telleriarekin prestatzen ari den kale ikuskizuna, 'Soka'

Egilea
Ainhoa Oiartzabal
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2009/02/28

Kalean «jendez inguraturik» dantzatzeko moduko ikuskizuna ari dira prestatzen Kukaiko kideak. Eta kalekoa izan arren orain arteko ibilbideari jarraituko diotela azaldu zuen Maiak: «Gure erroak dantza tradizionalean daude, eta sokadantzan oinarritu dugu azken lan hau. Hala ere, prest gaude dantza molde berriak lantzeko, eta nabari da Pantxika Telleriaren ekarpena». Kukai dantza taldeko bost dantzarik eta bi perkusio jotzailek hartuko dute parte Soka-n.

Donostia Kulturak eta Dantzaz konpainiak iazko azaroan jarri zuten martxan Dantzaklub programa. «Dantza jendeari gerturatzea da asmoa», adierazi zuen Claveriek egitasmoari buruz. Hala, ohiko aurkezpen moldeak hautsi, areto handietatik atera eta gune intimoagoan egingo dituzte programako bi emanaldiak, «jendearengandik gertuago». «Finean, dantza laborategi gisa funtzionatzea da asmoa, inprobisazioari toki egitea eta dantzarien sormenari bide ematea».

Dantzariak koreografo

Martxoaren 5ean, Dantzaz konpainiako dantzariek estudioan egin izan dituzten zenbait inprobisazio errepikatuko dituzte Viktoria Eugenian. Halaber, Christophe Garcia koreografo frantses-kanadarraren obra baten zatiak ere interpretatuko dituzte.

Egun horretarako, Izaskun Lapaza dantzaria gonbidatu dute. Lapazak Getxoko (Bizkaia) dantza tailerrean eginiko lana eskainiko du jendearen aurrean. «Nik zuzendutako lehenengo tailerra izan da, eta han irtendako materialarekin eginiko konposizio moduko bat onduko dut. Baina nirea ez da koreografia bat», zehaztu zuen dantzariak.

Kukai taldearen saioarekin batera martxoaren 19an emanaldia egingo duten Dantzaz konpainiako dantzariek ere ez dute koreografia bat eta osoa eskainiko; eurek asmaturiko koreografia zatiak eskainiko dituzte, euren sormenetik loratutako mugimenduak. Halaber, Thomas Noone jatorri kataluniarra eta ingelesa duen koreografoaren lan baten moldaketa librea ere dantzatuko dute emanaldi berean.

Dokumentuaren akzioak