Dokumentuaren akzioak
Koreografo gazteen pausora
Euskal koreografo gazteen VII. erakustaldiak lausorkuntza lan aurkeztuko ditu hiru emanalditan
«Koreografo gazteen sortze lana bultzatzea, laguntzea eta balore berri horiei beren lanak erakusteko aukera ematea» da Euskal koreografo gazteen VII. erakusketaren helburua, Juan Antonio Arbelaitz Eusko Jaurlaritzako Kultura Sortu eta Zabaltzeko zuzendariaren arabera. Egitasmo horrek Izaskun Santamaria, Atxarte Lopez de Munain eta Pilar Andres, Arantxa Gago eta Ainhoa Gago eta Eva Vidalen koreografiak erakutsiko ditu Donostian, Gasteizen eta Barakaldon hil honetan zehar.
Lau koreografia horiek bederatzi piezaren artean hautatu zituen dantzaren munduko profesionalek, arduradunek, programatzaileek eta prentsako kritikariek osatutako epaimahaiak. Ekitaldi hartan parte hartu zuten bederatzi piezak Eusko Jaurlaritzak 2002an diruz lagunduak izan ziren. VII. erakusketarako hautatuak izan ziren lau lanen «kalitate altua» nabarmendu zuen antolaketan aritu den Blanca Arrieta teknikari artistikoak: «maila handiko erakusketaz gozatu ahal izango dugu. Ikusterraza eta ugaria izango da», azaldu zuen.
Koreografoen erakusketa bi ataletan dago antolatua: lehen zatian Izaskun Santamariaren A tientas eta Atxarte Lopez de Munain eta Pilar Andresen Oskola ikusi ahal izango dira. Bigarren zatian, berriz, dantzaren eremuari antzerkiaren baliabideak gehituko dizkiote, lehenik Arantxa eta Ainhoa Gagok Yo, mi, mio, me lanarekin eta Eva Vidalek ondoren, Ningun arbol donde poner la cabeza al fresco piezarekin. Hiru dantza emanaldietan Jose Mari Martinezek egindako argazkiak ikusi ahal izango dira.
Izaskun santamaria
('A tientas')
Zalantzak dantzan
Pertsona bakoitzaren barruan ez dago gaiztakeria, ezta bizioa ere; zalantzak besterik ez daude, Izaskun Santamariaren arabera, «zalantzan jartzen ditugu adiskidetasuna, geroa eta maitasuna; geure amaz ere zalantza egiten dugu». Zalantza da Santamariaren koreografiaren oinarria, «dudekin, ziurtasun ezarekin eta beldurrekin egindako jolasa» da A tientas. Oinarri horrek izan dezakeen «kutsu dramatikoari muzin eginez fisikoaren eremura» eramaten du Santamariak. Horretarako, bera bakarrik agertuko da piezak irauten duen 15 minutuetan. Proiekzioak eta kolore berdeak izango ditu Santamariak lagun: «zalantza ikaragarriaren aurrean berdeak itxaropena ematen du, borrokan jarraitzeko gogoa eta lasaitasuna», azaldu zuen.
Atxarte l. de munain eta pilar andres
('Oskolak')
Mugetan zehar
Mugen ideia jorratu nahi izan dute koreografo hauek. Hasieran muga guztiak hartu nahi zituzten kontuan; azkenean ordea, mugak eszenatokira eraman dituzte eta joko bat egin dute, «gu, argiak eta soinuaren arteako jokoa». Zerbait narratiboa kontatu beharrean, ideia abstraktuak azalduko dituzte. «Mugak hausten joango gara eta bidaia bat egingo dugu, muga txikietatik abiatu eta muga zabaletara», Lopez de Munainek esan zuenez. Azken urteetan landutako esperientzia bilduz, dantza eta eszenografiaren arteko elkarreragina aztertuz plazaratu nahi dute «proposamen pertsonal hori». Bi dantzariei «gorputzaren mugimendu eta gaitasun espresibo hutsa» interesatzen zaie.
arantxa eta ainhoa gago
('Yo, mi, mio, me')
Hamaika ni
Gasteiztar hauen koreografiak hamar dantzari eta aktore bat igoko ditu oholtzara. Dantza izanagatik antzerkiaren parametroetan mugitzen baita beren koreografia. Giza harremanak jorratzen ditu prestatu duten koreografiak: «norberekoi-keritik abiatuta, gure arteko harremanak komunitate-bakarrizketa bihurtzen dira», beren ustez. Lan honek norberekoikeriaren inguruko hausnarketa ugari biltzen du: «sortzetik dugun zerbait da, bizirauteko beharrezko zerbait», azaldu zuen Arantxa Gagok. Hausnarketa horiek gorpuzteko 11 estereotipo erabiliko dituzte, «horietako bakoitzak gu guztiongandik zerbait du, gizarte osoa islatuta agertzen da», esan zuen.
eva vidal
('Ningún arbol donde poner la cabeza al fresco')
Etsipenaren itzalean
Antzerkiaren mundutik iritsi zen Eva Vidal dantzarenera, eta biak uztartuz prestatu du pieza. «Heldutakoan, atzera begiratu eta ohartzen zara interesatzen ez zaizkizun eta balio ez dizuten gauza asko irakatsi zizkizutela umetan; zu gidatzeaz arduratu ziren pertsonek gauzak sinestarazi zizkizuten arrazoi faltsuak emanez, zutabe desegonkorrak eraikiz», azaldu zuen koreografoak bere piezaren muina esplikatuz. «Haurtzarotik pilatu zaizkigun desilusioek» osatzen dute Ningún arbol donde poner la cabeza al fresco dantza saioa, hori da abiapuntua. «Ukitu ironikoa eta dramatikoa» uztartzen ditu ondoren: «etsipenaz ari gara tonu ironikoan, umorez, baina barrez lehertzeko asmorik gabe», azaldu zuen Vidalek. Hamabost minutuko ekoizpen honetan mugimenduak leku handia baldin badu ere, koreografoak berak eginiko testuak ere «neurri bereko garrantzia» du, antzerkiaren eta dantzaren arteko hibrido bat sortuz.
Dokumentuaren akzioak