Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Krisi garaian arnas txiki bat

Dokumentuaren akzioak

Krisi garaian arnas txiki bat

Kritika, Oinkari

Egilea
Fernando Rojo
Komunikabidea
Tolosaldeko Hitza
Mota
Kritika
Data
2004/04/06

Oholtza gainean zenbait puntu goren gozatzeko aukera izan zen, jendearen txalo zaparradak eskertua. Batetik umeen ordua iritsi zenean, Murumendiarazek prezeski eurentzat egindako dantzekin. Bestetik, Haritz Iglesias tolosar dantzari finak desafio edo aurrez-aurrekoa egitean, bakarlari moduan. Geroago, Dulce despertar edo Villabonako Martxa ikustean, saiorako prestatua. Eta, azkenik, amaieran bafleetatik Alboka folk taldearen doinuak entzunez Arratia koreografia eskaini zutenean.



Dantzari askok hartu zuen parte ekitaldian, azpimarratzekoa, hala ere, mutil eskasia (5 bakarrik ia 30 nesken artean), fenomeno orokor horretatik ez baita Oinkari ere salbatzen. Dantzatzeko estiloan ere Donostiako Eskola dantza (Schola cantorum) taldearen ukitua arras nabarmena izan zen, lagundu dieten irakaslearen isladarik garbiena.



Musika aldetik eskertzekoa da zuzenekoa izatea dantza bat izan ezik. Inguruko musikariek musikatu zuten taula gainekoa. Ohiko soinu tresna tradizionalez gain bateria, kitarra, baxua eta harmonika entzun ahal izan ziren. Bozean Nerea Barriola zizurkildarraren ahots zoragarriak asko jantzi zuen ikuskizuna, amaieran berak jaso zituelarik txalo zaparradarik handiena. Agian, une goxoena, Gari Llobregat altzoarrarekin bi ahotsetara Balearen bertsoak abestu zutenean izan zen, taulan Oinkarikoek beste koreografia bat eskaintzen zuten heinean.



Eszenatokia ere txukun zegoen, kolore gutxirekin jokatuz, eta detailismo gehiegikerietan erori gabe, xinple. Janzkera aldetik, batetik jantzi tradizionalak atera zituzten eta, bestetik, minimalismo ukitua duena, azken urteotan ikusten ari garenaren adibide bat gehiago. Dantzatzeko oso erosoa, hori bai.



Bestalde, jendearen beroa beharrezkoa bada ere, nire iritziz soberan daude saioa amaitu arteko txaloak. Ikuskizunak osotasun batean ulertzea bada helburu, hauek bukaerarako utzi beharko lirateke saioaren erritmoa puskatzen baitute eta ikuskizunak dantza ezberdinen multzo baten itxura hartzen du, saio osoak zentzu bakarra hartu ordez; hasieratik amaiera arte ikuskizun bat ikusi nahi dugunontzat parte asko dituen saio ezberdinak ikusi ditugunaren sentsazioarekin ateratzen gara. Eta horretarako herriko jaietan plazan egiten diren saioak ditugu.



Ostiralean ikusitakoak azkenaldion Euskal Herriko eskenatokietan ikusten den estiloko ikuskizuna da (Lord of the dance irlandar-amerikar ikuskizunaren arrasto garbiekin). Ez gara hemen sakontzen hasiko, bere alde onak eta txarrak baititu. Garaiak aldatuz doaz Villabonatik irten eta herritarrentzat egina dago eta modu horretan ulertua oso balorapen positiboa egingo nuke nik. Dantza mundua krisian dagoen garaiotan (are gehiago dantza talde folklorikoak), Oinkarik egin zuena arnas txiki bat da, beste batzuentzat etsenplu beharko lukeena, eta, Villabonan behintzat, zaletasuna badagoela erakutsi duena.

Dokumentuaren akzioak