Bihar, otsailak 16, Kukai Dantzak Jesus Rubio koreografoarekin batera prestatutako Txalaparta ikuskizuna eskainiko du Arriaga Antzokian.
Juan Mari Beltran maisu handiak dioenez, “txalapartak ez du mugarik, guk geuk ezartzen dizkiogu muga horiek”. Kasu honetan, “txalapartak askegune bat eskaini digu: denbora- eta leku-espazioen baitan elkarrekin harremanetan egoteko eta espazio horiek partekatzeko toki bat da; haren baitan, unibertso komun bat eraiki dezakegu, gutako bakoitzaren identitate propioari uko egin gabe.”
Errotiko dantzaren eta harekiko ikuspegi garaikidearen arteko elkarrizketak espazio emozional bat zabalduko du, eta bertan, zazpi interpretek dantza egingo dute. Oholtza gainean, Alain Maya, Arantza Iglesias, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Nerea Vesga, Sua Enparantza eta Urko Mitxelena arituko dira.
Egurrezko, harrizko edo metalezko ohol batzuk eta pare bat pertsonaren energia nahikoa dira txalaparta jotzeko. Baina elementuak antolatzeko modu jakin bat al da soilik txalaparta? Edo materiarekin harremanetan egoteko, ukitzeko, elkarrekin egoteko modu bat ote da? Kukai Dantza eta Jesus Rubioren artetik ernatutako Txalaparta sorkuntza berriak horixe azalduko du.
Lanaren sinopsia honela definitu nahi izan dute egileek: Txalaparta jotzen duten horiek emandako kolpeek sortzen dute haren soinua, baina jotzeari utzi eta gero, inor ere ez da gertatutako soinuaren jabe: ezin da heldu, haren izaerak desafio egiten dio finkotasunaren ideiari, lantzen duen horren arima eraldatzen duen askapen bihurtzen da kolpea. Nor bere gorputza sakonago entzun eta hautematen da: hegaldi bihurtzen. Ekintzaren potentziak ugaritu egiten dira, eta agerian uzten dute gu geu garen materia-nahaspila askotariko hori.