Dokumentuaren akzioak
Korosti: 25 urte lagun giroan dantzan
Urte hauetan guztietan Korostik aldaketa nabarmenak ezagutu ditu. Hasieran haurren taldea bakarrik zuten. Umeak koxkortu zirenean jendaurrean dantza egiteko aukerarik gabe gelditu ziren. Izan ere, dagoeneko ez zuten Dantzari Txiki saioetan parte hartzerik. Hori dela eta, Korostikoek Gabonetako jaialdia antolatzeari ekin zioten. Euskal Dantzarien Biltzarraren Dantzari Egunera joaten ere hasi ziren.
Horretaz gain, gazteek dantza egiteko aukera izan zezaten, irteerak antolatzea pentsatu zuten. 1995ean irten ziren lehenengoz Euskal Herritik: Teruelera. Ordutik, urtean hiru txango egiten dituzte eta beste horrenbeste talde etortzen dira bisitan. Orain arte, Espainian eta Portugalen izan dira. Dagoeneko iberiar penintsulako herrialde gehienak ezagutzen dituzte. Amaia Aizpurua taldekideak aipatu duenez, Gaztela Mantxara joatea bakarrik falta zaie.
Aizpuruak Korostik gainontzeko taldeen arazo berak dituela azaldu du. "Guztion kezka mutil falta da. Bestelakoan, gustura gaude. Haur eta heldu asko ditugu. Duela hamar bat urte 120 ginen eta egun 75 gara, baina dantza talde guztietan egin du behera kide kopuruak. Izan ere, garai batean baino haur gutxiago daude eta Legazpin bi talde gaude".
Korostik, dantzariez gain, lagun-tzaile talde bikaina du. Aizpuruak bere lana eskertu nahi du. "Gure ekimenak aurrera ateratzen lagun-tzen digun 30 laguneko taldea dugu. Horretaz gain, taldeko haur guztien gurasoak bazkideak dira. Zuzendaritza eurek osatzen dute".
Guztien artean egitarau oparoa antolatu dute urteurrena ospatzeko. Apirileko azken igandean Dantzari Txiki eguna izan zen. Urteurrena dela eta, begiraleei baserritarrez jantzita etortzeko eskatu zieten eta aurrekoetan baino talde gehiago ekarri zituzten. Gainera, Zinta Dantzan usoa askatzeko ohitura berreskuratu zuten.
Horretaz gain, Kataluniatik giza gaztelua egiten duen taldea eta suaren inguruko ikuskizuna eskain-tzen duena ekarri zituzten. Udaberrian bertan, dantza taldetik pasatako kide guztiekin jaialdia eskaini zuten eta ondoren afaria egin zuten. 200 dantzari eta musikarik parte hartu zuten.
Urteurren ospakizunekin buka-tzeko, datorren astelehenean erakusketa irekiko dute kultur etxean. Bertan, urte hauetan guztietan ateratako argazkiak izango dira ikusgai, ostirala bitartean. Larunbatean, berriz, argazkiak Euskal Herria plazako arkupetara eramango dituzte eta Vielhako dantza taldearen bisita jasoko dute.
Panelak prestatu dituzte eta urte bakoitzari bat dagokio. 300 argazki inguruz gain, 25 urte hauetan erabilitako jantziak eta instrumentuak erakutsiko dituzte. Erakusketa prestatzen aritu diren bitartean, urte hauetako guztietako bizipenak gogoratzeko aukera izan dute. "Taldetik uste baino jende gehiago pasatu da. Anekdotatxo batzuk ere ida-tzi ditugu erakusketarako. Hemendik kanpo gu aurkezteko komeriak izan dituzte. Lehen irteeran, kartelean, Korosti dantza taldea jarri beharrean Coros y danzas Aldea ipini zutela oroitzen dut", azaldu du Aizpuruak irrifartsu.
Korosti dantza taldeko kideak, 25. urteurreneko jaialdian.
Dokumentuaren akzioak