Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kukai eta Tanttakaren saioa, gaur, Agurainen

Dokumentuaren akzioak

Kukai eta Tanttakaren saioa, gaur, Agurainen

Komunikabidea
Gara
Tokia
Agurain
Mota
Albistea
Data
2003/01/25

Mireia Gabilondoren gidoiaz, Juan Mari Beltranen musikaz eta Jon Maia dantzariak eratutako koreografiaz osatutako ikuskizuna Kukai eta Tanttaka taldeen elkarlanetik jaio berri da. «Gogoarekin genbiltzan elkarlanean aritzeko, eta bidean topo egin genuela esan daiteke ­dio Jon Maiak­. Mireia gidoiarekin hasi eta ia aldi berean koreografiak osatzen hasi ginen; musikarako, berriz, Juan Mari Beltranen "Gogoaren bideziorretatik" diskoa egokia iruditu zitzaigun». Antzezleei dagokienez, Alain Maia, Eneko Gil, Urko Mitxelena, Ibon Uharte, Nerea Abesga eta Vanesa Castaño, baita Jon Maia bera ere, Kukain taldeko kideak dira protagonista, «oholtzara igotzen garen zazpi dantzariok erbesteratuak izan ziren haur horietako bana ordezkatzen dugu».



Istorioaren harira, Maiak azaldu bezala, «1937ko maiatzaren 8an Bilbotik ihes egin zuen itsasontzian zihoazen bost mutil eta bi nesken istorioa da, eurek barkuan elkar topo egin zuteneko bidaia kontatzen da bertan, baita gerora Frantziako kanpamenduan egon ziren hiru urteetan izandako bizimodua, harremanak, jolasak, maitasun kontuak ere». Ordubeteko iraupena dauka ikuskizunak, eta dantza nagusitzen bada ere, antzerkiaren hainbat teknika erabiltzen ditu, hala nola, olerkiak, irudiak eta istorioa ulertzen laguntzen duen offeko ahotsa. «Elementu inportanteen artean berriz ­Maiak aipatu bezala­ zinema pantaila moduko bat, garaiko irudiak proiektatzen direna».



Elkarlanean hasi eta saioaren nondik norakoak zehaztu ondoren, Mireia Gabilondok dokumentazio lanari ekin zion. Baina istorioaren ukitu ilunak umeen izaerak trukatzen ditu alai, «istorioa berez tristea bada ere, protagonistak umeak diren neurrian irribarreak ere tartea baitauka ikuskizunean, gazteen arteko istorioei eta harremanei esker», azaldu zuen Maiak.



Azaroaren zazpian Errenterian aurkeztutako ikuskizuna, bigarrenez izango da gaur agertokian. Dantza tradizionalean oinarritutakoa bada ere, testuingurura egokitutako dantzak eskatu ditu, baita koreografia berriak ere. Kukai eta Tanttakaren iritziz, «kalitate onekoa izanik, etorkizunera begira zeresan ugari eman dezakeen antzerki lana da». Antolatzaile eta egileek iragarri dutenez, «Errenterian egin genuenean oso erantzun eta kritika onak jaso genituen, eta horrek aurrera jarraitzeko gogoa eman zigun». Hortaz, Agurainen aurkeztu eta gero, otsailaren 7an Zornotzan, otsailaren 14, 15 eta 16an Donostiako Antzoki Zaharrean, eta 18an Hernanin izango da «1937, gogoaren bidezidorretatik» lana.

Dokumentuaren akzioak