Dokumentuaren akzioak
Kontrasteei bide
Aterballetto Italiako taldearen emanaldiak zabalduko du gaur 15. Maitaldia jaialdia
Balet honekin preseski Hegoaldeko berotasunak izanen du bere lekua, Cantata izeneko ikusgarriaren bitartez bereziki. «Obra biziki italiarra da. Askea, odol berokoa, inprobisatze anitzekin. Dantzariek dantzatzeaz gain, antzerkia egiten dute, baita kantatu ere», dio Bigonzettik. Ororen buru haren ustez, «balet bat baino gehiago, zinezko besta bat da. Nahiz eta batzuetan drama itxura hartzen duen, ironia asko ere bada. Emozio anitz». Dantzarien laguntzeko gainera, musika italiarra zuzenean entzuteko aukera ukanen du publikoak Assurd musika taldeari esker. Napoliko talde honek lekuko kantu tradizionalak emanen ditu. Lau emazteek osatzen duten talde honen indarra izugarria da, Bigonzettiren iritziz. Hegoaldeko emazteak direla, koreografoaren eskualdekoak, aski harro da haietaz: «Italian sinple da. Iparraldeak dirua badu, hegoaldeak du kultura». Han eta hemen emana dutela jada, «ingelesek ere» obra maitatu dutela zehaztu du koreografoak. «Beren itxura gogorra gainditzen lortu du Cantata-k. Edozein gisaz, ikusgarri honek beti funtzionatu du. Bideratzen duen emozioa oso azkarra da». Ikusgarri hau biziki naturala zaio Bigonzettiri: «Italian betidanik nahasi da kantua eta dantza. Zentzu horretan, pixka bat konpara daiteke flamenkoarekin».
Stravinsky eta Mozart, lehen zatian
Cantata-ren ondoan emanen dituen beste dantzak aldiz, ez dira formatu berekoak. Lehen gaualdian adibidez, Igor Stravinskyren Ezteiak ikusgarriak du osatuko lehen zatia. «Hau ere tradizionala da nonbait, errusiar kantu eta dantza tradizionalak izan baitzituen inspirazio iturri Stravinskyk». Ez tradizio berekoa haatik. «Cantata-ri konparatuz, arrunt alderantzizkoa da. Cantata desordena, kaosa eta kolore askoren artean murgiltzen bada, Ezteiak biziki geometrikoak dira. Zuri eta beltza, oso ordenatua den dantza bat da». Ezberdintasun hori bilatzen du justuki koreografoak: «Kontrasteak ditut gustuko. Publikoa emozio ezberdinen aurrean jarri nahi dut, emozio kontrajarriak bizi ditzan. Ezteiak ikusgarriak atentzio berezi bat eskatzen du, kasik erran daiteke tentsio bat sortzen duela». Cantata-n aldiz, publikoa lasaitzen omen da: «Emanaldi batzuetan publikoko batzuk oholtzara igo eta dantzatzen ikusiak ditugu».
Bigarren gaualdian, Cantataren ondoan, Mozarti interesatzea proposatuko du Bigonzettik Wam dantzarekin. Kontrasteak izanen dira beti, baina bestelakoak. «Wam dantza biziki fina da, giro dramatikoan jorratua». Mozarten irudi arras pertsonal bat eskainiko duela zehazten du koreografoak: «Ez da usaiako Mozart. Publikoari izanen da erratea maite duen ala ez». Ikusiko. Miarritzen eskaini aitzin behin bakarrik eman dute, Alemanian. Hasteko itxaropentsu dago Miarritzekoari begira. Lehen aldia da heldu dela bertara Bigonzetti. Bai koreografo bai ikusle bezala. Maitaldia ezagutzen zuen, prentsan irakurritako kritikei esker. Ohoratua sentitzen omen da justuki, bereziki jaialdia zabaltzegatik. Haren arabera, nahiz eta Aterballetto nazioartean ezaguna izan, beti ongi etorriak dira horrelako eskaintzak. Alabaina, Italian dantza azpi kulturatzat dute instituzioek, Bigonzettiren ustez. Operak bakarrik dituzte gustuko. Dantzaren arloan, «kalitatezko eskaintza bada ere, beti borrokatu behar dugu gure lekua segurtatzeko».
Dokumentuaren akzioak