Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Konturatu naizenerako, 44 urte bete ditut lurra taldean»

Dokumentuaren akzioak

«Konturatu naizenerako, 44 urte bete ditut lurra taldean»

Komunikabidea
Goiberri
Tokia
Urretxu
Mota
Albistea
Data
2022/09/08
Lotura
Goiberri

Juanlu-Elgarresta-2

Juanlu Elgarrestak (Urretxu, 1964) 44 urte daramatza Lurra taldean. Ia mende erdi darama euskal dantzen alde lanean. Uztailaren amaieran Galizian egon ziren eta joan zen astean Zaragozan. Bihar folklore jaialdia ospatuko dute eta datorren asteko igandean Euskal Jaiko desfilean parte hartuko dute.

Noiz eta nolatan hasi zinen dantza munduan?
Umetan hasi nintzen, Mundo Mejor auzoko kuadrillarekin. Saltseatzen hasi ginen, mojen eraikinean, Lurra taldeko kideekin. Umeen kontua izan zen. Denbora gutxi egon ginen. Baina 14 urterekin ikasteko gogoa piztu zitzaidan. Gutxienez, arin-arina eta fandangoa. Garai hartan Pello Larrañaga eta Ana Mari Elgarresta nire lehengusuak Lurra taldeko kideak ziren. «Etorri eta ikusi», esan zidaten. Etorri eta ikusi… 44 urte daramatzat Lurran.

Ikusi zenuena gustatu egin zitzaizun, nonbait.
Niretzako, dantza drogarik gogorrena da. Asko gustatzen zait. Etengabe gauza berriak ikasten dituzu, dantzei eta arropei buruz. Gainera, lagun asko egiten dituzu. Konturatu naizenerako, 44 urte pasa dira.

Juanlu-Elgarresta-3Zer dela eta dira horren erakargarriak euskal dantzak?
Euskal kulturaz ari gara. Baina azkenaldian sekulako egurra jasotzen ari gara. Pandemia dela eta, adibidez. Horrek are eta gogo gehiagorekin lan egiteko indarra ematen dit. Edonorekin eztabaidatzeko prest nago: gurea dena aurrera atera behar dugu, bai ala bai. Gure lanarekin jarraitu beharra dugu, jendea euskal dantzen garrantziaz jabetu dadin. Euskal Herriko dantza talde guztiak musu-truk lan egiten ari gara eta gogor borrokatuko dugu hau aurrera ateratzeko. Egia esan, munduaren aurka joatea gogorra da.

Globalizazioak ekarri duen bizimoduaren aurka, aisialdirako eskaintza berrien aurka, zaletasun berrien aurka… borrokatzea gogorra da.
Gaur egun oso zaila da neska-mutikoak erakartzea. Ea Urretxuko jaien ondoren zer gertatzen den. Pandemiaren aurretik haur kopuru polita genuen, baina poliki-poliki geroz eta gutxiago ditugu. Gizartea asko ari da aldatzen. Garai batean gurasoak ondoan genituen. Egun, haurrek eskaintza oso zabala dute eta gurasoek dantza egitera animatzen ez badituzte… Telebistan futbola besterik ez da ikusten. Pandemia garaian ez genuen entseatzeko aukerarik eta telebistan futbol partidak ematen ari ziren! Are gehiago, futbol zelaiak ikusleei ireki zizkieten eta gu oraindik ezin ginen elkartu. Hala, ez da harritzekoa futbol taldeetan geroz eta jokalari gehiago edukitzea eta dantza taldeetan geroz eta dantzari gutxiago egotea. Ea pandemia baino lehenago genuen haur kopurua berreskuratzen dugun. Urretxuko jaien ondoren ikusiko dugu. Egun, 40 haur ditugu. Gurasoen laguntza behar dugu. Anima ditzatela beraien seme-alabak dantza egitera. Bi ordu dira astean. Bestalde, Lurra dantza taldeko ateak adin guztietakoei zabalik daude. 15-16 urtekoak ere etorri daitezke. Baina taberna askotan reggaetoia besterik ez dute jartzen. Ez dut eskatzen egun guztian trikitia jartzea, baina gurea zer? Urtean behin bakarrik? Euskal Jaian bakarrik? Denon artean zulo honetatik atera beharra dugu. Ezin dugu gurea galdu. Ez badugu ezer egiten, dena pikutara joango da. Duela 15 urte, 425 haur genituen. Jaiotze tasa baxuak eragina du, baina ez da hori beherakadaren arrazoi bakarra. Gure lana aintzat hartzea nahi dut. Gure kulturaren alde lan egiten ari gara eta euskara hutsean aritzen gara. Lurra dantza taldean hizkuntzari ere bultzadatxoa ematen diogu.

