Dokumentuaren akzioak
Koreografo baten larruan
Ikasleak dantzan. Pantxika Telleria Mintegia koreografia prestatzen ari da 115 gazterekin. Hilaren 22an izango da ikusgai
Oraingoz, 25 ikasle ditu bere aitzinean Telleriak. Ikasleak ez ditu bero-bero. Jadanik, beroketaren ordua heldu da: «Biribila osatuko dugu! Altxa!». Perkusioen soinua. «Biribildu... luzatu...», ez da, ez, erreza goiz honetan... «Ai ene...», gazte zenbaitzuek min...
Berotuak dira. Orain, taldeka jartzeko tenorea da, bakoitzak minutu eta erdiz dantza koreografia bat aurkeztuko du hilaren 22an. Egun horretan, orotara 20 bat talde pasa beharko dira. Ikastolatik 12. Besteak, Baionako Villa Piako bigarren urtekoek osatuko dituzte, eta azkenak Miarritzeko Malraux ikastetxeko terminalek. Yann Tiersen bretoiaren musika lagun ukanen dute.
Baina une honetan ez dira oraino taula gaineko argien pean. Talde bakoitza areto bateko txokoan jarri da. Koreografia eraikitzen ari dira. Horretarako, Bi Harriz Lau Xori jaialdiaren barnean sartzen den Polo Garat argazkilariaren erakusketarako lanak ispirazio iturritzat hartu dituzte. Artistak Afrikan hartu argazkien artean bat hautatu, eta haiek horri buruz sentitzen dutena erakutsi behar dute. Ikuskizunaren egunean, dantzatzen ariko direla, argazkia proiektatuko dute.
Kepa, Jokin, Elorri edota Argitxuk osatzen duten zortzikoteak kateak hautsi dituen gizonaren argazkia hautatu dute. Askatasuna deitu dute. «Zu hor, ni hemen...»; «ez, ez duzu uste horrela hobeto dela?». Askatasuna irudikatzen dabiltza. Artean, euskal dantzen eragina ere sentitzen da. Koreografoaren rola barneratzen dute. Fruituak agertzen ari dira.
Irakaslearen aitzinean pasatzeko ordua iritsi zaie. Hau, harrituta gelditu da. «Ainitz galdegiten badute, gero, eman indarra ordaintzen digute».
Eskarmentua partekatu nahian
«Ez ditut dantza ikastaroak eman nahi. Haiek koreografo sentitzea da nahi dudana; dantzaren egitura, dena haiek nahi duten bezala eramatea». Baina goiz honetan gazte batzuek ez dute koreografoen itxurarik hartu nahi. Dena den, gozatzen dutela ikusten da dantza mimoak bururatuz gero.
Ororen buru trukaketa horrek indarra eman dio segitzeko EliralEri. Konpainiak urte bat beteko du oraintxe, «ez genuen estudio batean sartu, eta errealitatetik mozteko gogorik, baizik eta partekatzekoa».
Minutu eta erdiko denbora pasa da, bukatu dute gaurkoz. Zapatak berriro jarri, atera eta berriz ere ikastolako bidea hartzen dute.
Elirale-ren lan berria
Eden, paradisu eta pozoiaren kontraesanean
Pantxika Telleria koreografoak eta Celia Thomas EliralE konpainiako dantzariak oraintxe bukatu duten Eden ikusgarria martxoaren 22an proposatuko dute lehen aldikotz. Arvo Parten musikak lagundua, 16 minutuko lana da. Eden izena hautatu du Telleriak hebreeraz paradisua erran nahi badu ere, bizkaieraz pozoia erran nahi baitu. Kontradizio horrekin lanean aritu nahi ukan du. Alabaina, batean pozoi, bestean paradisu, emazteak gizartean dituen lekuak taularatuko ditu Thomas dantzariak.
Lan berria, ikastegietako gazteekin batera aurkeztea ez da kasualitatea. Izan ere, gazteekin urtarriletik hona lanean ari zirela osatu dute Eden. Gazteak beren koreografiak eraikitzen ari zirela, «guri ere zerbait utzi digute», azaldu du Pantxika Telleriak. Martxoaren 22an, beraz, EliralE konpainiaren lehen lana Firua-rekin zabalduko dira erridauak. Ondotik gazteena, eta azkenik elkarlanaren fruitua ikusiko da: Eden.
Dokumentuaren akzioak