Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Konturatu nintzen irakasteak gehiago betetzen ninduela»

Dokumentuaren akzioak

«Konturatu nintzen irakasteak gehiago betetzen ninduela»

Egilea
Irati Salazar Artola
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Tolosa
Mota
Elkarrizketa
Data
2022/07/03
Lotura
Ataria
«Konturatu nintzen irakasteak gehiago betetzen ninduela»
Katixa Perea, Tolosako Dantza Tailerrean. I. SAIZAR
Tolosako Dantza Tailerrak mende laurdena bete du aurten. Katixa Perea (Tolosa, 1975) dantzariak jarri zuen martxan, balleta zer zen ezagutarazteko helburu xume batekin, eta irakasle lanetan hainbat urtez aritu ondoren, koordinazio lanak egiten ditu egun. 

Balleteko ikasketak egin eta dantzari moduan hastean, irakasle izatea ere probatu zuen Pereak; dantza egiteari inoiz utzi ez badio ere, irakaskuntzan eman ditu urte gehienak.

Dantzari moduan definitzen duzu zeure burua?

Dantza nire bizitza izan da betidanik. Kontziente ez nintzenean ere bai. Gauza kurioso bat gertatu zitzaidan haurra nintzela: katalogatu gabeko gaixotasun arraro bat izan nuen, eta ez zuten asmatzen tratamenduarekin. Azkenean, Gurutzetako ospitalean asmatu zuten, eta hiru urterekin nire gurasoei esan zieten ariketa fisikoa egiten hasi behar nuela. Hiru urterekin ez zekiten zertan apuntatu eta ikusi zutenez musikarekin beti dantzan nenbilela, Zumalakarregi pasealekuan zegoen balleteko eskolan apuntatu ninduten. Berez, lau urterekin hartzen zituzten ikasleak, baina nire kasua berezia zenez, utzi egin zidaten. Amak beti kontatzen du nire tamainako balleteko jantzirik ez zegoela oraindik, alde guztietatik soberan geratzen zitzaidala.

Hor izan zenuen lehen kontaktua dantzarekin? 

Kasualitatea izan zen, baina bai. Nire amak Parisen egin zituen urte batzuk ikasten, eta egun batean Parisko operara joan eta balletaz maitemindu zen. Buruan hori zuen, eta horrela hasi nintzen. Nire lehen irakasleak gurasoei esan zien banuela talentua. Hasieran ez nintzen oso kontziente gustatzen ote zitzaidan edo ez, disfrutatu egiten nuen eta listo. Gero Tolosako eskola itxi eta Beasainera joan nintzen, eta handik Donostiara. Han, Mentxu Medel irakaslearekin aritu nintzen eta geroz eta garbiago nuen dantzako karrera egiten saiatu nahi nuela.

Eta ze pauso eman zenuen? 

Madrilera joan nintzen, Carmen Roche eskolara. Izugarrizko zortea izan nuen, oso irakasle ona delako. Esperientzia gogorra izan zen, oso trinkoa, 14 urte besterik ez nituen, baina oso aberasgarria izan zen.

Oso gazterik utzi zenuen etxea. Nola hartu zuten erabakia inguruan?

Zortea izan dut nire gurasoek beti lagundu didatelako nahi dudan hori lortzen. Beti izan dira errealistak ordea. Galdetzen zidaten lortuko ez banu, edo min hartuko banu, ea itzultzeko prest egongo nintzatekeen. Ez dira aritu munduko hoberena izango nintzela pentsatuz, guztiari baiezkoa ematen. Beti eskertuko diet, ez didatelako inoiz trabarik jarri, eta gainera, badakit oso gaizki pasa zutela, nire amak asko sufritu zuela.

Zein ikasketa egin zenituen Madrilen?

