Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kukai Dantza, gorenean

Dokumentuaren akzioak

Kukai Dantza, gorenean

Espainiako Dantza Sari Nazionala lortu du Kukai Dantzak. Hamabost urte bete ditu aurten Kukaik, eta saria ibilbidearen aitortza da. Errenteriarrak zazpi izendapenekin heldu ziren aurtengo Max sarietara eta horietatik hiru jaso Dantza ikuskizun Onenari Max Saria, tartean. Orain, berriz, Espainiako Estatuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ematen duen saria jasoko du.
Egilea
Ikerne Zarate
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2017/10/03
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

Espainiako Estatuak Kultura arloan ematen duen saririk garrantzitsuena dela esan du Jon Mayak, Kukai Dantzaren sortzaile, dantzari eta koreografoak: “Hori ez da urtebeteko lanaren emaitza edota ikuskizun zehatz baten emaitza, ibilbide oso bat, lan egiteko modu bat saritzen du”. “Bertigo” apur bat ematen duela halako saria jasotzeak aitortu du Mayak, “oso gauza handia bezala ikusten dut. Batzuetan ez zara kontziente zuk zure egunerokotasunean, normaltasunez jarraitzen duzu, baina bestaldetik, ohartzen zara kristorena dela”.

Herritarren babesaz mintzatu da Maya: “Konpainia Errenterian finkatuta dago, une honetan Kukai osatzen dugun ia guztiak errenteriarrak gara, lotura hori nahitaezkoa da. Max sarien harira izugarri hunkitu gintuen herritarren jarrerak. Jendeak sari banaketa jarraitzeaz gain, saria bere egin zuen, poza kolektiboa bazegoen, eta hori oso polita da. Atlantikaldian esan nuen, eta uste dut, hori ezin duela ordezkatu inongo onespen ofizial, edo harrera edo abarrik. Aurrez aurreko hori izugarria egin zaigu”.

Max sarien proiekzioa ez duela  Espainiako dantza Sariak dio Kukai Dantzako kideak, “ez da iragarritako zerbait, telebistaz ematen dena, sorpresa bat da guztiontzat. Bat-batean deia jaso eta hau dena gertatzen da. Poliki poliki zabaltzen ari da berria eta jendearen babesa jasotzen ari gara, oraingoan ere bere egin dute saria”.

Ostegunean, Oskara Madrilgo Conde Duque kultur zentroan aurkeztu zuen Kukai Dantzak. Harrera izugarria izan zutela dio, “hiru aste aurretik sarrerak agortuta zeuden”. Handik bueltan jaso zuen telefono deia Mayak, eta orduan jakinarazi zion Espainiako Estatuko Kultura Ministerioak saria irabazi zutela: “Gutxitan gertatzen zait, nahikoa epela edo hotza izaten naiz, baina egia da paralizatuta gelditu nintzela, hunkituta”. Berehala whatsappez bidali zien ahots mezua Kukai Dantzaren beste kideei berria jakinarazteko, haiek Madriletik bueltan omen zetozen furgonetan: “Izugarria izan zen, hunkigarria oso mezua bidaltzea, eta mezua ematen ari zaren horretan jabetzea gertatzen ari denaz”.

Kukaik 30.000 euroko diru saria eta diploma jasoko du sariarekin.

Eguneroko lanean murgilduta dabil Kukai Dantza, eta urte amaieran proiektu berri batean murgilduko dira. Oskara lanarekin buru belarri arituko dira errenteriarrak urte amaierara bitartean, “Bartzelona, Tutera, Madril eta Getxo Folken izan gara pasa den astean. Datorren asteburuan eta astean, berriz,  Ondarroa, Manresa (Bartzelona, Katalunia) , Irun, Amurrio, Madril… Gero Etiopiara goaz, bertako gutxiengo etnikoekin proiektua garatzera”.

http://oarsoaldea.hitza.eus/files/2017/02/gorkabravo_1_2_14.jpg

Oskara ikuskizuna. Argazkia: Gorka Bravo.

Dokumentuaren akzioak