Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Hemengo eta kanpoko koreografoen lanak emango ditu Sareak zenbait antzokitan

Dokumentuaren akzioak

Hemengo eta kanpoko koreografoen lanak emango ditu Sareak zenbait antzokitan

Besteak beste, Filipa Francisco, Idoia Zabaleta eta Damian Muñoz ariko dira gaurtik aurrera

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Kritika
Data
2007/02/16

'Look'

Itxuraz hausnartzen du Asier Zabaletaren Ertza konpainiaren obrak. Besteen aurrean eman nahi dugun irudiaz, eta horrek izaeran duen eraginaz. Itxuraz eta itxurakeriaz. «Kezka sortu zitzaidan itxuraren kontuan muga non jartzen dugun. Itxura da askotan lehen begiradan giza talde batetik edo pertsona batengandik hartzen duguna, eta itxura horrek askotan izateko modu bat ekartzen du. Izateko modu batek dakar janzteko, jokatzeko, itxura bat edukitzeko modua, ala alderantziz da? Itxura batek behartzen gaitu modu batera jantzi, jokatu eta hitz egitera?», azaldu du Zabaletak. Hausnarketa horiek guztiak dantzaren bitartez adieraziko dituzte Helena Golab, Pilar Andres eta Zabaletak berak. Bideoa eta antzerkia erabiliko dituzte, halaber.

'Dueto'

Gorputzaren hizkuntzarekin emateko pieza sortu dute Filipa Franciscok eta Idoia Zabaletak. Portugaldarra da Francisco, eta gutun bidezko komunikazioa izan zuen Zabaletarekin, 2005eko abuztutik 2006ko ekainera. Gauza ugari esan zizkioten elkarri, baina idatziz. Eta sentipen horiek guztiak, gutunetan elkarri azaldu zizkioten ideia guztiak, gorputzarekin adierazten dituzte Dueto-n. Emanaldia hasi eta berehala, obrarik ez dutela ikusiko ohartarazten die Franciscok ikusleei, piezaren bat izatekotan beren irudimenean sor daitekeena izango dela.

'Staff'

Damian Muñozen konpainiaren hamargarren urteurrenaren harira eratutako pieza da Staff. Konpainia bera ezagutarazteko obra da, bertan lan egiten duten dantzarien irrika eta kezkak publikoarekin partekatzeko egindako koreografia. Muñozekin batera honako dantzari hauek ariko dira oholtza gainean: Virginia Garcia, Alexis Fernandez eta Steven Dall. Beren ekintzak berretsi nahi dituzte, egiten dutenari leku bat egin nahi diote gizartean. Eta horretarako ezinbestekoa dute publikoa. Beren emanaldietara batzen diren pertsonengan eragin nahi dute, eta aldi berean, pertsona horien guztien erantzuna jaso. Batzuetan babesten dituztela sentituko dute, baina beti ez da horrela izango.

'Cuando uno quiere y el otro no'

Amodioari eta desamodioari buruzko obra taularatuko dute Marco Vargasek eta Choloe Brule-Dauphinek. Elkarteari buruzkoa, eta banatzeari buruzkoa. Bat-egiteari buruzkoa, eta urruntzeari buruzkoa. «Batek hura nahi duenean, besteak beste hori nahi izaten du», uste dute koreografo eta dantzariek. Adostasun ezak sortzen dituen estutasunak irudikatuko dituzte, eta adostasun uneek berekin dakartzaten gozotasuna. Juan Jose Amador flamenko kantariaren ahotsak lagunduko ditu dantzari bien mugimenduak eszenan. Amadorren isiluneek garrasi egingo dute.

Dokumentuaren akzioak