Gizartea asko aldatu da.
Garai batean astean bi aldiz entseatzen genuen. Eta emanaldi baten aurretik, hiru aldiz. Ez zuen inork kale egiten. Azterketak zituztenean bakarrik.

Zailtasunak zailtasun, giro bikaina duzue.
Uztailean Galizian egon ginen. Zaharrena ni nintzen eta gazteenak 21 urte zituen. Adin oso ezberdinetako lagunak geunden. Dantza talde bati eusteko, giro ona sortzen jakin behar da. Kontua ez da dantza egitea bakarrik. Diru kontuez, jantziez, ekitaldiez… arduratu behar da. Lurran denok denaz arduratzen gara.

Juanlu-Elgarresta-4

«Lurrako kideok Serbian, Italian, Frantzian, Portugalen, Polonian, Alemanian, Hungarian… dantza egin dugu»

«Lurra dantza taldeko kideekin edonora joango nintzateke: babestua sentitzen naiz»

Zer moduz Galizian?
Esteiron egon ginen, A Coruñan. Oso gustura. Inbidia sentitu nuen. Denek galegoz hitz egiten zuten. Hemen ez dut halakorik ikusten. Gainera, primeran portatu ziren gurekin. Halako bidaiak oso ondo daude, baina gogorra da. Ostiral gauean irten ginen Urretxutik, larunbat goizean heldu ginen, larunbat arratsaldean dantza egin genuen eta igande goizean itzuli ginen. Ordu asko autobusean. Irailean Zaragozara joan gara. Jaialdi garrantzitsua da, Nazioarteko Batzordeak antolatu baitu. Bigarrengoz parte hartu dugu, ez da seinale txarra. Ondoren, folklore jaialdia eta herriko jaiak ditugu. Gogorra izango da, baina gustura egingo dugu jendeari euskal dantzak helarazteko.

Askotan egon zarete Euskal Herritik kanpo.
Serbian, Italian, Frantzian, Portugalen, Polonian, Alemanian, Hungarian… Baita Estatu espainiarreko erkidego guztietan ere. Urretxuko folklore jaialdiak 33 urte egingo ditu aurten eta urtero herri batekin trukea egiten dugu. Bidaiatzeko aukera asko ditugu, abuztu osoa Europan eman ahal izango genuke, baina ez gara dantzatik bizi eta senitartekoak eta lagunak zaindu behar ditugu. Gonbidapen bati baiezkoa eman ezin diogunean, Euskal Herriko beste talde bati eskaintzen diogu aukera.

Urretxuko folklore jaialdia aipatu duzu. Zer diozu aurtengo jaialdiari buruz?
Azken 14 urteetan bezala, Euskal Herriko talde bat, Estatu espainiarreko bat eta atzerriko bi gonbidatu ditugu. Euskal Herriko taldeak bertako taldeei herritik ateratzen laguntzeko ekartzen ditugu. Urtero herrialde bateko talde bat ekartzen dugu. Aurten Gipuzkoaren txanda da eta Oñatiko taldea gonbidatu dugu. Oso gustura etorriko dira. Gainontzeko hiru taldeak, Galiziako Esteiro herriko Xeitura, Costa Ricako Grupo Folclorico Costa Rica eta Indiako Shivam Nrutya Cultural Academy dira. Jaialdi ona izango da. Indiako eta Costa Ricako taldeek bideoak bidali dizkigute eta ikuskizun politak egingo dituztela uste dugu. 2020an, Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena zela eta, udalak Uruguaiko eta Argentinako taldeak ekartzea eskatu zigun eta hori zen gure asmoa. Baina jaialdia bertan behera gelditu zen eta aurten ezin izan dugu hango talderik ekarri. Argentinako talde bat etorri behar zen, baina azkenean ez du etortzerik izango.

Jaialdia Gernikako Arbola plazan izango da.
Zalantza handiak ditut. Urretxun ez dugu halako ikuskizunetarako toki egokirik. Gernikako Arbola plazan haizea ibiltzen da eta ikuskizun hauetara adineko jendea joaten da batez ere. Baina Labeaga antzokian ezin da egin eta kiroldegian bero handia egin dezake. Hori dela eta, jaialdia berriro Gernikako Arbolan egitea erabaki dugu. Horretaz gain, folklore azoka eta argazki lehiaketa egongo dira.

Astebete beranduago, Urretxuko Santa Anastasia jaiak ospatuko dira. Zer ari zarete prestatzen Euskal Jaiko desfilerako?
Iruñeko dantzak egingo ditugu. Beti bezala, jantzi berriak estreinatuko ditugu. Eta gogo berria: hiru urte daramatzagu Euskal Jairik egin gabe! Ea zer gertatzen den… Urretxuko gainontzeko kultur taldeekin batera, desfilea goizean egitea proposatu genuen, baina ez da aurrera atera.

