Dokumentuaren akzioak
Koreografoa eta kaosgrafoa
Kritika, 'Les quatre saisons'
Agertokia ikusi bezain laster konturatu gara jolastera etorri direla Angelin Preljocaj eta bere baleta, Vivaldiren Lau urtaroak-en harira. Behegain zuriak berde biziaren kolorea hartu du argiztapen ederraren poderioz eta eszenako lehen lerrotik hartz itxura duten dantzari pare bat iragaten da, plastiko gardenean bilduta. Goitik zintzilikatuta dozena pare objektu jostagarri ikusten dira, haien artean eguraldi-elementuak, prakak, aulkiak, geziak, perlazko lepoko erraldoi bat eta beste hainbat gauza xelebre daudela.
Esandako jarrera jostagarriak eta objektuen bilduma hegalariak kontraste itzela sortzen dute duela urtebete-edo Bilbon ikusitako Romeo eta Julieta-ren estetika gogor eta matematikoarekin, baina koreografoak berak onartu du N izeneko lan latzaren ostean gauza atsegin bat egin behar zutela eta esango nuke lortu ere lortu dutela. Aipatzekoa da Preljocajek lan honetarako bilatu duen kolaborazioa, Fabrice Hyber artista plastikoaren esku-hartzea oso sakona izan delako produktuaren ikuste-alderdietan eta baita koreografien sorreran ere. Hyberrek, preseski, kaosgrafo jotzen du bere burua eta horrek ezinbestean markatu du Preljocajen sortze prozesua onerako zein txarrerako, zelan ikusten dugun.
Onerako, beti delako aberasgarria kontrastea sortzen duten eragileekin jardutea. Dudarik gabe esan daiteke lorpen eszeniko ederrak gauzatu direla jantzietan eta dantzarako atrezzo elementuen erabileran. Baina, bestetik, divertimento hutsaren kutsua hartu du produktuak, behin baino gehiagotan sendotasun dramatikorik gabe geratu baita dantza, argi eder, jantzi koloretsu eta jostailu dibertigarrien artean.
Alabaina, ez gaude inolaz ere lan makal baten aurrean eta koreografia batzuen diseinuan antzeman daitekeen anabasa koreografoaren jolasteko gogoaren seinaletzat jo behar dugu, bizitzari kantatzeko gogoaren zeinutzat. Dantzarien keinu libre edo natural batzuk eta noizean behin tartekaturiko ufadak eta solasaldi laburrak ere bide beretik interpretatu behar ditugu. Hala ere, une batzuetan dantzaren edertasuna elementu osagarrien gainetik nagusitu da, eta horrela gogoratuko dugu zenbait pasarte, hala nola takoi beltzekin doan femme fatale-arena, perlazko lepokoekin dantzatzen duen bikotearena edota soka-saltoan eta taldean egindako dantzarena, Udazkena kontzertuaren erritmo markatua jauzi bakoitzean azpimarratuz.
Dokumentuaren akzioak