Dokumentuaren akzioak
Koreografiak sortzeko laguntzak
Jorge Jauregi, dantzaria
Laguntza hauek ondo datoz; izan ere, jende berriak lehenengo lanak egin ditzake eta baita lanok antzokian aurkeztu ere.
Hala eta guztiz ere, taldeak aukeratzeko irizpideak ez dira oso argi finkatu eta Erakusketak beti izan du profil nahiko heterogeneoa, eta kalitateari dagokionez aurkeztutako lanen arteko desberdintasunak nabarmenak izan dira.
AZKEN urteotan ikuskizuna ikusleria arruntarentzat aurkeztu da (antzoki handietan egin da, hala nola, Donostiako Victoria Eugenian eta Gasteizko Principal Antzokian), baina erantzun kritikoa izan du, saio luzeak, ulergaitzak eta azken finean, erakargarritasun gutxikoak izan direlako.
Gainera plataforma honek zein zentzu duen galdetu beharko genuke. Euskal Herriko sormen koreografikoaz hitz egiten ari garen galdetu beharko genuke, dantza garaikidearen egoera nahiko eskasa den lekuan. Horrela bada, nire ustez, orain dela sei urte ekimena proposatu zenetik gaia ez da ongi bideratu. Erakusketak garrantzi eta oihartzun mediatiko neurrigabea hartu du eta Eusko Jaurlaritzaren eginahalak monopolizatu ditu. Horrela, gai garrantzitsuenak albo batean geratu dira, esate baterako, heziketa. Oso zaila da lan interesgarriak egitea heziketa gunerik ez badago edota dantza garaikideko hizkuntza anitzei buruzko infomaziorik ez badago. Ikastaroak, lan tailerrak behar dira, modu autonomoan lan hau egiten duten talde eta pertsonei entzun eta lagundu egin behar zaie. Hiru lurraldeetan diruz lagunduko diren eta modu finkoan garatuko diren ikastaroez ari naiz. Lan tailer hauetatik atera daitezke ekimen txikiak. Eta ez naiz ari antzerki eta dantza ikastetxe handietaz; nahiz eta hauek ere iritsiko diren. Orain, aurten, datorren urtean, jendeari laguntzeaz ari naiz. Ezagutza, informazioa, ekonomikoki eskuragarriak diren eta dantzatzeko beharrezkoak diren baldintza minimoak betetzen dituzten lantokiak behar dira.
Koreografiak sortzen laguntzea hori da eta azken urteetan Erakusketarekin gertatutakoak zerikusi gutxi du.
BESTE alderdi funtsezkoa dantza garaikidearen programazioa da. Herri honetan dantza garaikidea garatu nahi badugu oso garrantzitsua da kultur ekoizpen hauek eskatuko dituen ikusleria sortzea. Instituzioak gai hau dela-eta zenbateraino dauden kezkatuta galdetzen diot nire buruari. Programazio finkoaz, ondo planifikatuaz ari naiz hitz egiten, kalitatezko ekoizpenez ari naiz. Honela lortzen da gizartean interesa piztea.
Azken finean Erakusketarekin egin nahi izan dena huts egitea izan da. Kontua ez da zortzi, hamar pieza motz egin daitezen ziurtatzea, gero jendaurrean lan profesionalak balira bezala aurkezteko. Lan berriak, proposamen eszeniko esperimentalak... diruz laguntzea oso ondo dago eta gainera guztiz beharrezkoa da, baina horrek ez du esan nahi ikuskizuna parafernaliaz inguratuta aurkeztu behar denik. Diru hori era eraginkorragoan erabil zitekeen. Eta batez ere, ezin da lorontzi bezala erabili herri honetako dantza garaikiderako laguntza instituzionalak ezkutatzeko.
Hemen erakundeek dantza garaikidea lagundu, sustatu eta zabaltzen dutela esan ahal izateko asko dago egiteko.
Dokumentuaren akzioak