Juanlu-Elgarresta-5«Gure lanarekin jarraitu beharra dugu, jendea euskal dantzen garrantziaz jabetu dadin»

«Haurrek oso eskaintza zabala dute eta gurasoek dantza egitera animatzen ez badituzte…»

Zergatik nahi duzue goizean egin?
Kontua ez da karrozak goizean edo karrozak arratsaldean. Ez da karroza desfilea, Euskal Jaiko desfilea baizik. Karrozak, erraldoi txistulari, idi, dantzari… gabe, zer? Eta alderantziz, berdin. Denok gara festaren parte. Jendea ez da karrozak ikustera bakarrik etortzen. Batzuk trikitilariak, txistulariak, dantzariak edo idiak ikustera etortzen dira. Urretxukoa da idiekin egiten den desfile bakarra! Gure asmoa goizean desfilea egitea eta ondoren herri bazkaria egitea zen, erromeria eta guzti. Herri bazkaria, herri bazkaria da. Denentzako bazkaria. Elizondon Baztandarren Biltzarrean egiten denaren modukoa. Egun horretan Urretxun elkartzen diren guztiei irekia. Horrek denei festan parte hartzeko aukera emango lieke. Bertakoei, kanpokoei, kanpoan bizi diren senitartekoak etxera gonbidatzen dituztenei…

Elizondoko Baztandarren Biltzarra izan daiteke eredu?
Egungo ereduarekin, batzuk goizean lo egiten ari diren bitartean, beste batzuk txistua jotzen edo trikitia jotzen ari dira. Idizaleek ere nahiago dute goizez egin, idiak etxera eraman eta gero herri bazkarian parte hartzeko aukera izango bailukete. Txistulari batek denok Baztandarren Biltzarrera joatea proposatu zuen, bertako eredua zein egokia den ikustera.
Desfilea goizez egitearen aurka azaldu direnek, beste eredu batzuk ezagutu beharko lituzkete. Desfilea goizez eginez gero, denok baldintza beretan parte hartuko genuke eta denok izango genuke festaz gozatzeko aukera. Trikitilari batek berarentzat oso egun gogorra izaten zela esaten zidan, egun guztian ez zuela etxekoekin egoteko aukerarik. Hiru karrozagile kuadrilla goizez egiteko prest zeuden eta ni hirurekin ateratzeko prest nengoen.

Urte luzetan jarraitzeko asmoa al duzu?
Lurra dantza taldeko kideekin, edonora joango nintzateke. Babestua sentitzen naiz.

Emakumeek dantza guztiak egitearen alde

JuanluAzken urteetan dantza munduan eman den aldaketetako bat neskak ordura arte mutilenak ziren dantzak egiten hasi direla da. Elgarresta horren alde dago, baina ez dio garrantzi berezirik ematen. «Ez diot duena baino garrantzi handiagorik ematen. Galizian Lurra taldeko neskek mutil dantzak egin zituzten. Naturaltasun osoz. Horrekin ez dugu berdintasunaren aldeko inongo mezurik saldu nahi. Ez dugu nahikoa mutil eta kito».

Garrantzitsuena dantza guztiak bizirik mantentzea dela dio. «Ez du inporta neskek edo mutilek dantza egiten duten. Entsegu guztietara joaten direnak neskak badira, neskek dantza egin dezatela».

Elgarrestak 44 urte daramatza euskal dantzen munduan. Urte asko dira. Hala, dantza guztiak ezagutzen ditu. Dantza kuttun asko ditu. Ezin du bakar bat aukeratu. «Erriberako paloteoak asko gustatzen zaizkit, Otsagabiako dantzak ere bai, Nafarroa Behereko inauteriak… eta Urretxuko sorgin dantza, noski. Hainbeste dantza daude… Denak egin behar dituzu: asko gustatzen zaizkizunak eta baita horrenbeste gustatzen ez zaizkizunak ere. Gustatzen zaizkigunak bakarrik egingo bagenitu, besteak arriskutan jarriko genituzke».

Euskal Herritik kanpo arrakasta gehien duten euskal dantzak, berriz, paloteoak eta Ziekoko dantzak dira. «Dantza munduko jendeak eta dantza mundutik kanpoko jendeak ezberdin baloratzen ditu. Dantza mundutik kanpokoei, kolpeak izugarri gustatzen zaizkie. Odola badago, hobe. Dantza mundukoek, berriz, zoruko teknikak asko baloratzen dituzte», aipatu du urretxuarrak.

Dokumentuaren akzioak