Balleteko karrera egin nuen. Nire ikasketa arruntekin jarraitzen saiatu nintzen distantziara, asteburuetan ikasiz; eromena izan zen. Plan zaharrekoa naiz, gainera, eta zazpi urteko karrera hiru urtetan egin nuen badaezpada, ez nekielako hurrengo urtean jarraitu ahalko nuen. Gogorra izan zen, baina han jarraitu nukeen. Eskolan proiektu berriekin hasi ziren, pribatua zen eta zuzendariak aipatu zidan kontserbatorioa sortu nahi zutela. Konpainia bat ere sortu behar zen eta saltsa guzti horretan aritu nintzen. Eta hala, konpainia moduan funtzionatzen hasi ginen, dantzari bezala esperientzia hor hartu nuen. Koreografo ezberdinak zetozen, eta beraien produkzioetarako hautatzen gintuzten. Esperientzia polita izan zen.

Dantzari baten bizitzan murgildu zinen. 

Madrilgo flamenkoko eskola batek dantza klasikoko irakaslea behar zuen eta lana eskaini zidaten. Probatzea erabaki nuen. Pila bat gustatu zitzaidan esperientzia. Ez zitzaidan erraza egin, izan ere, flamenkoko ikasleak ziren eta beraien gorputzak ez ziren klasikoko profilekoak. Baina oso polita izan zen mugimendu horietara, posizio horietara nola iritsi erakustea. Ikusten zutenean lortzen zutela nirekin ospatzen zuten. Ederra izan zen eta nolabait esateko, beraiek hasi ziren nire bizitza aldatzen. Bat-batean nire plan guztiak aldatzen hasi ziren. Konturatzen hasi nintzen irakasteak gehiago betetzen ninduela: ikasleekin neukan hartu-eman hori, bakoitzari bere puntua hartzea, gorputz guztiak desberdinak direlako eta guztiak ez direlako iristen esplikazio berdinarekin pauso bera egitera. Aurkikuntza bat izan zen eta ikusi nuen asko ematen zidala.

Inflexio puntu bat izan zen? 

Guztia birplanteatzen hasi nintzen. Dantzari bezala jarraitu nahi banuen, Espainiatik kanpo joan beharko nuela ikusi nuen eta urte batzuk baneramatzan etxetik kanpo. Guztia kuestionatzen hasi nintzen. Etxean ere komentatu nuen zer gertatzen ari zitzaidan: irakasle izan nahi banuen etxera bueltatzea gomendatu zidaten etxekoek. Zer egin ez nekiela geratu nintzen. Madrilen bertan, Carmen Rochek kontserbatorioan lana eskaini zidan, baina etxera bueltatzeko erabakia hartu nuen. Gaur egun nire senarra denarekin ere garai hartan maitemindu nintzen, eta ikusi nuen garai egokia zela bueltatzeko.

Eta bueltan, zer egin zenuen?

Hasiera batean ez neukan ezer. Nire Donostiako irakaslea izan zen Mentxu Medelek bueltan nentorrela jakin zuenean, klase batzuk emateko eskaintza egin zidan. Horrez gain, banekien Tolosan klase batzuk ematen zirela kultur etxean eta utzita zeudela. Kultur teknikariarengana joan nintzen, Jokin Ansorenarengana, eta balleteko eta dantza garaikideko klaseak emateko aukerarik izango nuen proposatu nion. Probatzeko bi talde txikirekin hasi nintzen.

Nolakoa izan zen hasiera hura?

Nik ez nekien zertan bukatuko zen kontua. Dantza oso mundu ezezaguna zen, eta hasieran guztia kuestionatzen zen. Agian asko gustatuko zitzaien, baina aukera bazegoen ez gustatzeko ere. Balleta oso-oso diziplinatua da, asko ikusten ez bada ere. Txikiak direnean eta esaten diezunean borobilean eserita egongo garela, beroketa batzuk egingo ditugula, bizkar-hezurra sentitzen hasi behar dutela, euren oinak sentitzen... «Eta horrela ordubete?», galdetzen dute. Urtetik urtera ikasleak gehitzen joan ziren, eta momentu bat iritsi zen ikasle kopurua oso handia nuena eta beste gela baten beharra genuen. Baita irakasle gehiagorena ere. Itziar Urruzola hasi zen txikiekin irakasle moduan. Gurasoek asko borrokatu zuten eskola handitzea lortzeko, eta musika eskolan kokatuta dagoen gela bat lortu genuen.

Aurten 25 urte egin ditugu, eta atzera begira jarrita oso hunkigarria egiten zait. Gure momentu gogorrak izan ditugu, baina azken emanaldian ikasle mordoa etorri zitzaidan, eskerrak emanez, emozioz negar batean, eta hori ikustea polita da. Dantzarekiko maitasun hori geratu zaiela ikustea pozgarria da. Hemendik pasa diren dantzari profesionalak ere baditugu, Julen Rodriguez, adibidez, Ballet Biarritzen dago egun, Leire Amonarriz ere gurekin aritu zen eta dantzaria da egun. Ez dut esango erabat hemen formatu direnik, izan ere, dantzariok mila lekutatik joaten gara formatzen eta ikasten.

Balleta bereziki da diziplinatua?

Mundu aberasgarria da. Bizitzako gauza asko ikasten dira, ez da soilik dantza egitea. Eta jendea ez dakit oso kontziente den horretaz. Espektakulu bat ikustera joan eta azken emaitza bakarrik ikusten duzu, baina ez dira jabetzen atzean dagoen guztiaz. Dantzari bezala ikusten dudana da fisiko egoki batekin jaio ez bazara, oso-oso gogorra dela dantzaria izatea, lan bikoitza egin behar duzulako. Baina, era berean, pauso horiek egitera iristen zarenean, lortzen duzun sentsazioa, askatasuna, boterea, sekulakoa da. Gogorra da, baina aldi berean oso-oso pozgarria.

Gogorra izan arren, ikasle askok egiten dute ikasteko hautua. 

Ez nuke jakingo esaten 25 urte hauetan zenbat ikasle pasatu diren eskolatik. Pandemia aurretik 150 ikasle inguru izaten nituen urtero, baina pandemia gogorra izan da guretzat, eta berriro hastea kosta egin zaigu. Hala ere, aurtengo jaialdian 106 ikaslek hartu dute parte.

Irakasle moduan hasi eta koordinatzaile izatera pasa zinen gero. 

Amatasuna izan zen arrazoietako bat. Klaseak haurrak eskolatik ateratzen direnean izaten dira, beraz, familiarekin ordutegia antolatzea ez da batere erraza. Lehen haurra izan eta gero, lortu nuen berriz klaseak ematen hastea, baina bigarren haurra izan nuenean hartu nuen erabakia. Udaletik koordinazioa ematea eskaini zidaten eta horretan nago egun. Geroztik, irakasle ezberdinak pasa izan dira. Beti saiatu izan naiz maila mantentzen. Aurten, lehen aldiz ekipo osoa tolosarrak gara: txikiekin Itziar Urruzola aritzen da, 8 urtetik aurrerakoekin Borja Bordonabe, eta dantza garaikidea Amaia Elizaranek ematen du.

Duela gutxi egin duzue ikasturte amaierako emanaldia. Zenbat lan du hori pentsatzeak?

Normalean guztia aurreko udan pentsatzen dut, pentsa. Makinatzen hasten naiz. Aurten, gainera, 25. urteurrena dela eta, ospakizun garrantzitsua genuen, baina pandemiaren mamua ere hor zegoen, ez genekielako nola egin ahalko genuen. Eta ez da bakarrik irakasleek egindako lanagatik, ikasleentzat ere golpe latza da, lehen ere gertatu izan zaigulako prestatzen aritutakoa ezin plazaratu izana. Zerbait xumea baina berezia egin nahi genuen. Bi jaialdi egin genituen: txikienekin goizean eta 8 urtetik gorakoekin arratsaldean. Lotura bilatu nahi genien bi saioei, eta pentsatzen hasi nintzen zer izan den guretzat dantza tailerra. Hitz batzuekin erlazionatu nuen: diziplina, lagunak, dibertitzea, poza, talde lana, esfortzua, puntetako proba... Horrelako hitzak lotu nituen eta ikasle ohi batzuei eskatu nien beraien esperientzia konta zezatela hitz horiei lotuta. Proiekzio horiek sartu genituen eta horrela lotu genuen jaialdia. Oso erantzun ona izan zuen, eta oso-oso maitatua sentitu naiz egun hauetan.

Hasiera hartan, pentsatu zenuen honaino iritsiko zinekin?

Bai zera! Hasi nintzenean funtzionatuko zuen ere ez nekien. Probatzeko hasi nintzen, inongo helbururik gabe. Gehienbat balleta zer den ezagutzea nahi nuen, eta begira nora iritsi garen!

Beste hitzordu berezi bat ere izaten duzue: Oriako barandilla. 

Pandemian egiteari utzi genion, baina berezia izaten da, bai. Donostian Kontxako barandilla egin dugu aurten, baina azken unera arte zalantza askorekin ibili gara eta Tolosakoa ez egitea erabaki dugu. Jaialdian zentratuta ibili gara, eta ea datorren urtean berriro martxan jartzen garen. Oso berezia izaten da, jaialdiarekin konparatuta erakusten duguna beste lan bat delako. Klaseetan barra nola lantzen dugun erakusten dugu, jendeak ez duelako ezagutzen.

«Dantzari bezala jarraitu nahi banuen, Espainiatik kanpo joan behar nuen»

Ez da erraza izango balleta plazaratzea. 

Garaikidea eraman izan dugu, beste jaialdi batzuetarako. Berez, garaikidearen oinarria ere klasikoa da, baina aparte daukagu garaikideko taldea. Hala ere, klasikoko ikasleekin interesgarria iruditzen zait beste estiloak lantzea. Zeren, batzuetan, ez dira ausartzen pauso hori ematera, eta pena da, izan ere, batzuetan proba horietan konturatzen dira askoz naturalago ikusten dutela beraien burua estilo ezberdin batean. Beraz, garrantzitsua da noizbehinka beste estiloetako gauzak sartzea. Adin batetik aurrera gomendatzen diet proba dezatela, heldutasun bat ere behar delako, eta gorputzaren ezagutza ere garrantzitsua delako. Oinarria nahiz eta klasikoa izan, aurtengo jaialdian, esaterako, neoklasiko asko egin dugu.

Uda deskantsurako hartzen duzu?

Bai, deskantsatzeko, baina burua martxan izaten dut beti. Oso zaila egiten zait deskonektatzea, baina hartzen ditut egun batzuk deskantsurako.

Eta berriro ekin behar ikasturteari. Donostian ere irakasle lanak egiten dituzu. 

Nire pasioa da, eta irakasle lana ez nuen erabat utzi nahi. Koordinazioa eskaini zidatenean baiezkoa eman nuen, ez nuelako eskola, zerotik hasitako proiektua, bertan behera utzi nahi. Nire bizitzarekin eta familiarekin ondo moldatu nintekeela ikusten nuen eta Donostian aritzen naiz klaseak ematen. Koordinatzaile ardura hartu eta arratsaldeak libreago dituala aprobetxatuz, gehiago formatzeko baliatu dut denbora. Ezin dugu berritu gabe egon, teknikak ere bilakaera bat daramatelako, berritzen ari direlako, eta hor egon behar dugu eta hori aprobetxatu dut nik, gero eskolan zerbait aplikatzeko.

Eta Ibarran ere aritzen zara, Alurr dantza taldean.

Klasikoko klaseak jasotzen dituen talde bat daukat egun. Alurren hasi nintzen garaian Edu Muruamendiaraz dantzaria ari zen bertan. Aurrez, Aukeran dantza konpainiarekin lan egin nuen koreografo bezala eta Edu laguna dut. Alurrekoak ikuskizun berezi bat egitera zihoazen eta dantza garaikideko koreografia bat nahi zuten. Eduk niri kasu egiteko esan zien, eta gainera, momentu horretan Ibarran bizi nintzen. Proiektuan parte hartzera animatu nintzen eta oso lan polita egin genuen, oso gustura aritu nintzen. Beraientzat ere aurkikuntza bat izan zen, teknika ezberdina zelako. Hortik aurrera gauza desberdinak ateratzen joan ziren, eta jakin zuten ikasle batzuk gustura ikasiko zutela dantza klasikoa, eta irakasle moduan hasi nintzen.

«Ikasleei dantzarekiko maitasuna geratu zaiela ikustea pozgarria da»

Balleta dantza guztien oinarrian dago?

Horrek ez du esan nahi balleta jakinda beste teknika guztiak menperatzen dituzunik. Baina lagungarria da, beste dantzak kolokazio hobeagoarekin egingo dituzulako, errazago dantzatuko duzulako. Iruditzen zait garrantzitsua dela minimo batzuk izatea.

Balletak zer ematen dio dantzari bati?

Alde batetik gorputzaren kontzientzia eta kontrola. Gezurra dirudi, baina balleteko pauso bakoitzean eskuko hatz txikia ere non dagoen kontrolatzen da, edo belarriak nibelean ote dauden, sorbaldak, aldakak, dena kontrolatu behar duzu. Ikasleei esaten diet betilea non daukaten ere jakin behar dutela dantzatzerakoan. Begiekin ere dantzatzen dugu, espresioa ere lantzen delako, irribarrea ere zaintzen da. Kontrol hori eramaten jakiteak, beste edozein tekniketarako laguntzen du. Dotorezia ere ematen du balletak, oso dotorea da dantza klasikoa. Baita oreka ere, saltoak egoki egiteko. Gero, batzuetan, klasikoa egiten duen dantzari bat garaikidea egiten hasten denean, kosta egiten zaio, oso zuzen egotera ohituta dagoelako, eta garaikidearekin hastean askatzen ikasi behar duzu eta hor izaten dira komeriak.

Eta nolakoa da balletaren egoera gaur egun?

Beti borrokatu izan dugu, hemen ez daukagulako eskola arauturik. Gasteizen eta Bilbon goi mailako eskolak daude, baina Gipuzkoan ez dago bakar bat ere. Egia da eskola oso onak daudela, hemen ematen zaien formakuntza ez dela txarra, baina askotan tituluak nahi izaten dira, eta hainbeste ordu sartuta ezer ez izatea tristea da. Eta bestalde, konpainiak ere falta zaizkigu. Duela gutxi Donostiako Kursaalean Compañía Nacional de la Danza izan zen, eta sekulako poza sentitu nuen, baina horrelako bat Euskal Herrian beharko genuke. Zeren, oso dantzari onak atera dira Euskal Herritik, baina guztiak hemendik kanpo daude. Erakunde aldetik ez dute apusturik egin nahi ordea, eta pena da. Hemengo dantzariak etxetik kanpo ikusten ari gara, nazioartean, sariak jasotzen, eta etortzen dira tarteka, dantza egitera, baina bestelako aukerarik ez dute.

«Balletean eskuko hatz txikia ere non daukazun kontrolatzen da»

Nabarmen gehiago dira emakumeak balletean, gizonak baino. Zein leku dute gizonek balletean?

Proportzioan begiratzen badugu, oso-oso mutil gutxi daude. Tolosako kasuan, esaterako, aurtengo jaialdian hiru mutil bakarrik atera dira: bi klasikoan eta bat garaikidean. Oraindik lan handia dago egiteko. Nik seme bat daukat, dantzan dabilena, eta badakit zer dagoen. Eta ezjakintasun handia dago, izan ere, balletean egon zen garai bat gizonezkoek bakarrik dantzatzen zutena. Gero, erromantizismo garaian aldatu ziren paperak, eta emakumeari eman zitzaion garrantzia, eta gizonaren lana laguntzailea izatea zen, emakumea altuago altxatzea, esaterako. Klaseetan lanketa berdina egiten da, baina gizonek daukaten potentzia muskularrarekin beraien saltoak askoz handiagoak dira. Hori ere aldatzen doa ordea, zeren, fisikoki beste modu batera ari gara lana egiten eta neskak ere atletikoak dira gaur egun.

Puntetara igotzean bada diferentzia?

Tradizionalki emakumea izan da punten ariketa egiten duena. Baina, adibidez, bada konpainia bat, Trockadero izenekoa, gizonak puntetan ateratzen direna parodia moduan. Normalean, gizonezkoek oinak hobetzeko lantzen dituzte puntak, oinbularra hobetzen laguntzen duelako. Baina errepertorio klasikoan, emakumeak dira puntetan ateratzen direnak. Hori ere aldatuko dela uste dut. Guri gertatu zaigu, eskolan, mutilek puntak probatu nahi izatea. Ikasten goaz.

Nik bi seme ditut eta zaharrenari balletean apuntatu zedin eskatu nion. Zortzi urterekin esan zidan nahiago zuela uztea eta futbolean eta pilotan jarraitzea. Behintzat ezagutzea nahi nuen, izan ere, beste gauzetan ez dago apuntatu beharrik ezagutu ahal izateko; probatu zuen eta ni pozik. Seme txikienak ere probatu zuen eta ez zuela jarraitu nahi esan zidan. Gero berak eskatu zidan euskal dantzak ikasi nahi zituela, herrian bagenuelako dantzari oso trebe bat, Aimar Odriozola, eta bera bezala aritu nahi zuela esan zidan. Alurr dantza taldean hasi zen, eta gero, balleta irakastea eskaini zidatenean nirekin batera etortzen zen; orain erabat harrapatuta dauka balletak. Ikusiko dugu.

Hor iritsiko da adin bat, aurrera egin edo uzteko erabakia hartuko duena jendeak.

Hor bi kontu daude: zenbat betetzen zaituen dantza egiteak eta zenbat gauza sakrifikatzeko prest zauden dantza egiteko. Ezagutzen dut dantza utzi duen jendea ez duelako etxetik kanpora joan nahi, eta oso tristea da hori. Normalean, lanbide konbentzionaletan ez dugu hori planteatzen. Gogorra da, baina horrela dago kontua. Aurten, adibidez, eskolarekin hasi nintzenetik nirekin dauden bi ikaslek hartu dute parte jaialdian. Esana zuten eskolak 25 urte betetzen zituenean utzi egingo zutela, eta hala egin dute. Beraiek garapen guztia ikusi dute, dena bizitu dute, eta niretzat babes handia izan dira. Azken batean, momentu bat iristen da, non erlazioa ez den irakasle eta ikasleen artekoa soilik, lagunak ere bagara.

Aurrera begira zein dira zure planak?

Forman egoteko dantzan jarraitu behar duzu, eta klaseak eman ahal izateko forman egon behar duzu. Horretan saiatzen naiz. Baina pandemiarekin gauzaren bat ikasi badut da ezin direla urrunera begirako planak egin. Guztiok etxean geratu ginenean krisi handi bat izan nuen, nire lanarekin ezin banuen jarraitu, ez nekielako zer egingo nukeen nire bizitzarekin; ez dakit beste ezer egiten, nire bizitza hau da. Gaizki pasatu nuen, baina zorionez berriro bueltatu gara. Orain nagoen lekuetan berriro eskaini didate lana eta horrela jarraitzea da nire asmoa. Eta beno, amesten hasita, Oriako balleta sortzea gustatuko litzaidake, ea aukerarik baden.

MOTZEAN

Dantzari bat?

Bakarra esatea zaila da, puzzle bat egingo nuke baten besoekin, bestearen saltoarekin... Batekin geratzeko, Lucia Lacarra esango nuke, asko maite dut. Etxetik kanpoko lehen ikastaroa berarekin egin nuen eta primerako dantzaria da.

Konpainia bat?

Aldatzen joaten naiz, momentuak daude. Baina, momentu honetan Royal esango nuke, Londreseko konpainia da.

Irakasle bat?

Carmen Roche. Oraindik bizi da eta harrigarria da oraindik nola dakien transmititzen eta zenbat dakien. Eta Mentxu Medel ere irakasle zoragarria da, bere eskolatik pasa garen guztioi bere pasioa transmititu digu.

Pieza bat?

'On Kixote' balleta asko gustatzen zait. Oso bizia da eta niri horrelakoak gustatzen zaizkit.

Dokumentuaren akzioak