Dokumentuaren akzioak
Korapilorik gabeko zapiak
Hondarribiko kultur etxeak hartu du saria emateko ekitaldia, hain justu, alarde egunerako entseguaren aurretik, joan den ostiral iluntzez. Kanpoan bildu dira Jaizkibelgo kideak. «Bederatzietan, hemen», esan diete arduradunek parte hartzaileei. Kultur etxe kanpoko txaloak barrura lekualdatu dira orduan, eta oholtza gainean, Larruskainen eskuetatik saridunen lepoetara igaro dira Jaizkibel konpainiaren zapiak. Korapilorik apenas duten zapiak dira; adostasunez, berdintasunerantz egindako bideen ikur.
Eskerra eta poza daude saridunen hitzetan, eta, begi bustiak publikoaren artean, Garazi Artetxe Udaberriko ordezkariak hitza hartzean: «Jaizkibelek sortutako sari hau Jaizkibelek berak jaso beharko luke. Zuei emango genizueke jaia eta berdintasuna uztartzen duen edozein errekonozimendu. Urtetan eta urtetan begi askorentzat duintasunaren eredu izateagatik, zuen herrikide askorentzat hala izan ez bada ere. Balio dezala egitasmo honen oihartzunak begi horiei guztiei benda kendu, eta Hondarribia benetako berdintasunaren hiri bilakatzeko».
2013an eman zuten pausoa Tolosan. San Joan jaietako bordon dantzan parte hartu zuten orduan neskek lehenengoz. Dantzariek «ia normaltasun osoz» bizi izan dute prozesua: gizonek zein emakumeek dantza egin nahi zuten herriko festetan, eta hala egin zuten. Aparteko arazorik gabeko bidea izan bada ere, aurrera begira «itxaropen bakarra» dute: eurentzat eta beste talde askorentzat prozesu bat izan dena ondorengoentzat prozesu izatera ere ez iristea. «Festetako parte hartzea herritarrena izatea, sexuena izan beharrean».
Kultur etxeko ekitaldia bukatuta, Jaizkibelekoekin batera egin dute saridunek entseguko bidea. Desfile amaieran, ordu erdiko tartean kontatu dietenaz mintzo dira Andoni Oruesagasti, Nekane Martin eta Oihane Vicente Irrintziko gazteak: «Orain aritu gara pixka bat informatzen… Harrigarria da; familiak-eta haserre egoteraino… Lotsagarria».
Udaberriko kide ugari bezala, Irrintziko asko ere txikitatik dabiltza taldean, eta normal-normal hartu dute neskak ezpata dantzan hastea. «Batez ere neskek geneukan gogoa, eta horretan hasi ginen», dio Vicentek. Duela bi urte hasi ziren ezpata dantza ikasten. Tartean, traje aldaketa ere izan dute, eta horregatik atzeratu zaie jendaurrean aritzeko momentua. Aurten iritsi da: Zumarragako santaixabeletan dantzatu dute lehenengoz, uztailaren 2an, eta abuztuaren 15ean berriro.
Erabakia hartu aurretik, «hausnarketa une bat» izan zuten taldean; orokorrean, baina, baiezkoa gailendu zen. Herritarren aldetik ere babesa jaso dute: «Herrian aldekoak eta kontrakoak izan dira, baina egunean bertan jendeak ondo hartu gintuen». Hondarribiko errealitatea gehiago ezagutu eta gero, «zaila» ikusten dute berdintasuna lortzea, baina ingurukoen babesak lagunduko dielakoan dira: «Jaizkibel konpainiarentzat beste eredu batzuk gara, eta hori lortu nahi dute; beraientzat ere babesa da beste talde batzuek lortu izana».
Kresala aitzindari
30 urte baino gehiago dira Kresala elkarteko danborradan emakumeak ateratzen hasi zirenetik. Aitzindariak izan ziren Donostian; ate bat ireki zuten. Gazteak ziren, eta gaztea zen elkartea ere —1972an sortu zuten—. Ondo gogoan ditu hasiera haiek Xabier Arregi elkarteko kideak: «Kresala barruan, euskal kulturaren inguruan zebiltzan gazteak biltzen ziren; hainbat batzorde zituzten: mendikoa, dantza taldea… Kultura aldetik ere, hitzaldiak zeuden, ikastaroak… Horietan guztietan, neska-mutilak elkarrekin ibiltzen ziren».
