Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Kuestazio arrakastatsua auzo guztietan, beste behin ere

Dokumentuaren akzioak

Kuestazio arrakastatsua auzo guztietan, beste behin ere

Doneztebe plazan elkartu dira koadrila guztiak arratsaldez, festa giro ederrean

Ostiralean hasiera eman zitzaien 2017ko Ihoteei. Intxixuek eta Sorginek hartu zuten herria eta festa giroa nagusitu zen bazter guztietan. Atzo, berriz, Kuestazioak hartu zuen festaren lekukoa, garai bateko usadioari jarraipena emanez. Goizean zehar, auzo guztietan koadrilak ibili ziren baserriz baserri eta etxez etxe kalejiran. Eguraldi ona lagun, dantza eta jai giroa izan ziren nagusi. Intxixu eta Sorginen bisita ere izan zuten auzo guztietako lagun taldeek, giro ezin hobean.
Egilea
Goizarin
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Oiartzun
Mota
Albistea
Data
2017/02/19
Lotura
Diario Vasco

Auzoetako taldeak elkarteetan bazkaldu ondoren Doneztebe plazan bildu ziren 18:00etan. Aurtengoa ere oso jendetsua izan da, denera 500 lagun elkartu ziren eta. Urterik urte geroz eta jende gehiagok parte hartzen du Kuestazioan.

Gaur, 9:00etan Lartaun Txistulari taldeak Diana joko du; 11:00etan Beheko plazatik Karroxa eta kalejira alaia abiatuko da. 19:00etan Intxixu eta Sorginei agurra emateko tenorea iritsiko da. Bukatzeko, suzko akerra ibiliko da plazatik barrena.

'Arrautz iyotea'

Duela hirurogei bat urte, herriko neska-mutilek ere egiten zuten Kuestazioa. Taldetan bildu eta etxez etxe eskean ibiltzen ziren herriko gazteak, nor bere auzoan. Nagusiki janaria zen eskatzen zutena: babarrunak, intxaurrak, gazta, odolkia, haragia... baina edariak ere izaten zuen bere lekua, batez ere, ardoak eta sagardoak. Gainera, mitoen esanei jarraituz, erratzarekin joan eta etxe atariak errazten aritzen ziren, izpiritu txarrak uxatu eta bertakoei urte osorako zorte ona opatzeko. Hau zen etxekoei beren eskuzabaltasuna eskertzeko erabiltzen zuten bidea.

Era berean, eguna alaitze aldera edo, eskura zituzten musika tresnak hartuta, nola trikitixa, txistua... zein festa kutsua sor zezakeen beste edozein tresna; kantuan eta dantzan aritzen ziren. Etxekoen umorearen edo dantzarien trebeziaren arabera, hamaiketakoren bat ere jasotzen zuten gazteek.

Gastatu ez ezik, irabazi ere egin behar da! Beraz, goiz osoan goiti eta beheiti ibili ostean, auzokideak bertako plazan elkartu eta bildutako janariarekin bazkari eder bat egiten zuten, nahiz eta aurretik ere tripa nahiko betea zuten.

Altzibarreko taldea, Ugarteko errotaren aurrean.

Altzibarreko taldea, Ugarteko errotaren aurrean. / ARGAZKIAK GOIZARIN

Dokumentuaren akzioak