Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kukai komunitatea

Dokumentuaren akzioak

Kukai komunitatea

'Adiskideak' ikuskizuna atondu du Kukai dantza konpainiak musikari lagunekin batera, 15. urtemuga dela eta. Lau emanaldi egingo dituzte

Hamabost urte bete dira 2017an Kukai dantza konpainiak 1937, gogoaren bidezidorretatik (2002 ) lehen ikuskizuna oholtzaratu zuenetik. Orduko hartan Tanttaka antzerki konpainiaren laguntza izan zuen —ondoren, beste lau obratan egin dute topo—, eta, orduz geroztik, beste hamaika kolaboratzaile izan ditu bidaide, nola koreografo, hala dantza eta antzerki konpainia, eta musikari andana ere bai. «Sorkuntza komunitate bat» osatu dute Jon Maia konpainiaren sortzaile eta zuzendariaren hitzetan. Bidaide horietako asko bilduta, Adiskideak izeneko bira egitea erabaki dute orain: «Abentura honetan kilometro, proiektu, agertoki eta esperientzia aberasgarriekin batera, bidelagun bikainak batu ditugu. Haietako bakoitzaren ekarpenak osatzen du egunez egun Kukai». Lau ikuskizun-emanaldi emango dituzte hurrengo hilabete pasatxoan. Lehena, martxoaren 11n, Kursaaleko auditoriumean, 20:00etan.
Egilea
Gorka Erostarbe
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2017/03/02
Lotura
Berria

Ez da gisako proiektu bat atondu duten lehen aldia; esperientziak badu aurrekorik. 2015eko urrian Donostiako Viktoria Eugenian bildu ziren Kukai eta Lagunak aurrenekoz; «Esperientzia zoragarria izan zen bai partaideontzat eta bai publikoarentzat. Oso giro berezia sortu zen, eta berehala pentsatu genuen errepikatuko genuela esperientzia». Hamabosgarren urteurrenak eman die aitzakia, eta lehen aldi hartako oinarria hartuta ikuskizuna «osatu eta aberastu» egin dute. Dantza emanaldi huts bat baino gehiago, «kontzertu-ikuskizun moduko bat» izango da: «Musikak garrantzi handia izan du gure bilakaeran eta musikari asko izan ditugu alboan». Lau emanaldietarako musikari talde finko bat osatu dute: Iñaki Salvador (pianoa eta akordeoia), Oreka TX taldea, Andoitz Antzizar (trikitia), Iñaki Telleria (perkusioak) eta DZ dj-a. Gainera, Donostiako emanaldian, beste hainbat sortzaile gonbidatu izango dituzte: Kalakan Trio taldea (ahotsa eta perkusioak), Piter Ansorena (txistua), Itziar Etxegia (biolina) eta Ereintza, Goizaldi eta Eskola dantza taldeak. Gainerako hiru emankizunetan ere gonbidatu gehiago izateko asmoa dute.

«Atzera-begirako txiki bat»

Kontzertu-emanaldi «atzera begirako txiki bat» izango da: «Orain arteko obretako pieza txikiek osatuko dute, baina gaur egungo egoeran kokatuta, estetika berriz, jantzi berriz, koreografia berriz...», adierazi zuen atzo Maiak, Kursaalean bertan egindako aurkezpenean, Nerea Vesga dantzari kidearekin batera beraien lehen obrako pieza bat dantzatu eta gero —Andoitz Antzizarrek trikiti doinuz interpretatua—.

Euskal dantza tradizionaletatik abiatuta, ikuskizun garaikideak sortzen dituen konpainia da Kukai. Jarduera horrekin nazioartean sona eta «oso identifikagarria den zigilua» sortu du, Maiaren hitzetan. «Lehen lanetan nabarmenagoa zen euskal dantza tradizionalen pisua. Konpainiako dantzariek eta konpainiak berak bilakaera bat izan du urteotan; dantza garaikideko koreografoekin lan egin ahal izan dugu eta baita ikasi ere, egunero ikasten dugu. Dantza garaikideak pisu handiagoa du gaur egun Kukain, baina oinarria tradizioan dugu oraindik. Gure dantzaren tradizioan ikertzen dugu, eta handik abiatuta lengoaia eta testuinguru berrietara iristen gara». Besteak beste, Cesc Gelabert, Damian Muñoz eta Virginia Garcia, Ione San Martin eta Israel Galvan koreografoekin lan egin du Kukaik urteotan. «Taldeko beste kideak, oraintxe Bartzelonan daude hip hop eta urban dance lan bat prestatzen...». Kukaik komunitateak geroz eta adar zabalagoak ditu.

KONTZERTUAK

Martxoak 11: Donostiako Kursaaleko auditoriumean.

Martxoak 18: Bilboko Campos Teatroan, Loraldia jaialdiaren barruan.

Martxoak 26: Miarritzeko Irati pabiloian.

Apirilak 6: Gasteizko Principal aretoan.

Argazkia: JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak