Dokumentuaren akzioak
Kontzezio Azokaren errepasoa
•Soarteren idiak nagusi
29 urteko etenaren ostean itzuli ziren idi probak Garagartzako plazara (ikus erreportajea BARREN astekarian),
eta, horrenbeste denbora eta gero, argi geratu zen herri kirol honek
zale asko dituela Mendaron. Apusturik tartean ez egon arren, Soarteren
eta Areitioren idien arteko demak ikusmina sortu zuen. Elgoibarko Soarte
baserriko idiek 55 plaza egin zituzten eta 45 plaza Eibarko Areta
baserriko idi pareak.
•Euskal jantzi dotoreenak
Igor Ezenarro eta Maite Mendikutek irabazi zuten baserritar jantzi dotoreenari urtero ematen zaion saria (ondoko argazkian). Kontzezio azokan sari gehiago ere banatzen dituzte, ordea. Mendaroko basorik txukunenari ematen zaion saria, esaterako, Pagolatza baserriak eskuratu zuen. Eta, azkenik, azokan egon ziren hamalau postuetako batean egindako erosketengatik eginiko zozketan, Ainhoa Andonegik eraman zuen etxera hainbat produktuz osatutako otarra.
•Anjel Bazterretxea abadeari omenaldia
Kontzezio azokak hilaren 8an, eguaztenean, izan zuen jarraipena, Mendaroko herriak Anjel Basterretxea abadeari eskaini zion omenaldiarekin. Meza nagusiaren ostean Eibarko Kezka dantza taldeak dantza emanaldia eskaini zuen Garagartzako plazan. Mendaroko dantza-historiarekin lotura duten dantzak dantzatu zituzten Kezkakoek eta bertaratu ziren herritarrek ere izan zuten dantza taldeko kideekin batera dantza egiteko aukera, goiko bideoan ikus daitekeen moduan.
Mendaron, Kontzezio Egunari lotuta egon izan dira dantzak luzaroan. Gregorio Santa Cruz, Eibarren XX. mendean izan den dantza-maisu handienak, Mendaron ere prestatu izan zituen dantza taldeak, eta egun horretan dantzatu izan zuten. 1931n sortu zuen lehen dantza taldea Mendaron, eta Durangaldeko dantzari-dantza (ezpata-dantza, garai hartako dantzarientzako) ikasi zuen Mendaroko gazte talde batek Santa Cruzekin.
Kontzezio Azoka 2010 from elgoibarren.net on Vimeo.
Dokumentuaren akzioak