Dokumentuaren akzioak
Koreografo Gazteen VI. Erakusketa, hasiberrientzako aukera paregabea
Abian da jadanik Koreografo Gazteen VI. Erakusketa. Gaur bertan dugu hasiberriekin hitzordua Barakaldoko Antzokian
Hala ere, koreografo eta dantzariek jo eta ke dihardute lanean. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak ere urtero-urtero egoera hobetzeko ahalegina egiten du. Horren adibide dugu joan den astean Gasteizen abian jarri zen Koreografo Gazteen VI. Erakusketa. Aurten, gainera, zenbait aldaketa izan ditu hautaketak. Izan ere, hamabi koreografok jaso dituzten arren sorkuntzarako lagun-tzak, eurotako bostek bakarrik parte hartzen dute Gasteiz, Barakaldo eta Donostiako emanaldietan.
Diru laguntza 3.000 euro ingurukoa izan ohi da taldeko lanetan; bakarkakoetan, ordea, 1.500ekoa. Sorkuntza bul-tzatzea du helburu erakusketak, Kultura saila lanak ezagutarazten saiatzen den arren. Joan den larunbatean Gasteizen izan zen erakusketa; gaur, berriz, Barakaldo Antzokian izango dira, eta hilaren 30ean, Donostiako Egia Kultur Etxean. Imanol Arana Kultura saileko teknikariak dioenez, «hiru emanaldi prestatzen ditugu guk, ahalik eta zabalpen handiena ematen saiatzen gara; koreografoen lana izango da gero euren piezak mugitzea». Produkzioetarako eta biretarako laguntzak ere eskaintzen ditu Eusko Jaurlaritzak urtero.
Baina koreografoek ahalegin hori begi onez ikusten badute ere, Europarekin alderatuz Euskal Herriko egoera tamalgarria dela irizten diote. «Europan apostu handia egin dute erakundeek dantzaren alde, baina hemen eta Estatuan gurago da futbola ikusi edo zinera joan...», kexatzen da Natalia Monge koreografo getxoztarra. Ikutu talde gasteiztarreko Jorge Ferreira ere pozik dago erakusketan izatearren baina egoera latza dela onartzen du: «Jaurlaritzak ematen digun laguntza oso ondo dago, baina gure lanen zabalpena hiru emanalditara mugatzen da. Eta ez da erraza koreografiak mugitzea, izan ere, herrietako programadoreek-eta sarritan ez dute dantzaz askorik ulertzen eta betikoak ekartzen dituzte: Kiev-eko balleta, eta horrelakoak».
Erakusketaren seigarren aldia da, urteotan hainbat gauza zorroztu dira, eta hobetzen jarraitzeko asmoa du Jaurlaritzak: «Programak ez dira definitiboak; zenbait gauza aldatu ditugu, bide berriak lantzeko gogoa ere badugu...», dio Aranak
Dokumentuaren akzioak