Dokumentuaren akzioak
Kukai, urrats bat kalera
Sokadantzatik abiatutako kaleko dantza ikuskizun garaikidea atondu du Kukai konpainiak
Soka du izenburua Kukai dantza taldearen
ikuskizun berriak. Etzi estreinatuko dute Leioako Umore Azokan.
Larunbatean ere eskainiko dute jaialdi berean, eta ondoren
Valladolideko (Espainia) Kale Antzerki Jaialdira joango dira, Euskal
Herrian bira hasi aurretik.
Ez da Kukai kalera irtengo den lehen aldia, Logela Multimediarekin batera ekoitzitako Taupadak (2007) ikuskizuna ere kalerako atondua baitzen. Baina hark antzokietarako elementuak zituen, eta Soka
«espresuki kalerako prestaturiko» ikuskizuna da, Jon Maia Kukai taldeko
kideak eta koreografoak dioenez: «Dantzariak modu zirkularrean ariko
dira, edozein lekutatik ikus daitezen, ez da batere frontala».
Bilaketa bat. Aldaketa bat. Urrats bat. Hiru gauza horiek daude Soka-ren
atzean. Gipuzkoako sokadantzan oinarrituriko urratsak eta edukiak
darabiltzate dantzariek, baina «begirada berri bat» eman nahi izan
diote. Badira norgehiagokak, badira eskaintzak , pertsonen bat egiteak,
festa..., dantza tradizionalari dagozkion elementuak, azken batean,
baina bada esperimentazioa eta lengoaia koreografiko berri bat ere.
Bilaketa horretan, Pantxika Telleria koreografoarekin topo egin zuten
Kukaiko kideek. Telleria eta Maiaren artean osatu dute Soka-ren
koreografia. Telleriaren ustez, «aldioroko desafioa» da dantza
ikuskizuna kalean egitea: «Kalea sekula ez da berdina, beti aldatzen
dira baldintzak eta ingurunea. Horietara egokitzeko kodea sortzea izan
da gakoa».
Perkusio hotsez osaturiko musika Iñaki Telleria eta Jorge
Pachecoren esku egongo da. Telleria bera arduratu da musika sortzeaz:
«Sokadantzaren musika erritmoak aintzat hartuz eta dantzarien beraien
mugimenduei erreparatuz sortu dugu musika. Esperientzia berria eta
ederra da ikus-entzuleen harremana zuzenean kalean sentitzea».
Kukaik aurrez prestatu dituen lau dantza ikuskizunetan -1937, gogoaren bidezidorretik (2006), Otehitzari biraka (2006), Taupadak (2007), Hnuy illa... (2008)- dantza egin izan du Jon Maiak. Soka-n
aurrenekoz geratu da dantza egin gabe, nahiz eta aurrerago egiteko
aukera izango duela esan duen. Maiarentzat, dantza kalera eramatea «oso
garrantzitsua» da: «Dantza antzokietan egitea ere asko gustatzen zaigu,
baina jendea ohitu nahi badugu, guk jo behar dugu beraiengana».
Hamabi euskal taldek obrak estreinatuko dituzte Leioako Umore Azokan asteburuan
Dokumentuaren akzioak