Bestelakoa zen egoera jaiak iristen zirenean: kuadrillako neskak alde batera geratzen ziren. Batzuetan, latekin atera izan ziren Parte Zaharrean txistulariekin-eta, danborra jotzen. «Hortik pauso bat aurrera ematea izan zen. Emakumeek esan ziguten: ‘Guk San Sebastian egunean zuekin atera nahi dugu’. Guretzat ez zen izan arazoa, naturala izan zen».
Elkarte barruan izan ziren baiezkoak eta ezezkoak, baita Donostia inguruan ere. Batzar bat egin zuten beste danborrada guztiekin; han izan ziren Donostiako alkate Jesus Mari Alkain eta Ramon Labaien Kultura zinegotzia ere. «Batzuek esan zuten: ‘hauek ateratzen badira, gu ez gara aterako’». Hala ere, Kresalakoen borondatea argia zela ikusi zuten, eta, gainera, elkartekoek helduleku bat topatu zuten haien asmoa aurrera eramateko: Javier Maria Sada historialariaren informazioa. Hark esan zienez, danborradaren sortzean badago emakumezkoaren figura bat: urketaria —ur bila joaten zen emakumea—. «Pertsonaia hori izan gabe ere berdin aterako lirateke emakumeak, baina ideia hori ondo babesteko egokia izan zen urketari pertsonaia». Lehenengo urtean, 25 emakume atera ziren Kresalarekin.
Danborradan parte hartzea gizonezkoen «pribilegio bat» zen: «Haien beldurra pribilegio hori galtzea zen, eta, noski, jadanik ez dute. Orain, denoi irekita dagoenetik, denon eskubidea bihurtu da; horrexegatik, jaiak irabazi du». Berdintasunerako urratsa ez zen egun batetik bestera egin, ordea. Hurrengo hiru urteetan ez zen emakumezkorik atera gainerako danborradetan. Politikarien aldetik ere, «kostata» lortu zuten babesa: «Duela hamar urte-edo hasi ziren ikusten normaltasunera ere hortik joan behar zela».
Arregik ikusten du antzekotasunik Kresalaren eta Jaizkibelen artean: «Gu ere hasieran tanta bat ginen hondarrean. Uste genuen gutxi ginela, baina pixkanaka aldatu dugu». Aurrerapausoak nabari ditu Hondarribian, eta gazteengan du esperantza. «Pareta bat jarri dute, ez bakarrik plastikozkoa. Eta pixkanaka desegin behar da».
Erakundeen babesa
Udaberrik, Irrintzik eta Kresalak lortu dute. Horretarako, ezinbestekoa izan da haien inguruko erakundeen babesa, Jaizkibelgo kapitain Izaskun Larruskainen arabera: «Atzetik lan bat dagoenean, herriko instituzioek lan egiten dutenean eta alde guztien borondatea dagoenean, posible da. Hemen ez da ematen aurrera egiteko behar den laguntza hori; orduan, oso zaila daukagu».
Udalean ikusten du arazo nagusia: «Haiek izan dira herriko ondarea pasatu dutenak eta utzi dutenak batzuen eskuetan, pribatizaturik». Dena den, herriak konponbidea nahi duela nabari du: «Gehiengoak onartzen gaitu, baina beldurra ere badago, presioa dago. Bereziki gazteek zaila dute; oso ausartak izan behar dute. Gazte pila bat batu zaigu, eta horrek sekulako indarra ematen digu guri. Elkarbizitzarako denen artean eman behar ditugu pausoak, udaletik hasi eta denen artean».
Izaskun Larruskain Hondarribiko Jaizkibel konpainiako kapitaina, gaur zortzi, saridunek jasotako zapi batekin. / Andoni Canellada, Argazki Press
Dokumentuaren akzioak