Dokumentuaren akzioak
Koreografo Gazteen Erakusketa, sorkuntzari aukera eskainiz
Martxan da dagoeneko Koreografo Gazteen Erakusketa. Lehenengo emanaldiak datorren astean izango dira
Bederatzi beharrek jaso dute urte honetan Eusko Jaurlaritzaren laguntza: Ainhoa eta Arantxa Gagok `Yo, mi, mio, merekin; Atxarte Lopez de Munain eta Pilar Andresek Oskolarekin; Eva Vidalek Ningún árbol donde poner la cabeza al frescorekin; Izaskun Santamariak A tientasekin; Gabriel Ocinak Huecorekin; Gorka Saezek Kulunka munduari birarekin; Mª Mar del Pozo Shakerekin; Ruth Guimera El corsé: esa otra pielekin eta Silvia Casero Aluzinerekin.
Sorkuntza bultzatuz
Laguntza 3.000 euro ingurukoa da taldeko lanetan eta 1.500ekoa bakarkakoetan. Dantzari eta koreografo amateurren artean sorkuntza bultzatzeko sortu zen duela zazpi urte erakusketa. Laguntasun horrekin batera, koreografiak nolabait mugitzeko hitza eman zuen Kultura sailak.
Horrela, aurten ere bederatzi lanetatik epaimahaiak hautatutakoak Donostiako Egia Kultur Etxean (maiatzaren 22an), Gasteizko Ibañez de Matauko Antzokian (maia-tzaren 24an) eta Barakaldoko Antzokian (maiatzaren 30ean) ikusgai izango ditugu.
Zazpigarren Erakusketa honetan `Yo, mi, mio, me, A tientas, Oskola eta Ningún árbol donde poner la cabeza al fresco izan dira aukeratuak Eusko Jaurlaritzak antolatutako hiru emanaldietan parte hartzeko.
Erakusketara heltzen diren dantzariak ez dira profesionalak, baina batzuek mundu horretan sartzeko gogoa dute. «Koreografo gazteen erakusketak ez du maila profesionalik. Koreografiak sortzeko, egiteko laguntzak dira», azaltzen du Kultura saileko Imanol Arana teknikariak. Profesionalentzako bestelako laguntzak izaten dira; produkziorako eta biretarako, hain zuzen.
Dirua eta denbora
Bilboko La Fundicion aretoko Luque Taguak urte asko daramatza dantzaren munduan eta gustura ibili ohi da erakusketan epaimahaikide bezala. Bere ustez, oso garrantzitsua da horrelako «lan prozesuak» bultzatzea. «Laguntza honek sortzeko dirua eta denbora eskain-tzen diete gazteei», dio Taguak.
Koreografo hauek amateurrak direla azpimarratzen du La Fundicionekoak eta horietatik irtetzen direla gero profesionalak. «Iaz parte hartu zuen Saioa Ibañezek Maspalomasen saria lortu du eta ez da edozer gauza. Hemendik kanpo ere defendatzeko moduko lanak dira batzuk, zalantzarik gabe».
Dokumentuaren akzioak