Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Koreografia kohesio tresna da Jon Mayarentzat

Dokumentuaren akzioak

Koreografia kohesio tresna da Jon Mayarentzat

Jon Mayak euskal dantza tradizionala erabiltzen du lan garaikideak sortzeko. Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga haustea erresa izan da beretzetat eta bere ustez, muga «hobeki baliatu behar genuke indartsuago izateko, elkarrekin».
Egilea
Anaiz Aguirre Olhagaray*
Komunikabidea
Kazeta
Mota
Albistea
Data
2024/01/03
Lotura
Kazeta

 

Jon Maya Baionako kontserbatorioan formatua izan da Koldo Zabala koreografoarekin.
Jon Maya Baionako kontserbatorioan formatua izan da Koldo Zabala koreografoarekin. (Guillaume FAUVEAU)

Jon Mayak beti uste izan du posible dela dantza tradizionala eta garaikidea nahastea. Koreografo eta Kukai Dantza konpainiako zuzendariari dantzarako pasioa haurtzarotik heldu zaio. Errenteriako (Gipuzkoa) Ereintza herriko kultur elkartearen baitan hasi zen euskal dantza tradizionala ikasten. «Beti zegoen nire alde bat esaten zuena ikasten ari nintzen dantza hartatik agian posible izango zela eszenatokian ikusten nituen ikuskizunak sortzea», azaldu dio Mediabaski.

Koldo Zabala, Biarritzen bizi den dantzari eta koreografo bizkaitarra, Jon Mayaren dohainaz ohartu zen eta Baionara balleta ikastera bidali zuen, hamabi urte zituela. «Errenterian dantza tradizionala ikasten ari nintzela, Ereintza elkarteak balleta sartu zuen eta azterketa batean Koldo Zabala epaimahaikide gisa etorri zen. Berehala esan zuen: ‘mutil hori nahi dut, eta beste hau’. Esan behar da garai hartan ez zela nire etxe inguruan kontserbatoriorik, beraz, Koldoren deia eta gero, eta Kontserbatorioaren aukerarekin, bi urtez etorri nintzen hona [Baionara] ikasketak egitera».

Jon Mayaren ustez, Ipar Euskal Herriarekiko harremana «naturala izan da» haurtzarotik. «Gogoan dut txikitan, topoa hartzen genuela Hendaiara joateko eta muga pasatzen genuela», kontatu du. «Errenterian bizi naizenez, uste dut Ipar Euskal Herriarekiko hurbiltasuna ere oso fisikoa dela. Errazagoa zait Lapurdira etortzea Bizkaira joatea baino!».

Heldu bilakatuta, Jon Maya ‘Le Temps d 'Aimer’ dantza jaialdira joaten da, eta lotura estua du Malandain Balletarekin - eredu gisa aurkezten duena -, gaur egun artista asoziatu bihurtu dira. Gero, Kukai Dantza konpainia koreografo garaikideekin lanean hasi zen. Lehen esperientzia Pantxika Telleria dantzari donibandarrarekin egin zen. 

Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga haustea erraza izan da Jon Mayarentzat. Egunerokoan ez da existitzen. «Gizartean ikusten da muga mental bat badela oraindik. Uste dut muga hori hautsi daitekeela aktibitateen bidez. Denbora guztian lanean ari garenez, muga hori ez dut ikusten. Argi eta garbi, gauzak egiteak eta proiektuak abiarazteak kohesioan parte hartzen du. Baina esango nuke hizkuntza eta kultura tresnarik onenak direla gure kohesiorako».

Azkenean, muga administratiboa abantaila bat izan daiteke. «Ulertu behar da mugaren alde bakoitzean gauza batzuk ezberdinak direla ohituraz, heziketaz, eta leku bakoitzean jakin behar dela besteak nola jokatzen duen. Eta uste dut gehiago goza genezakeela. Uste dut Hegoaldeko artistentzat Iparraldea, Euskal Herrian egoteaz gain, ate bat izan daitekeela gure obrak Frantzian aurkezteko, Ipar Euskal Herriko artistentzat Hegoaldea Euskal Herriko lurralde bat ez ezik, Espainiarako edo beste zirkuitu batzuetarako irekidura ere izan daitekeen bezala. Uste dut hobeki baliatu beharko genukeela indartsuago izateko dugun aukera hori, elkarrekin».

*Erredakzioan itzulia

Dokumentuaren akzioak